Cerdanek aske uzteko eskatu dio epaileari bigarrenez, «frogarik ez dagoelako»

Defentsak azpimarratu du espetxean egoteko epea amaitu dela eta Cerdani «oinarrizko eskubide ugari urratu» dizkiotela: «Epaitzeko tresnak estrategikoki bortxatu dira ondorio jakin batera iristeko».

Santos Cerdan kartzelan sartu baino egun batzuk lehenago. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Santos Cerdan kartzelan sartu baino egun batzuk lehenago. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
xabier martin
2025eko irailaren 8a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSOEko Antolakuntza idazkari ohi Santos Cerdanek berriro eskatu dio Espainiako Auzitegi Gorenari aske uzteko. Bigarren helegitean, Koldo auzia ikertzen ari den epaileari esan dio kartzelan jarraitzea «konstituzioaren aurkakoa» dela, legezko epea gainditu delako eta «ez dagoelako frogarik» haren aurka. Cerdanen defentsak uste du «halabeharrez» hartu behar luketela Cerdan «berehala» aske uzteko erabakia, epaileak ustelkeriaren hipotesia frogatzeko eman duen epea «eman ahal den handiena» baita. Defentsak azpimarratu du epea bukatu dela, «ez dagoela frogarik», eta Cerdanen aurkako ekinbidean «ez bada aurkakorik frogatzen, oinarrizko eskubide ugari urratu» dizkiotela.

Auzitegi Gorenera igorritako helegitean jaso du defentsak bere iritzia Cerdanen aurkako ekinbideen inguruan: «Epaitzeko tresnak estrategikoki bortxatu dira ondorio jakin batera iristeko, eta, horregatik, egoera larri honi amaiera ematea baino ez da geratzen». Halaber, Cerdanen defentsak helarazi du auzia ez dagoela jada hasierako fase batean, eta kartzelan egoteko neurriak ez duela jada justifikaziorik. Uste du Poliziak denbora nahikoa izan duela ikerketa egonkortzeko, eta izan duela horretarako aukera. Horregatik, Cerdan aske ez egoteak «ez du zentzurik», haren defentsaren arabera.

Uda osoa espetxean

Santos Cerdan ekainaren 30ean sartu zuten Soto del Real espetxean. Espainiako Auzitegi Gorenak uste du frogak deuseztatzeko arriskua dagoela Cerdan aske uzten badu, lekukoak manipulatu ditzakeela, eta ezkutuko funtsak mugitu, ustezko adjudikazioen ustelkeria auziari loturik. Gaur arte, ordea, Guardia Zibilak ez du aurkitu bere txostenak aditzera ematen duena: Cerdanek  diru funts handi bat duela ezkutuan.

Espetxaratu eta gutxira jarri zuten Cerdan aske uzteko lehen helegitea, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen, eta epaileak fidantzarik gabeko kartzela berretsi zuen. Hain zuzen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak lehen helegite hori aztertuko du asteon, PSOEko hirugarren agintaria izan zenaren eskaera tramiterako onartzen duen ala ez erabakitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.