Ceutako migratzaileen kontrako arrazakeria salatu dute Bilbon, eta «interes politiko arrazistak» gaitzetsi

UPNk, PPk eta Voxek elkarretaratzeak egin dituzte 20:00etan, zenbait udaletxeren aurrean; eta ordu berean batu dira mobilizazio horiek arrazistak zirela uste zuten taldeak. Ia hogei gizarte eragilek Bilbon egin dute elkarretaratzea, 19:00etan.

Bilboko Arriaga plazan bildutako hainbat lagun. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko Arriaga plazan bildutako hainbat lagun. ARITZ LOIOLA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko irailaren 2a
20:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta beste hainbat taldek «interes politiko arrazistak» lehenestea leporatu diete «Ceutaren aldeko» elkarretaratzeetara deitu duten alderdi politikoei —besteak beste, PP, Vox eta UPN—. Gizarte eragileek kezkaz hartu dituzte hara iritsitako migratzaileek azkenaldian jasandako erasoak. Besteak beste, lo egiten zuten etxolak erre dituzte erasotzaileek. Horretaz gain, etorkinei laguntza ematen dieten norbanakoei eta kolektiboei jazartzen ari zaizkie. «Halakoak ez dituzte gaitzetsi», aurpegiratu diete alderdi politiko horiei.

Hilabete igaro da milaka migratzaile Ceutara (Espainia) iritsi zirenetik, Marokotik. Bada, gizarte eragileek salatu dute horietako askoren asilo eskaerei oraindik ez dietela «erantzunik eman». Halaber, ohartarazi dute egunek aurrera egin ahala egoera larriagotu egin dela: «Migratzaileen aurkako indarkeria areagotu egin da, baita haiei laguntza ematen dietenen aurkako jazarpena eta erasoak ere».

Gizarte eragileen hitzetan, egoeraren okerragotzea izan da asteazken honetako elkarretaratzera deitzeko arrazoi nagusia: «Edozein gizarte demokratiko lotsatu beharko lukeen egoera bat salatu nahi dugu: tratu txarrak, abandonua, eta gaur egun Ceutan dauden migratzaileak babestu beharko lituzketen legeak ez betetzea», esplikatu dute. Horiek horrela, 19:00etan egin dute elkarretaratzea, Bilboko Arriaga plazan, eta ehunka herritar batu zaizkie. Besteak beste, «inor ez da ilegala», «faxistak gure auzoetatik kanpo» eta «mugak apurtu, zubiak eraiki» oihukatu dute. Hain zuzen, deitzaileen artean izan dira Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma, Manteroekin Bat, SOS Arrazakeria, Gernika-Palestina, Ekologistak Martxan eta KEM-MOC taldeak.

Aurrez aurre

«Ceutaren alde» antolatutako elkarretaratzeen berri bazeukaten gizarte eragileek, haiena antolatu aurretik ere. Hain zuzen, UPNk, PPk eta Voxek 20:00etan jarri dute Hego Euskal Herriko hainbat udaletxeren aurrean elkartzeko ordua, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioari (FEMP) kasu eginez —PPk zuzentzen du—. Besteak beste, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea eta Getxo izan dira haiek aukeratutako lekuak. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Eudelek, ordea, ez dute bat egin mobilizazio horiekin. Iruñean, udalak ere ez du babestu UPNren eta PPren deialdia.

«Ceutaren alde» egindako mobilizazioa, Bilbon. SARITZ LOIOLA / FOKU
«Ceutaren alde» egindako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

«Ceutako hiriari babesa agertzea» izan da elkarretaratze horien helburua. Hainbat alderdik eta gizarte taldek salatu dutenez, ordea, Espainian azken asteetan hedatu den giro arrazista eta eskuin muturrekoarekin bat egiteko egin dituzte mobilizazioak. Horiek horrela, elkarretaratzeak antolatu dituzte «Ceutako krisia baliatu nahi duten mobilizazio faxista eta xenofoboei» aurre egiteko, Ez nahastu etsaiz lelopean.

Hasieran, Ceutaren aldeko elkarretaratzeak ei zirenak eta arrazakeriaren aurkakoak batera eta leku berean egitekoak ziren hainbat herri eta hiritan. Baina horietako batzuen kokapena aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, iritzita segurtasuna ezin zela bermatu. Hala, Bilbon, arrazakeriaren aurkakoak Areatzan elkartu dira, Sendeja kalean; Donostian, berriz, Bulebarrean egin dute protesta; Gasteizen, Plaza Berrian; eta Iruñean, San Frantzisko plazan. Horiek denak ere 20:00etan izan dira.

Irtenbidea

Bilboko 19:00etako mobilizaziora deitu duten gizarte eragileen arabera, Ceutako krisiaren konponbideak «erakundeen erantzun koordinatu bat» izan behar du abiapuntu, behar beste baliabide izan daitezen harrera duina bermatzeko eta penintsularako lekualdatzeak antolatzeko.

Bitartean, egoera okerrera doa Ceutan: esplikatu dutenez, migratzaile asko pilatuta bizi dira hiriko hainbat tokitan. Kalean lo egiten dute edo ezkutatu egin behar dute, itzulketen eta erasoen beldur direlako. «Talde ultra antolatuen indarkeria basatiaren erasoak jasaten ari dira; talde horiek gizatasunik gabe jokatzen dute», gaitzetsi dutenez. Aipatu dute migratzaileetako asko haurrak eta nerabeak direla.

Eragile antifaxistek egindako elkarretaratzea, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eragile antifaxistek egindako elkarretaratzea, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU

Babesgabetasun eta indarkeria egoera horretan, emakumeak eta LGTBI kolektiboko kideak indarkeria matxista jasaten ari dira. Hori gutxi balitz bezala, gizarte eragileek azpimarratu dute harrera baliabideak falta direla: «Edateko ura eta jakiak eskuratzea ez da nahikoa. Milaka pertsona bizi dira onartu ezin ditugun zaurgarritasun baldintzetan».

Horregatik guztiagatik, ohartarazi dute hiriko bizikidetzak okerrera egin duela. «Arrazakeria eta indarkeria ezin dira normalizatu», gehitu dute. Horregatik, eskatu dute harrera baimenen kopurua handitzeko, baita identifikazio, erregistro eta asilo tramiteak arintzeko ere. Penintsularako lekualdaketei dagokienez, horiek lehenbailehen antolatzea galdegin dute. Azkenik, eskatu dute erakundeek beren erantzukizuna onartu eta gizatasunez jokatu dezatela, migratzaile guztien duintasuna eta eskubideak bermatzeko.

Azkenik, gizarte eragileek gogorarazi dute itsasoan 140 lagun baino gehiago hil zirela uztailaren 30ean eta 31n, Ceutara iritsi nahian. «Horietako asko identifikatu gabe lurperatu dituzte», deitoratu dute.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA