Cristina Gonzalezek «turismo arduratsua» garatzeko asmoz hartu du Eusko Jaurlaritzako sailburu kargua

PSE-EEko presidenteak gaur goizean hartu du Imanol Pradalesen gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lema. Javier Hurtado Espainiako Kongresurako zerrendetan doala eta, hark utzitako kargua beteko du Gonzalezek.

Cristina Gonzalezek kargua hartzeko ekitaldia, gaur goizean, Ajuriaenean. IREKIA
Cristina Gonzalezek kargua hartzeko ekitaldia, gaur goizean, Ajuriaenean. IREKIA
kristina martin
2026ko urriaren 21a
11:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cristina Gonzalez Calvar (Gasteiz, 1969) PSE-EEko presidente eta orain arte Arabako foru diputatu izandakoak hartu du Javier Hurtadok Imanol Pradalesen gobernuan utzitako lekua. Gaurtik, beraz, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren burua da Gonzalez. Kargua eskualdatzeko ekitaldia Ajuriaenea jauregian egin dute, gaur goizean goiz. Pradales lehendakariak gidatu du Hurtado kargugabetzeko eta Gonzalez izendatzeko ekitaldia.

EAEko sozialistek azkar mugitu dituzte piezak puzzlea osatzeko. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak urriaren 5ean jakinarazi zuen Espainiako Gorteetarako bozak aurreratuko zituela, eta horrek mugimenduak eragin ditu Hego Euskal Herriko alderdi eta erakundeetan ere. Kasu honetan, PSE-EEk Hurtado —Arabako sozialisten buruzagia— lurralde horretako zerrendaburu aurkeztuko du Madrilgo kongresurako bozetan. Horrek utzitako hutsunea Gonzalezek beteko zuela iragarri zuten hautagaitzaren berri eman eta hurrengo egunean, eta gaur, handik astebetera, kargua hartu du.

Aldi berean, kargu hartze horrek eragina izan du Arabako Foru Aldundian, Cristina Gonzalez 2015etik Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioko diputatua izan baita Ramiro Gonzalez jeltzalearen bi gobernuetan.

Politika Zientzietako eta Soziologiako lizentziaduna da Eusko Jaurlaritzako sailburu berria, UNEDeko irakaslea eta Lezako zinegotzia. Ibilbide politiko luzea du, beti alderdi sozialistaren eskutik. 2007an, Arabako Batzar Nagusietan eserleku bat eskuratu zuen, eta sozialisten bozeramaile ere izan zen 2011tik 2015era bitarte. Eusko Legebiltzarra ere ezagutzen du, 2009tik 2012ra parlamentari aritu baitzen. 2015ean, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren gobernu taldera batu zen, PSE-EEren ordezkari nagusi gisa.

«Turismo arduratsua»

Gonzalezek kargua hartu ostean egindako hitzaldian turismoak eta merkataritzak duten garrantzia nabarmendu du. Hori erakusteko zenbait datu eman ditu: EAEko barne produktu gordinari %18ko ekarpena egiten diote haren gain geratu diren sektoreek, eta enpleguaren %25 inguru hartzen dute. Sektoreotan 248.000 langile baino gehiago ari direla ere azpimarratu du. Legealdiari geratzen zaizkion bi urteetarako zer asmo dituen ere jakinarazi du: «Turismo arduratsua, jasangarria, lehiakorra eta inklusiboa garatzen jarraituko dugu». Merkataritzari dagokionez, agindu du Eusko Jaurlaritzaren babesa izango duela «aurrerapauso kualitatiboa eta kuantitatiboa» egiten laguntzeko.

Azkenik, gogorarazi du datozen hilabeteak «biziak» izango direla. Hartara, Gonzalez buru duen sailean lege berriak prestatzen ari dira, turismoaren eta merkataritza jardueraren arloan, eta Kontsumitzaileen Estatutuaren erregelamenduaren garapenean.

Azaroaren 29ko hauteskundeen ondorioz, baliteke beste aldaketa bat egotea PSE-EEn, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako sozialisten idazkari nagusia bigarren postuan baitago Espainiako Kongresurako zerrendan. Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiko lehen diputatuorde nagusia da Asensio, baita Jasangarritasun diputatua ere. Hautatua balitz, orain dituen karguak utzi beharko lituzke. Madrilera joan edo ez, Asensiok jakinarazi du ez dela Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko lehian izango 2027ko foru hauteskundeetan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA