Protestaren kriminalizazioa

Desobedientzia azpiratu nahi, eta herria batzeko txinparta bihurtu

Gero eta gehiago dira eskubide zibilen alde aritzeagatik prozesu judizialei aurre egin behar izaten diotenak. Hiru elkartasun plataformarekin mintzatu da BERRIA: Aroztegiko Elkartasun Komitea, Azpeitia Errepresioaren Aurka, eta Sopelako 4ekin 1.

Ekintzaile bat, lurra babestearen aldeko mobilizazio batean. BERRIA
Ekintzaile bat, lurra babestearen aldeko mobilizazio batean. BERRIA
Isabel Jaurena.
2026ko otsailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurraren defentsa, Palestinarekiko elkartasuna edo gaztetxeen eta gune okupatuen erresistentzia. Anitz dira azken urteotan Euskal Herrian desobedientzia zibilak hartu dituen formak, eta bertze hainbertze haiek kriminalizatzeko egin diren saiakerak. Protesta eta desobedientzia eskubideak kolokan daude: Poliziaren aldebakarreko ikerketa bat abiapuntu, urte luzeko prozesu judizial bati egin behar izaten diote aurre herritar ugarik. Tokian tokiko plataformen bidez, buru egiten diote kriminalizazioari; desobedientziak, errepresioa ez ezik, elkartasuna ere badakar eta.

Plataforma horietako hirurekin mintzatu da BERRIA: Aroztegiko Elkartasun Komitea, Azpeitia Errepresioaren Aurka, eta Sopelako 4ekin 1. Hiru kasuetan, lekuan lekuko udalen babesa izan dute auzipetuek, protesta jendetsuak antolatu dituzte auzipetuei babesa adierazteko, eta, batez ere, aurrekariak ezar ditzakete herri mugimenduendako. Beldurraren kontakizuna eraikitzeko saio horiek guztiak ikusirik, guztiek argi dute «herri gisa» erantzunen dutela.


Aintzane Ariztegi eta Ruben Oskariz. Aroztegiko Elkartasun Komitea

«Pentsatzen dugu desobedientzia zibilak ondotik dakarrena errepresioa dela soilik, eta horrek anitz mugatzen du ekintza»

Aintzane Ariztegi eta Ruben Oskariz, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak, Lekarozen. IÑIGO URIZ / FOKU
Aintzane Ariztegi eta Ruben Oskariz, Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak, Lekarozen. IÑIGO URIZ / FOKU

Eserialdi baketsu bat eta hondeamakinak, parez pare. Horia. «Ez dira zazpi, herri bat gara». Erraza da 2021eko apirilean Lekarozen egindako Aroztegiko protestak irudikatzea, mugarri izan baitira Euskal Herri osoko herri mugimenduarendako. Aintzane Ariztegi (Lekaroz, Nafarroa, 1998) eta Ruben Oskariz (Elizondo, Nafarroa, 1998) Aroztegiko Elkartasun Komiteko kideak dira, eta, haien irudiko, bada zer ospatu. «Lehen, dena terrorismoa zen, eta, talde kriminalaren akusazioa onartuz gero, posible litzateke dena talde kriminal izendatzea. Epaiketaren bueltan adierazi genuen gisara, hori egozteak aurrekari judizial latz bat sortuko zukeen, zeinak berekin ekar zezakeen zaku horretan sartzea hemendik aitzineko desobedientzia zibila erabiltzen duen kolektibo oro», esplikatu du Ariztegik.

Desobedientzia zibil baketsuagatik, hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isuna eskatu zituzten zazpi herritarrendako; eta ez hori bakarrik: 43 milioi euroko kalte ordaina eskatzeko aukera ere hortxe zuen akusazioak. Epaileak, baina, bertan behera utzi du akusazio hori. Kartzela zigorrik ez dute izango, baina milaka euroko kalte ordaina eta 62.000 euroko isuna ordaindu beharko dituzte. Zehazki, 2021eko apirilean egin zituzten Aroztegiko protestak, Lekarozen (Baztan, Nafarroa), obrak geldiarazteko: Palacio de Arozteguia SM enpresaren proiektu urbanistikoari aurre egiteko batu ziren herritarrak, enpresa sustatzaileak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi zituelako Lekarozen (350 biztanle).

Komitearen irudiko, absolbitzea da epai justu bakarra. Zigor ekonomikoa, errepresioaren bertze aurpegi bat izatetik urrun, aurpegi bera dela zehaztu du Oskarizek. «Talde kriminalaren akusazioak ez zeukan inongo oinarri errealik, eta zigor ekonomikoa izan da zazpi herritarrek nahitaez irentsi beharreko ordaina», gehitu du. Argi du auzia bera «bidegabea» izan dela, hasi eta buka, eta, hortaz, «herri gisa» erantzunen diotela zigor ekonomikoari.

Gaur abiatu dute elkartasun kanpaina: «Helburua 70.000 euro biltzea da, zigor ekonomikoa eta epaiketaren gastuak estaltzeko». Herritarrei dei egin diete kanpainarekin bat egitera, eta ahal duten moduan laguntzera. Halaber, «eskerrik beroenak» eman dizkiote bortz urteotan ondoan izan dituztenei.

Izan ere, elkartasunak ez du etenik izan, eta bi kideak sinetsita daude Euskal Herriak zigorrarekin erakutsi duen desadostasunak lagundu duela azken emaitzan. Gaur urtebete, erraterako, 18.000 lagun bildu ziren Iruñean, Aroztegikoen aldeko manifestazioan. «Autonomoki antolatu zen haran bateko herritar talde bat bertzerik ez ginen ekintza horren gibelean lanean, eta, hala ere, Euskal Herriko hamaika txokotatik jaso genuen elkartasuna. Herria epaituenganako elkartasunez ari zela erakutsi genuen, baita zigor eskaeraren neurrigabekeria salatu ere», oroitu du Oskarizek.

Herritar talde horrek prozesu judizial luzeetara bideratu behar izan du militantziaren lana urteetan. Horrek ondorioak dituela badakien arren, Ariztegik nabarmendu du Aroztegiko erresistentziak batasuna ekarri duela Baztanen herri mugimenduko kideen artean. «Anitzetan pentsatzen dugu desobedientzia zibilak ondotik dakarrena errepresioa dela soilik, eta horrek ekintza anitz mugatzen duelakoan nago. Errepresioa egon badago, noski, eta gu horren lekuko gara. Baina gurea bezalako egoerek pentsamendu hori iraultzeko balio dezakete». Are, Aroztegikoa izan da, haren erranetan, «lehen lozorroan zeuden hainbat lanketa eta gune berpizteko txinparta».

UGEPa indarrean

Zazpien absoluzioa ez ezik, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana behin betiko bertan uztea ere galdegin dute bortz urteotan —2039 bitarteko epea du—. Izan ere, horrek baldintzak sortzen ditu obrak berriz ere martxan jartzeko, Ariztegik erran duenez. «Hala ere, Palacio de Arozteguia SMk Nafarroako eta Espainiako gobernuei 43 milioi euro eskatu dizkie kalte ordainetan, haren erranetan ezin izan duelako proiektua garatu, segurtasun indarren babes faltagatik. Horrek aditzera ematen du eraikiz eta salduz lortu nahi zuten sosa bertze bide batetik lortu nahian dabiltzala, denona den diru publikotik. Erokeria da, hasi eta buka», adierazi du Ariztegik.

Ildo horretatik, instituzioekiko kritiko mintzatu da Ariztegi, Nafarroako Gobernuak «inposatu» zuelako proiektua, UGEP bidez, «baztandarren borondatearen gainetik». Baztango Udalak ere «rol zentrala» betetzen duela gehitu du, baina nabarmendu hori izan dela «herritarren ahotsa plazaratu duen instituzio bakarra». «Enpresaburuek bertatik deus ere lortu ezin zutela ikusita, gobernuko lagunengana jo, eta haiek behar zituzten neurriak eman zizkieten gure lurretan nahi zuten makroproiektua inposatzeko», borobildu du.

Plan hori aski ez, eta proiektuaren sustatzaileek ebatzitakoa ez onartzea erabaki dute, eta bide judizialean segitzea. Oskarizek adierazi du akusazioak oraindik ez duela Espainiako Auzitegi Gorenera jo, baina hori dela «aukerarik ziurrena»: «Bai baitakigu enpresak talde kriminalaren akusazioa behar duela Nafarroako Gobernuarekin irekita duen auzia irabazi eta kalte ordainak eskuratzeko. Egoera ez da ohikoa, baina horretantxe dago afera».

Zer gertatuko den argitu artean, lozorroan zeuden lanketa eta gune batzuei ekinen diete. Kriminalizazio saiakera ororen gainetik, nekez atzenduko baitu herri horrek kolore horia hartu duen mugarri bat; elkartasun taldekoek ohartarazi dutenez, Aroztegikoak ez baitira zazpi, herri bat baizik.


Eider Agirre Garate eta Xuban Salegi Odriozola. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako kideak

«Errepresioaren aurka mota guztietako bitartekoak garatu behar ditugu, kaleko mobilizazioa neutralizatua izan ez dadin»

(ID_15721508) (Andoni Canellada/@FOKU) 2026-01-26, Azpeitia. Azpeitia Errepresioaren Aurka plataformako bi kide
Eider Agirre Garate eta Xuban Salegi Odriozola, Azpeitian. ANDONI CANELLADA / FOKU

43 auzipetu, bi prozesu judizial eta herri bat. Elementu horiek bat egiten dute Azpeitia Errepresioaren Aurka plataforman. Joan den urte hondarrean sortu zuten, bi auziri elkarrekin erantzuteko: Vox alderdiak 2024ko apirilean Azpeitian (Gipuzkoa) egindako agerraldi baten kontra protesta egin zuten herritarrek, eta haietako hogeik epailearen aitzinean deklaratu behar izan dute; iazko udan herriko gaztetxearen hogeigarren urteurrenaren bueltan sortutako istiluen harira, berriz, bertze 23 gazte ikertzen ari dira. Biak «errepresio kasu argiak» direla sinetsita daude Eider Agirre Garate (Azpeitia, 1996) eta Xuban Salegi Odriozola (Azpeitia, 1997) plataformako kideak. «Estatuarentzat funtzio politiko argi bat betetzen dute biek, are gehiago estatuak autoritarismorantz egiten ari diren garai honetan», ebatzi du Salegik.

Agirrek zehaztu du hiru aldarri dituela plataformak ardatz: «Jazarpen eta presio poliziala gaitzetsi, beldurra eta desmobilizazioa sortzea helburu duten azpijoko mediatikoak eta kriminalizazio kanpainak salatu, eta estatuak faxismoarekin duen konplizitatea eta antifaxisten aurkako errepresio sistematikoa seinalatu».

Bi kasu badira ere, ardatz horiek bi auzietan identifika daitezkeela gehitu du Agirrek. Voxen kontrako protesten kasuan, adibidez, «errepresioa argia» da: «Faxismoaren aurka mobilizatzen den orori mezu bat helarazi nahi diote: ‘Mugitzen bazarete, zigorra jasoko duzue’». Iazko kasuari dagokionez, berriz, ez dute uste kasualitatea denik gaztetxearen urteurrenean gertatu izana, «ehunka gazte inguru politizatu batean biltzen diren egitarauan». «Gaztetxeko urteurreneko gertakarien eta horren harira sortutako azpijoko mediatikoaren bidez, zera lortu nahi dute, gazteria antolatuaren irudi desitxuratu bat sortzea, gazteengan desmobilizazioa eragiteko», zehaztu du Agirrek.

Protesten kriminalizazioa aski ez, eta kasuen judizializazioari ere aurre egin behar izan diote 43 auzipetuek. Militantziaren indarra urteetan prozesu judizialetara bideratu behar izatea ere errepresioaren seinaletzat baitute. Erraterako, 2024an izan ziren Voxen kontrako protestak, eta auzia alderdi horrek berak jarritako salaketek abiatu zuten: herritarrek deklarazioak egin dituzte dagoeneko, baina alderdiarenak falta dira instrukzio fasea betetzeko. Hortaz, fiskaltzaren erabakia edo zigor eskaerak iristeko zain daude oraindik.

Iazko istiluen auzian, berriz, oraindik ez dute guztiek deklaratu: aste honetan egon dira hainbat gazte epaitegian, eta otsail hondarrean deklaratuko dute gainerakoek. «Pertsona horien kontrako ikerketak bertan behera uzteko exijitu dugu hasieratik, eta horixe berresten dugu», adierazi du Agirrek.

Kriminalizazio kanpaina

Bigarren auziak joko du luzeen, dirudienez. Gazteei desordena publikoen delitua eta agintaritzako agenteen kontrako atentatua leporatzen dizkiete; haiek, ordea, «azpijokoa» izan zela salatu dute. Zergatik? Egun osoan egon zelako Polizia «liskarrak sortzeko zain», Salegik erran duenez: «Pilen poto batean arkatzez margotu, eta sekulako operazi poliziala eta jazarpena egin zuten minutu gutxian: prestatua zegoen dena». Eta gero «azpijoko mediatikoa» etorri zela salatu du, batez ere Espainiako hedabideen aldetik: «Esan zuten 60 pertsona sartu ginela komisariara, indarrez eta kaputxak jarrita». Eta hor ikusten du Agirrek «antolakuntza politikoa eta kaleko mobilizazioa estigmatu eta kriminalizatzeko» ahalegina.

Are, Salegik nabarmendu du «EAJk udan hasi eta oraindik aste hauetan ikusten den kriminalizazio kanpaina bati hasiera emateko» baliatu zituela gertakari haiek: «Gazteak eta gertakariak instrumentalizatu nahi ditu kriminalizazio kanpaina baten bitartez, errepresioa justifikatu eta boto gehiago lortzeko».

Herritarrek ez dutela sinetsi eta auzipetuen alde daudela uste dute. Iazko abenduaren hondarrean, mobilizazio bat egin zuten haiei babesa erakusteko, eta Azpeitian azken urteetan egindako mobilizazio jendetsuena izan zela gogoratu dute. «Gure jardun politikoak erakutsi du auzipetuek babes sozial handia dutela, eta epaitegietatik pasatu behar izateak ez duela ez hanka ez bururik», gehitu du Salegik.

Agirrek eskerrak eman dizkie herritarrei, plataforma sortu zenetik jasotako babesagatik. «Kasuek luze jo dezakete, eta, beraz, beharrezkoa dugu klase elkartasuna antolatzen jarraitzea, eta errepresioaren aurka mota guztietako bitartekoak garatzea; besteak beste, kaleko mobilizazioa neutralizatua izan ez dadin».

Errepresio forma berriak

Izan ere, errepresioa ez da berria, baina sinetsita daude forma berriak hartzen ari dela: «Egungo krisi testuinguruak eskatzen duenera egokitzen» ari dela, eta «joera autoritarioen» parte dela, Agirrek erran duenez. «Estatua, faxismoa babestu, eta instituzioetatik kanpo antolatzen diren mugimendu politikoak kriminalizatzen ari da azken urteotan», zehaztu du. Gogora ekarri ditu Aroztegiko zazpiak «talde kriminal gisa izendatzeko mehatxuak», armen erabilera eta «errepresio administratiboa».

Mozal legea ere izan du hizpide Agirrek, eta erran du ezen, araua bertan behera uzteko promesa egin bazuten ere, alderdiek ez dutela horretarako pausorik eman. «Poliziak inpunitate osoz jarraitzen du erreprimitzen, eta mobilizatzen den oro ekonomikoki itotzen ere saiatzen da».

Alderdi politikoei buruz kritiko mintzatu da Salegi, erranez ezen, faxismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari den garai honetan, horri aurre egiteko «ezintasun nabarmena» dutela: «Faxismoaren mehatxua erabiltzen dute boza eskatzeko, baina autoritarismoa haien eskutik etorri da. Erakutsi dute haien formula ez dela baliagarria faxismoa eta autoritarismoa gelditzeko». Horren kontra, antolatzeko deia egin du plataformak.

Sopelako 4ekin 1 plataforma.

«Gu guztion eskubide politikoak auzitan jartzen dituen amarru polizial berri honi aurre egiteko mobilizatu gara»

Sopelako 4ekin 1 plataformak deitutako manifestazioa gaur, Sopelan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES
Sopelako 4ekin 1 plataformak deitutako manifestazioa gaur, Sopelan. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES

Absoluzioa. Horixe izan zen atzo Sopelako (Bizkaia) kaleetan barna gehien errepikatu zen aldarria; lau sopeloztarren absoluzioa, zehazki. Guztira 32 urteko espetxe zigorra eta 112.400 euroko isuna eskatzen dute haiendako, joko areto baten kontrako ekintza batzuetan parte hartzea egotzita. Iragan azaroan eman zuten horren berri, eta atzo egin zuten manifestazioa, Sopelako 4ekin 1 plataformak antolatuta. Lau herritarrak «amarru polizial baten biktima» direla salatu zuten Izpine Bidaurrazagak eta Joseba Ugaldek, plataformako kideek, manifestazioaren aitzinetik; «haiek izutzeko asmoz martxan jarria, frogarik gabe», gehitu zuten.

Manifestazioa hasi baino lehenagotik jende andana bildu zen herriko udaletxe plazaren aitzinean, lau auzipetuen aldeko banderolak eskuan eta kamisetak soinean. Joare hotsen erritmoan abiatu zen manifestazioa, 12:30ak aldera. Plaza gibelean utzita, Akilino Arriola kalerantz jo zuten, eta Iberre kalean behera egin zuten gero. Manifestariak maldan behera zihoazela, Absoluzioa irakur zitekeen pankarta handi bat zabaldu zuen ekintzaile talde batek; hain zen handia, ezen zubiaren azpiko belardi osoa tapatu baitzuen. Zalapartatsua izan zen manifestazioa, hasi eta buka, eta lau sopeloztarren aldeko elkartasun oihuek ez zuten etenik izan ibilbide osoan. 

Guardasola eskuan eta kaputxa buruan, Urgitxieta plazara iritsi zen jende oldea: txaloek, txistuek eta joare soinuek hartu zuten plaza. Zazpi herritar igo ziren oholtzara gero, eta auzipetuekin bat egiteko zazpi aldarri ekarri zituzten gogora: «Militantzia ez delako delitua; errepresioaren aurka gaudelako; guztiok interpelatzen gaituelako; herriaren babesa daukatelako; etorkizuna jokoan dagoelako; urteetako amesgaizto hau amaitu nahi dugulako; ozen esaten dugu, entzun dezatela, ez dugulako onartzen absoluzioa ez den besterik».

/uploads/s1/81/54/35/9/ef-891766-15736311_27_645x430.jpeg

Baina horiek ez ziren izan manifestazioan aditu ziren doinu bakarrak: Leihotikan taldearen Etorkizuna ginenean abestia jo zuten bi lagunek, han bildutako milaka pertsonen txaloen artean. 

Horren ostean, plataformako kideek hartu zuten hitza: «Isilarazi nahi gaituen eta gu guztion eskubide politikoak auzitan jartzen dituen amarru polizial honi aurre egiteko mobilizatu gara», erran zuten. 2021ean Espainiako Poliziak herriko lau lagun atxilo hartu zituela gogoratu zuten, eta horrek eman ziola hasiera gaur egun arte dirauen «amesgaizto errepresiboari». «Auzi honek, gainontzeko jazarpen auzi guztiek bezala, herritarrak beldurtzeko funtzioa betetzen du. Gisa honetako auzien atzean jendarte justuago baten alde lan egin nahi duen oro beldurtzeko nahia ezkutatzen da. Finean, gu guztiok isilarazi eta desmobilizatzea baino ez dute helburu», adierazi zuten. 

Gogoratu zutenez, 2020. eta 2021. urteak «bereziki mugituak» izan ziren herrian, bi proiekturen kontrako herri dinamikak baitzeuden martxan: batetik, eraikitze lanetan zen supermerkatu baten kontra, eta, bertzetik, joko areto baten aurka. Horrez gain, herriko Udaltzaingoaren eta zenbait gazteren artean «gatazka nabarmena» zegoen, plataformako kideek esplikatu zutenez. Are, salatu zuten «oso jarrera bortitza» izan zutela udaltzainek, herritarrei «modu jarraituan» jazartzeaz gain gazte bat jipoitu ere egin zutela eta. 

Testuinguru horretan, gazte batek bi udaltzain salatu zituen, «modu irregularrean» atxilotu zutelako; eta, maiatzean, bi poliziari behin-behinean neurri bat ezarri zieten: soldata eta enplegua eten zieten. «Aldi berean, joko aretoko jabeak protesta ekintzen harira salaketak aurkeztu zituen, baina inor identifikatu barik. Halere, maiatzean berriz ere deklaratu zuen, eta, kasualitatez, momentu hartan gai izan zen lau herritar identifikatzeko. Laurak herri mugimenduan oso aktiboak izandakoak; haien artean, salaketa aurkeztu zuen gaztea», erran zuten. Orduan jarri zen martxan «lau herritarren kontrako operazioa», taldearen erranetan. Esaldia akitu orduko txaloka hasi ziren herritarrak, lauren absoluzioa eskatuz. 

Irakurtzen segitu zuten bi hizlariek, eta salatu «ahulak» direla lau herritarren kontrako forgak, auzia birritan artxibatua izan delako, eta, gainera, fiskala auzitik erretiratu delako. Halere, akusazioak zigor eskaerei eutsi die, eta kasuak aurrera segitzen du. Gehitu zuten epaiketa datorren astean zutela, baina gibelatu dietela eta ez dutela bertze datarik, eta horrek «presioa eta segurtasun falta» areagotu dituela auzipetuen artean. 

Bertaratutakoei lau herritarrak babesteko deia egin zieten, eta gogoratu zuten gaur zortzi Plentzian (Bizkaia) auzipetuak babesteko saioa eginen dutela, baita kontzertuak ere. «Gaur haiek dira euren bizitza epaitegi batean jokoan dutenak, baina bihar zu izan zaitezke, edo ni. Horregatik, argi utzi nahi dugu, nahiz eta prozesuan askotariko gorabeherak egon, guk ez dugula etsiko; borrokan eta elkartasun olatua handitzen jarraituko dugu absoluzioa lortu arte». Esaldiaren bukaera aditzeko astirik gabe, lauren absoluzioa eskatu zuen jende oldeak. Eta oihu eta txalo artean eman zioten akabera mobilizazioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.