Donostiako erdialdea emisio gutxiko eremu bihurtuko da datorren urtean

2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, ibilgailu motordun kutsagarrienen joan-etorria debekatuko du udalak Donostiako erdialdean, airearen kalitatea hobetzeko eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko. 2028an debekua zorroztuko dute.

Donostiako emisio gutxiko eremua. BERRIA
Donostiako emisio gutxiko eremua. BERRIA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko maiatzaren 9a
14:30
Entzun

Donostiako Udalak datorren astean onartuko ditu 2024-2029 aldirako mugikortasun plana eta emisio gutxiko eremuaren behin betiko proiektua; orduan hasiko dira hori arautuko duen ordenantza tramitatzen. Beraz, Donostiako Udalaren asmoa zera da, hiriaren erdialdea 2025eko urtarrilaren 1ean bihurtzea emisio gutxiko eremu. Ordutik aurrera debekatuko du udalak ibilgailu motordun kutsagarrienen joan-etorria, eta 2028an zorroztu egingo du debekua. Olatz Iartza Mugikortasun zinegotziak eta Juantxo Marrero Ekologiakoak nabarmendu dutenez, neurriaren helburuak airearen kalitatea hobetzea, emisio kutsatzaileak murriztea, herritarren osasuna babestea eta klima aldaketaren ondorioak arintzea dira, besteak beste.

Iruñea da orain arte Euskal Herrian emisio gutxiko eremu bat indarrean duen hiri bakarra —alde zaharra sarbide kontrolatuko eremua da—, eta Bilboko Udalak asteon iragarri du ekainaren 15etik aurrera sarrera mugatua izango dutela gehien kutsatzen duten ibilgailuek. Hurrengoa Donostia izango da, eta ozta-ozta beteko du Espainiako Gobernuaren agindua. Izan ere, EB Europako Batasunak onartutako zuzentarauei jarraituta, Frantziako eta Espainiako legediek gisa horretako eremuak eratzeko agindu dute, eta Hego Euskal Herrian joan den urterako behar zuten indarrean. Dena den, Moncloak bi aldiz atzeratu du legeak zehaztutako epemuga, eta 2025. urtea hasterako emisio gutxiko eremuak izan behar dituzte 50.000 biztanle baino gehiagoko hiriek. Donostia da horietako bat.

Gipuzkoako hiriburuan iazko abenduan aurkeztu zuten emisio gutxiko eremuaren behin-behineko proiektua, eta parte hartze prozesu baten ostean aurkeztu dute gaur behin betikoa. 42 alegazio jaso dituzte, eta batzuk onartu ditu udal gobernuak. Esaterako, eremua pixka bat zabaldu dute. Emisio gutxiko eremua Parte Zaharretik Araba parkeraino hedatuko da, eta erdigunea eta San Roke hartuko ditu. Alegazioen ondorioz, portuko moilak eta Arbaizenea ingurua ere eremuaren parte izango dira.

Bi fasetan

Emisio gutxiko eremua bi fasetan sartuko da indarrean. Lehen fasean, 2027a amaitu bitarte, ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuei debekatuko zaie eremura sartzea. Bigarren fasean, 2028tik aurrera, B etiketa dutenak ere ezingo dira sartu. 0, Eko edo C etiketadunek soilik izango dute baimena.

Irizpide orokor horrek salbuespenak izango ditu, eta udalak aurreikusten du baimen batzuk ematea: besteak beste, eremu barruko bizilagunentzat, profesionalentzat eta desgaitasunen bat dutenentzat. Beste salbuespen bat gehitu dute alegazio bat aintzat hartu ostean: 70 urte baino gehiago dituzten bizilagunak salbuetsita egongo dira.

Horrez gain, herritarrek baimen bereziak eskuratzeko aukera ere izango dute, horretarako arrazoi justifikatu bat badago. Atzerriko matrikula duten ibilgailuen jabeek, berriz, erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute hirira iritsi aurretik, ibilgailuaren datuak, antzinatasuna, matrikulazio data eta jabearen izena adierazita.

Ongizatea hobetzeko

Hirietako ongizatea hobetzea eta klima larrialdiari aurre egitea dute helburu emisio gutxiko eremuek. Gaur egun, errepideko garraioak sortua da munduan atmosferara isurtzen den karbono dioxidoaren %15. Emisio horiek gutxitu beharra dago Lurraren berotzea ahalik eta gehien apaltzeko. Baina, karbonoaz gain, trafikoak beste gai kutsagarri batzuk ere askatzen ditu, eta horrek hirietako aire kalitateari eragiten dio zuzenean. EBren arabera, 240.000 heriotza goiztiar inguru eragin zituen aire kutsadurak 2021ean, blokeko herrialdeetan. Hau da, trafiko istripuek eragindako heriotzak halako hamabi. Kutsadura akustikoa gutxitzea da beste helburuetako bat. Finean, herritarren bizi kalitatea eta osasuna hobetzea.

Hego Euskal Herrian, 50.000 biztanletik gorako hiriek ezarri beharko dituzte. Zazpi dira: Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Donostia, Barakaldo (Bizkaia), Getxo (Bizkaia) eta Irun (Gipuzkoa). Iruñekoa martxan dago, eta Bilbon ekainaren 15ean jarriko dute neurria indarrean. A etiketa dutenentzat edo etiketarik ez dutenentzat izango du eragina, eta B katalogazioa duten autoentzako murrizketak urtebete barru sartuko dira indarrean.

Gasteizek ez du emisio gutxiko eremua sortzeko proiekturik aurkeztu, baina diseinatzeko lanean ari da. Parte-hartze prozesu bat hasi zuen azaroan, eta herritarren eta gizarte eragileen 127 proposamen bildu ditu eremuak izan beharko lukeen funtzionamenduari buruz.

Legedia betetzeko gehiago falta zaie Barakaldori, Getxori eta Iruni. Oraindik ez dute aurkeztu emisio gutxiko eremua ezartzeko proposamenik. Atzerapena dela eta, Espainiako arartekoa Barakaldo eta estatuko beste 32 hiri ikertzen hasi zen azaroan.

Frantziako Gobernuak 150.000 biztanle baino gehiagoko hiri aglomerazioei ezarri die egitekoa. Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak ikerketa bat hasi zuen apirilean, Lapurdiko kostaldeko trafikoaren ezaugarriak identifikatzeko. Emaitzetan oinarrituta ekingo die emisio gutxiko eremua diseinatzeko lanei. Logikoena da Baionak, Miarritzek eta Angeluk osatzen duten hirigunean kokatzea emisio gutxiko eremua.

ekologistek, alegazioak

Ekologistak Martxan-ek adierazi du alegazio batzuk aurkeztu zizkiola Bilbon emisio gutxiko eremua ezartzeko proiektuari, eta ez duela udalaren erantzunik jaso. Emisio gutxiko eremua ezartzea ontzat jo du taldeak, baina nabarmendu du ibilgailu pribatuen erabilera murrizteko neurriak ere hartu beharko lituzketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.