Donostiako eta Irungo (Gipuzkoa) abiadura handiko trenaren (AHT) geltokiak «maiatza eta uztaila bitarterako» prest egongo direla berretsi du Jose Antonio Santano Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkariak. Zehazki, azaldu du Donostiakoa maiatzerako egongo dela prest, eta Irungoa ekainerako edo uztailerako.
Santanok aldirietako C5 linea berriaren aurkezpenean azaldu ditu AHTaren nondik norakoak, eta nabarmendu obrak «oso ondo» doazela. AHTaren Gipuzkoako katenaria jartzen ari direla esan du, eta gehitu adar horretan trenbidea muntatu ahal izango dutela Donostiako Martuteneko geltokiaren ondoko basea esleitzen dutenean.
Adierazi du, gainera, ez dagoela berririk euskal Y-a eta Nafarroako AHTa Ezkion (Gipuzkoa) edo Gasteizen lotzearen inguruan. Iazko uztailean adierazi zuen «beharbada 2026ko udaberrirako» erabakiko zutela lotunea non izango den.