Negua hasi ere ez da egin oraindik, baina tenperatura hotzak kalean bizi diren pertsona batzuk hil ditu azken asteetan. Gaur goizean hil da azkena; Ertzaintzak 09:10ean jaso du abisua, baina larrialdi zerbitzuek ezin izan dute ezer egin gizonaren bizia salbatzeko. Gipuzkoako hiriburuko Easo plazako kioskoan jazo da. Hori dela eta, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Saretxek eta Harrera Sareak antolatuta, Easo plazan elkarretaratzea egingo dute 18:30ean, gaur goizean jazotako heriotza salatzeko.
Horrez gain, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Kontseilu Sozialistak mobilizazio bat antolatu dute San Tomas egunerako; hau da iganderako. Protesta 12:30ean hasiko dute, Bulebarrean. Izan ere, gaurko heriotzaz gain, sindikatuak jakin du azaroaren 20an beste etxegabe bat hil zela Gipuzkoako hiriburuan. Salatu dute Donostiako Udalak eta gizarte zerbitzuek bazekitela hori baina ez zutela informazioa zabaldu, eta zer gertatu zen argitzeko eskatu diote udalari: «Zer gertatu zen, zergatik ez duten heriotza horren berri eman eta zergatik utzi duen Udalak —edo zergatik jardun duen— heriotza hori isilarazten».
Ikusi gehiago
Donostiako udaletxearen atzealdean goizean egin duten agerraldi baten bidez iragarri dute protestarako deialdia. Azaldu dutenez, azken hilabetean bi etxegabe hil dira Donostian. Heriotza horiek deitoratzeaz gain, salatuko dute Donostiako Udalak ez duela inolako proposamenik egin halakorik berriz gerta ez dadin. Protestara deitu dutenen iritziz, horren erakusgarri da Martutene auzoan abandonatuta dagoen eskola batetik 110 etxegabe bota izana duela gutxi. Horregatik mobilizazioaren leloa: Kapitalisten Donostiaren eta pobreziaren aurka, etxebizitza denontzat. Sindikatuaren eta kontseiluaren ustez, heriotza horiek ez dira naturalak, «hilketak baizik».
Kritikak alkate berriari
Donostiak alkate berria du, Jon Insausti jeltzalea, hamar urteren ostean Eneko Goiak kargua utzi eta gero. Bada, mobilizazioaren deitzaileek uste dute alkate berriak «etengabe» kriminalizatu dituela etxerik gabekoak, eta gehitu dute horrek «bidea ireki» diela sare sozialen bidez antolatzen diren plataforma «erreakzionarioei», «ideia klasistak eta arrazistak» normalizatu baitira.
Egoera okerrera egiten ari dela nabarmendu dute gainera: «Etxebizitzaren prezioen ondorioz milaka herritarrek Donostiatik alde egin behar izan dute, bostehun pertsona baino gehiago kalean bizi dira, eta urtero kalean bizi den norbaiten heriotza salatu behar dugu. Bitartean, erakundeek gizarte zerbitzuak murrizten dituzte eta beren etxebizitza politiken ondorioak ezkutatzen dituzte. Donostian, langile klase antolatua gehiago borrokatzen da pobreziaren kontra udala baino».