Babacar Welleren hilketa salatu eta gizonarentzako «justizia» eskatzeko, dozenaka lagunek osaturiko manifestazioak bete ditu Hondarribiko (Gipuzkoa) erdialdeko kaleak. Welle, senegaldar jatorriko 46 urteko gizona, herriko udaltzain batek hil zuen tiroz astelehenean. Hondarribiko Udalaren txosteanren arabera, Welle «labana batekin ertzain baten aurka oldartzen ari zen» tiroak jaso zituenean, eta hori ekiditeko tiro egin zion udaltzainak, eta hala hil zuen.
Ikusi gehiago
«Denok gara Babacar. Krimen gehiagorik ez» eslogana euskaraz eta woloferaz ageri zuen kartelaren atzean abiatu da gaur manifestazioa, Hondarribiko Martxoak 8 plazatik, arratsaldeko 17:30ean. Manko Senegal elkarteak deitu du protesta; herriko senegaldar jatorrikoen komunitatea ordezkatzen du elkarte horrek. Manifestazioaren buruz, komunitate horretako kide ugari bildu dira, askok Welleren erretratua eskuan zutela.
Ikusi gehiago
Hondarribiko senegaldarren komunitateko kide ugarik arrantzaren sektorean lan egiten dute, eta ezin izan zuten asteartean Welleren hilketa salatzeko egin zen lehen manifestazioan parte hartu, ontzietan lanean baitzebiltzan. Arrazoi horrengatik deitu du bigarren manifestaziora Manko Senegal elkarteak.
«Mina» eta dolua
Plazatik, manifestariak Welleren hilketa gertatu zen biribilgunera abiatu dira. Han eserialdia egin dute, baita otoitz egin ere, eta loreak jarri dituzte Welleren argazki baten ondoan. Horren ostean, hainbat manifestarik Txoria txori kantatzeari ekin diote, hildakoaren omenez.
Binta Sarrek, Manko Senegal elkartearen bozeramaileak, «justizia» eskatu du Wellerentzat. Sarren ustez, Welleren hilketa «saihestu zitekeen», eta tiro egin zion agenteak Welle menderatu zezakeen hura hil gabe: «Esaterako, izterrean tiro eginda». Asteazkenean, Hondarribiko Udalak jakinarazi zuen agentea kargutik kendu zuela.
Welleren «abandonua» ere salatu du Sarrek. «Mundu guztiak zekien buruko arazoak zituela, baita Poliziak ere, eta bere lekua ez zen kalea, zentro egokitu bat baizik».