Dozenaka lagunek Babacar Welleren hilketa salatu dute Hondarribian egindako manifestazioan

Hondarribiko komunitate senegaldarra ordezkatzen duen Manko Senegal elkarteko bozeramaileak «justizia» eskatu du hildakoarentzat.

Hondarribiko senegaldarrak, gaurko manifestazioan. JUAN HERRERO / EFE
Hondarribiko senegaldarrak, gaurko manifestazioan. JUAN HERRERO / EFE
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko urriaren 3a
19:33
Entzun 00:00:00 00:00:00

Babacar Welleren hilketa salatu eta harentzat «justizia» eskatzeko, dozenaka lagunek osaturiko manifestazioak bete ditu Hondarribiko (Gipuzkoa) erdialdeko kaleak. Senegalgoa zen Welle, eta herriko udaltzain batek hil zuen tiroz astelehenean, 46 urte zituela. Hondarribiko Udalaren txostenaren arabera, Welle «labana batez ertzain bati oldartu zitzaionean» tirokatu zuen udaltzainak, erasoa eragozteko asmoz, eta hala hil zuen.

Denok gara Babacar. Krimen gehiagorik ez leloa euskaraz eta woloferaz ageri zuen kartelaren atzean abiatu da gaur manifestazioa, Hondarribiko Martxoak 8 plazatik, 17:30ean. Hondarribiko komunitate senegaldarra ordezkatzen du Manko Senegal elkarteak, eta talde horrek deitu du protestara. Manifestazioaren buruan, komunitate horretako kide ugari bildu dira, askok Welleren erretratua eskuan zutela. 

Senegaldar ugarik lan egiten dute arrantzaren sektorean Hondarribian, eta asteartean ezin izan zuten Welleren hilketa salatzeko egin zen lehen manifestazioan parte hartu, ontzietan lanean baitzebiltzan. Arrazoi horrengatik deitu du bigarren manifestaziora Manko Senegal elkarteak. 

«Mina» eta dolua

Manifestariak plazatik Welleren hilketa gertatu zen biribilgunera abiatu dira. Han eserialdia egin dute, baita otoitz egin ere, eta loreak jarri dituzte Welleren argazki baten ondoan. Horren ostean, hainbat manifestarik Txoria txori kantatzeari ekin diote, hildakoaren omenez. 

Binta Sarrek, Manko Senegal elkartearen bozeramaileak, «justizia» eskatu du Wellerentzat. Sarreren ustez, Welleren hilketa «eragotz zitekeen», eta tiro egin zion agenteak Welle menderatu zezakeen hura hil gabe: «Esaterako, izterrean tiro eginda». Asteazkenean, Hondarribiko Udalak jakinarazi zuen agentea kargutik kendu zuela.

Welleren «abandonua» ere salatu du Sarrek. «Mundu guztiak zekien buruko arazoak zituela, baita Poliziak ere, eta haren lekua ez zen kalea, zentro egokitu bat baizik».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA