Hondarribian Babacar Weleri tiro egin zion udaltzaina kargutik kendu dute

Euspel sindikatuak bere gain hartu du poliziaren defentsa, eta «babes osoa» azaldu dio. Zupiriak esan du «arrisku handiko» egoera bat izan zela, eta epaitegiak ebatzi beharko duela auziaz.

Atzo arratsaldean Hondarribian egindako agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU
Atzo arratsaldean Hondarribian egindako agerraldia. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 30a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lanpostutik kendu dute Hondarribian (Gipuzkoa) Babacar Wele senegaldarra tiroz hil zuen udaltzaina. Iturri sindikalek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, arauzko arma ere kendu diote. Era berean, gehitu dute ez dela «diziplina» erabaki bat izan, halako gertaera baten ondorengo ohiko prozeduraren parte baizik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, berriz, auzia «tentuz» jorratzeko eskatu du, eta nabarmendu «arrisku handiko» egoera bat izan zela.

Astelehen arratsaldean, Segurtasun Sailak jakinarazi zuen arma zuri bat zeraman 46 urteko gizonezko bat hil zuela udaltzain batek Hondarribian, tiroz. Gizonezkoak buruko osasun arazoak zituen, eta mehatxu egin zien inguruko ostatu batean zeudenei. Horren berri izatean, Ertzaintzako eta Hondarribiko Udaltzaingoko agenteak bertaratu ziren, eta saiatu ziren «gizonak jarrera alda zezan». Sailaren esanetan, baina, ertzain bati erasotzen saiatu zen, eta orduan udaltzainak tiro egin zion; hiru tiro egin zituen.

Orain, Euspel sindikatuak hartu du polizia horren defentsa juridikoa, eta sindikatu korporatiboak «babes osoa» azaldu dio, argudiatuta «lankide baten bizia salbatu» zuela. Hala, udalak egin bezala, sindikatuak ere arreta psikologikoa eskaini dio udaltzainari. Era berean, sindikatu horretako ordezkariek azaldu dute hura lanetik kendu izana protokolo kontua dela, eta poliziei oporrak, baimen egunak edo baja hartzeko aukera ematen zaiela halako gertaerak izan ondoren. Dena dela, ez dute zehaztu zer formula erabili duten oraingo honetan. Pistola, berriz, epaitegiaren esku geratuko da, ikerketari dagozkion azterketa forentseak egiteko.

Astelehenean bertan, Ertzaintzak hartu zuen ikerketaren ardura, eta haren esku dago, instrukzio judizialari bide eman aurretik. Instrukzio hori Irungo epaitegiak egingo du, Zupiriak azaldu duenez, eta gehitu du hark argitu beharko duela legez kanpoko zerbait jazo ote zen ekintza hartan.

Zupiriak doluminak eman dizkie Weleren familiari eta senegaldar komunitateari, eta asteleheneko jazoeren inguruko azalpen gutxi batzuk ere bai. Sailburuaren hitzetan, «arrisku handiko» egoera bat izan zen, eta horri erantzun zioten agenteek: «Ez Udaltzaingoak eta ez Ertzaintzak ezin dute utzi pertsona bat hiri erdigunean jendea mehatxatzen ibil dadin, eta arrisku handiko egoerak sortzen». Hala, uste du poliziek «euren formakuntzak eta prestakuntzak adierazten duenaren arabera» jardun zutela.

Ardura instituzionala

Euspelek bat egin du atzo Igor Enparan alkateak egindako hitz batzuekin. Biek ala biek diote erakundeek «huts egin» dutela. Enparanek gehiago ere adierazi zuen, ordea. Alkatearen hitzetan, «oso egoera zaurgarrian» zegoen Babacar Wele, eta gehitu zuen «eragotz zitekeen gertakari bat» izan zela astelehenekoa: «Gizarte bezala, ez gara gai izan egoera honi aurre egiteko; erakundeen arteko koordinazio handiagoa behar da».

Hitz horien interpretazio kritikoa egin du, baina, Erne sindikatuak, eta Enparanen dimisioa eskatu du. «Udaleko arduradun politiko nagusia ezin da mugatu nahigabea adieraztera, berak aitortu ostean eragotz zitekeela». Erneren hitzetan, operazioan parte hartu zuten poliziak «egoera bereziki zailean» jarri ditu «jazoera dramatiko» horrek, baina eragotz zitekeen «erantzun asistentzial eta instituzional» egoki batekin.

Jazoerak eragin nabarmena izan du Hondarribian, eta atzo arratsaldean elkarretaratze jendetsu bat egin zuten, udalerriko senegaldar komunitateak bultzatuta. Hartan, adierazi zuten egoerari aurre egiteko «beste modu bat» behar zela. Hala, haserrea eta samina azaldu zituzten, eta zalantzan jarri zuten Eusko Jaurlaritzaren bertsioa ere.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA