Arartekoak Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio atxilotuen jatorria «funtsezkoa» denean baino ez argitaratzeko

Ertzaintza iazko urrian hasi zen atxilotuen jatorriari buruzko datuak ematen. Hori dela eta, ofiziozko jarduketa abiatzea erabaki zuen EAEko Arartekoak.

Ertzaintza bi gazte lurrean atxikitzen, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ertzaintza bi gazte lurrean atxikitzen, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 17a
15:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAEko Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatu dio «kasu bakoitza banaka» azter dezala, Ertzaintzaren prentsa oharretan atxilotutako pertsonen eta delituen biktimen jatorriari buruzko datuak argitaratzea beharrezkoa den ala ez erabakitzeko. Horiek horrela, datu hori «funtsezkoa» denean baino ez argitaratzeko gomendatu dio; besteak beste, «garrantzizko informazio bat testuinguruan kokatzeko, estereotipoen eta estigmatizazioaren aurka borrokatzeko, eta informazio faltsuei aurre egiteko».

Ertzaintza iazko urrian hasi zen atxilotuen jatorriari buruzko datuak jakinarazten bere prentsa oharretan, eta Mikel Manzisidor buru duen Arartekoaren bulegoak azaroan abiatu zuen horri buruzko ofiziozko jarduketa. Bada, ostiral honetan argitaratu dute horren ebazpena.

Besteak beste, Segurtasun Sailak emandako hainbat txosten aztertu ditu Arartekoak: Ertzaintzak pauso hori emateko arrazoiak azaltzen dira txostenetan. Idazkien arabera, Bingen Zupiria buru duen sailak uste du «gardentasunez» eta «informaziorako eskubidea bermatuz» jokatzen ari direla atxilotuen jatorriari buruzko datuak emanez, «eragin sozial handiko gai bat baita».

Era berean, Segurtasun Sailak «uste osoa» du horren bitartez «komunitate jakin batzuen estigmatizazioa eragozten» ari direla. Haien iritziz, neurri horrek «erakundeak eta hedabideetako profesionalak behartuko ditu datu horiek arduraz erabiltzera, eta arrazakeriari eta kriminalizazioari bide ez emateko konpromisoa indartuko du».

Argudio horiek aztertu ondoren, Arartekoak ebatzi du kriminalitateari eta jatorriari buruzko datuak ematea «beharrezkoa» izan daitekeela «politika publikoak aztertzeko eta garatzeko». Datu horiek publikoak dira beste testuinguru batzuetan, hala nola Eusko Legebiltzarrean, alderdi politikoek eskatuta. Ordezkari politikoen bitartez iristen ziren datu horiek hedabideetara, Arartekoaren hitzetan, Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri ematen hasi baino lehen.

«Justifikaziorik gabeko interpretazioak»

Hala ere, Arartekoaren bulegoak ohartarazi du datu horiek «testuingurutik kanpo» zabaltzen badira arriskua dagoela «jatorriaren eta delinkuentziaren artean justifikaziorik gabeko interpretazioak eta asoziazioak egiteko».

Hori dela eta, Segurtasun Sailari gomendatu dio «kasu bakoitza banaka» aztertzeko «eraginpean dauden interesak eta eskubideak» zeintzuk diren jakiteko, informazio hori zabaldu aurretik. «Datu horiek argitaratzeko aukera hutsak ez du zertan justifikatu prentsa ohar guztietan zabaltzea», azpimarratu du Arartekoak.

Horiek horrela, erabaki hori «kasu jakin batzuetara» mugatzea gomendatu du: «Atxilotuen, ikertutakoen eta delituen biktimen jatorria ezagutzea funtsezkoa denean garrantzizko edo garrantzi publikoko informazio bat —interes orokorrekoa delako— testuinguruan kokatzeko; datu hori argitaratzea egokia denean estereotipoen eta estigmatizazioaren aurka borrokatzeko; edo beste helburu legitimo batzuk lortzen laguntzen duenean, hala nola informazio faltsuei aurre egitea edo gizarte demokratiko batean informazioaren kalitatea sustatzea».

Gai horri buruz Arartekoak plazaratzen duen bigarrena da ebazpen hori. Duela hamar urte baino gehiago argitaratutakoak gomendio zehatzagoa jasotzen zuen: nazionalitateari buruzko erreferentziak ez aipatzearen alde egiten zuen, «ez baitira behar-beharrezkoak informazio osoa ulertzeko». Ordutik aurrera Ertzaintzak ez zuen horrelakorik argitaratu, iazko urrian irizpidea aldatu zuten arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA