Otsailean EAEko ararteko karguaz jabetu zenetik, lehen agerraldi publikoa egin du gaur Mikel Manzisidorrek: erakundearen iazko txostenaren berri eman du Eusko Legebiltzarrean, bere lantaldeak lagunduta. Txostenak neurri handi batean aurreko arduradunen lana jasotzen du, hala nola Manuel Lezertua aurreko arartekoarena, eta, beraz, txostenaren ondorioak bere egin dituen arren, Manzisidorrek ez du dokumentuari buruzko galderarik erantzun nahi izan. Euskaraz eta gazteleraz aletu ditu txostenaren datuak.
Ikusi gehiago
Jakinarazi duenez, tramitatutako kexa kopururik handiena (%13,89) gizarteratzeari dagokio —DSBE diru sarrerak bermatzeko errentarekin eta gizarte bazterkeria pairatzen dutenentzako prestazioekin zerikusia dute kexa gehienek—, eta, atzetik, osasungintzaren funtzionamendu okerrari buruzkoak daude (%10,56), hezkuntzari buruzkoak (%7,62), eta etxebizitzari dagozkionak (%6,58).
Iaz, kexen tramitazioan metodologia aldaketak egin zituen Arartekoak, eta horrek zaildu egiten du datuen bilakaera konparatzea. Arartekoaren hiru bulegoek herritarrei emandako hasierako arretan eta orientazioan, 13.008 jarduketa erregistratu ziren, eta horietatik 3.617 espediente bideratu. Horrez gain, ofizioz hamabi jardunbide abiatu zituen instituzioak berak.
Hamar erreklamaziotik bost Eusko Jaurlaritzaren aurkakoak izan ziren, eta hamarretik hiru, udalen aurkakoak. Erakundeek, oro har, aintzat hartu zituzten Arartekoaren errekerimenduak; hala izan zen kasuen %93,12tan.
1
Gizarte laguntzak
Gizarte prestazioen kudeaketari dagokionez, Arartekoak kritikatu egin du Lanbidek 2025ean egindako aldaketa bat. Izan ere, «izaera soziala» zuen itzulketa sistema bat indargabetu zuen, eta, horren ordez, diru kopuru handiagoak deskontatzen hasi zen hileroko prestazioetatik. Aldaketaren aurretik, jasotako zenbateko horiek pixkanaka itzultzen ziren —hilean 30 euro inguruko kenketekin—, baina aldaketaz geroztik, kaltetuek askoz kopuru handiagoak itzuli behar dituzte. Prozedura hori izan da Arartekoak iaz diru sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistemari buruz jaso dituen kexa askoren jatorria. Zehazki, arlo horretan irekitako 443 kexa espedienteetatik 67k prozedura horrekin zuten zerikusia.
Arartekoko idazkari nagusi Jose Luis Iparragirrek azpimarratu du neurri horiek berez diru sarrera baxuak dituzten pertsonengan eragiten dutela, eta aldaketek «zaurgarritasun egoera areagotzen» dutela. Gai horren inguruan ikerketa prozedura bat zabalik dagoela ere baieztatu du, eta ondorioak aurrerago plazaratuko direla.
2
Osasuna
Osakidetzaren funtzionamenduari buruzko kexak itxaron-zerrendei dagozkie batez ere; zehazki, Osakidetzarekin lotuta tramitatutako espediente guztien %32k dute zerikusia itxaron-zerrendekin. Txostenak dioenez, iaz nabarmen egin zuten gora lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko lehen kontsultetarako edo bigarren mailako kontsultetarako itxaron-zerrendek, bai eta proba diagnostiko eta ebakuntza kirurgiko jakin batzuetarako ere. Atzerapen horiek «atsekabea» sorrarazi zuten gizartean, txostenaren arabera.
Osakidetzak argitaratutako itxaron-zerrendei erreparatu die Arartekoak datuek okerrera egin dutela erakusteko: 2025eko azaroaren 29an, 24.103 paziente zeuden ebakuntzetarako itxaron-zerrendan —2024an, 23.805—; 125.653 paziente espezialistarekin kontsulta baten zain zeuden —2024an, 125.618 ziren—, eta 67.141 proba diagnostiko baten zain zeuden —2024an, 62.225—.Â
Batez besteko atzerapenari dagokionez, hiru kategorietako bik okerrera egin dute. Zehazki, atzerapena 54,19 egunekoa da ebakuntza baterako —52,63 egunekoa zen duela urtebete—; 56,54 egunekoa kontsultetarako —58,05 egun duela urtebete—, eta 42,23 egunekoa proba diagnostikoetarako —37,42 egun duela hamabi hilabete—.
Lehen mailako arretari buruz jasotako kexei dagokienez, gehienek zerikusia dute osasun zentro batzuetako osasun langile eskasiarekin; bereziki, familiako mediku eta pediatra gabeziarekin. Bigarren mailako arretari edo arreta espezializatuari dagokionez, kexa gehienak traumatologia, errehabilitazio, urologia eta oftalmologiako espezialitateetan izan dira, bai eta proba diagnostikoetan ere, bereziki erresonantzia magnetikoetan.
Arartekoarentzat, «bereziki kezkagarria» da Basurtuko ospitaleko (Bilbo) oinaren eta belaunaren unitateen egoera; izan ere, ia kasu guztietan, lehen kontsultetarako eta ondorengoetarako itxaronaldia hamabi hilabetetik gorakoa da, eta hemezortzi hilabetekoa ere izan daiteke. Kezkagarritzat jo du, halaber, Basurtuko ospitaleko traumatologia zerbitzuak erregistratzen duen itxaron-zerrenda kirurgikoa, batez beste urtebetetik gorakoa baita. Bestalde, Arartekoak ohartarazi du oraindik ere bere horretan jarraitzen duela Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) Genero Identitatearen Unitatearen «gainkargak», eta ebakuntzaren zain daudenen itxaron-zerrenda bi urtetik gorakoa dela kasu askotan.
3
Etxebizitza
2025ean, guztira 210 kexa jaso ziren etxebizitza arloan, hau da, Arartekoak tramitatutako kexa guztien %6,58. Babes publikoko etxebizitza bat eskuratzeak eragin zituen, beste urte batez ere, arlo horretako erreklamazio gehienak. Gainera, Arartekoak egiaztatu du goranzko joera izan dutela etxe «duin eta egokia» izateko eskubide subjektiboari dagozkion kexek eta etxebizitzaren arloko laguntza ekonomikoek, hala nola etxebizitzarako prestazio ekonomikoak eta Gaztelagun programan jasotakoek.
Aurten, aurreko urteetan bezalaxe, herritar askok jo dute Arartekora alokairu sozialeko etxebizitza bat eskuratzeko ezintasunagatik; zehazki udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak ez diotelako behar bezala erantzuten beren eskaerari. Jasotako erreklamazio gehienek diote urte asko eman dituztela Etxebiden izena emanda, baina ezin izan dutela etxebizitzarik eskuratu, eta diru sarrera urriek ez dietela aukerarik ematen etxerik erosteko.
Txostenean agerian jarri dute alokairuko etxebizitzaren parke publikoa ez dela nahikoa, gero eta herritar gehiagok «zailtasunak» dituztela etxe duin eta «egokia» eskuratzeko, eta horrek eragin zuzena duela beste eskubide batzuetan. Arartekoak gai horietan izandako esku hartzeen argitan, ondoriozta daiteke etxebizitza, gaur egun, kezka iturririk handienetako bat dela, eta «egiturazko arazoa» dela familia eta talde askorentzat.
4
Hezkuntza
Iaz, guztira 243 kexa jaso zituen Arartekoak hezkuntza arloan, hau da, guztien %7,62. Kexa ugari jaso zituen zaurgarritasunari eta eskola bereizketari administrazioak emandako erantzuna dela eta. Hala, eskola mapa eta hezkuntza plangintzaren garapenari, ikasleak onartzeko prozesuei eta ikastetxeen, ikasleen eta familien premietarako laguntzari buruzko kexak jaso zituen. Bereziki, zerikusia zuten premia bereziak dituzten ikasleen arreta emateko baliabideekin, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren zerbitzuen partetik —Berritzeguneak, Hezkuntza Ikuskaritza, lurralde ordezkaritzak, eta abar— dagoen informazio eta gardentasun faltarekin.
Era berean, gora egin zuten gai hauekin zerikusia duten kexek: ikasgelak ixtearekin, hezkuntza plangintzarako eta hezkuntzarako euskal zerbitzu publikoa ematen duten ikastegietan duen eraginarekin eta ikastetxeak ixtearekin.
5
Udal errolda
Udal erroldari buruzko kexei dagokienez, Arartekoak ohartarazi du «zailtasunak» daudela errolda erregistrora sartzeko, udal batzuek eskakizun gehigarriak ezarri dituztelako errolda inskripzioa egin ahal izateko, nahiz eta halakorik ez dagoen aurreikusita araudian.
Jasotako kexak aztertuta, zera ondorioztatu du erakundeak: udal batzuek araudia aplikatzeko duten moduak «oztopo larriak» jartzen dizkiela nortasun agiririk ez duten eskatzaileei eta etxebizitzaren titulu juridikoa aurkeztu ezin dutenei.
Udal erroldan inskribatzeak garrantzi handia du hainbat eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kultural eskuratzeko, eta instituzioak azpimarratu du tramitazioaren epe luzeak «kaltegarriak» izaten direla eskubide horiek eskuratu nahi dituenarentzat.
6
Segurtasuna
Herritarren eskubideei dagokien arloan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila eta Bilboko Udala izan dira kexa gehien jaso duten administrazioak. Gasteizko eta Donostiako udalek eta beste udal batzuek ere jaso dituzte kexak, baina neurri txikiagoan. Aurreko urteetan bezala, iaz tramitatu diren kexa gehienak Poliziaren jardunari buruzkoak izan dira, hala nola barne ikerketarik ezari, indarraren gehiegizko erabilerari, eta tratu desegoki edo arrazistari buruzkoak.
Arartekoak esku hartu izanaren ondorioz iaz bideratu ziren kexa gehienetan, administrazioek ez zuten neurri zuzentzailerik hartu.
Â