2022. urteaz geroztik, Arartekoak aldiro adierazi dio kezka Eusko Legebiltzarrari, poliziek ez dutelako euskarazko arreta bermatzen. Urte hartan bertan, Eusko Legebiltzarrerako txostenean, erakundeak ohartarazi zuen kexa batzuek eredu bera zutela: Poliziari arreta euskaraz ematea eskatzeak «tentsio edo gatazka» egoerak sortzen zituela.
Ikusi gehiago
Gisa horretako zenbait kasu jaso dituzte iazko txostenean. Horra horietako bat: iazko urtarrilean, herritar batek salatu zuen ertzain batek ez zuela euskaraz artatu gaizki aparkatuta zegoen ibilgailu baten berri emateko Galdakaoko (Bizkaia) ertzain etxera deitu zuenean. Herritarrak adierazi zuenez, hasieratik arreta euskaraz jaso nahi zuela adierazi bazuen ere, ertzaina gaztelaniaz hitz egiten tematu zen. Kexa aurkeztu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak onartu zuen herritar horri euskaraz komunikatzeko duen eskubidea urratu zitzaiola.
Beste adibide bat: irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko (Bizkaia) udaltzain batek ez zuela euskaraz artatu nahi izan, eta behin eta berriro eutsi zion jarrera horri. Salaketak jasotzen duenez, hasieran, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz baino ez zizkion eman, herritarraren hizkuntza eskubideak urratuz.
Arartekoak informazioa eskatu zion Erandioko Udalari, eta horrek aitortu zuen zailtasunak zeudela euskaraz artatzeko, epai judizial batek Poliziako plantillan hizkuntza eskakizun jakin batzuen derrigortasuna kendu baitzuen. Hala ere, txostenak agerian uzten duenez, agente gehienek akreditazio nahikoa badute arreta euskaraz eman ahal izateko; horiek horrela, Arartekoak ondorioztatu du araudia eta protokoloak ez zirela eraginkortasunez aplikatu.
Gomendio gisa, zera esan du Arartekoak: Poliziaren hizkuntza protokoloak hobetu eta ezarri behar direla, eta, horrekin batera, agenteei berariazko prestakuntza eman behar zaiela hizkuntza eskubideei buruz.