EAEko landa eremuko gazteen erdiek beren udalerrian emantzipatu nahi dute

Soilik %6,7k nahiagoko lukete hiri batean emantzipatu, eta laurden batek funtsezkoa du familiaren laguntza. Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak egindako 'Emantzipazioa begiratzen' txostenean bildu dituzte halako datuak.

'Emantzipazioa begiratzen' txostenaren aurkezpena, gaur goizean, Urduñan. IREKIA
'Emantzipazioa begiratzen' txostenaren aurkezpena, gaur goizean, Urduñan. IREKIA
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko maiatzaren 11
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela hilabete Soziometroak argi erakutsi zuen: gaur egun etxebizitza da gizartearen buruhauste nagusia (%57), lan merkatuaren (%47) eta osasungintzaren (%26) aurretik. Hego Euskal Herriko hiriburu guztiak tentsio eremu izendatuta daude iazko urritik, eta, han justu hilabete horretan Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztutako txostenaren arabera, EAEko gazteek soldataren %64 erabili behar dute hipoteka ordaintzeko, eta, 34 urtez azpikoen artean, soilik heren batek egin du alde familiaren etxetik. Beraz, nahiko agerikoa da gazteek zailtasun nabarmenak dituztela hirietan bizitzeko. Bada, gaur Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak aurkeztutako Emantzipazioa begiratzen txostenaren emaitzek agerian utzi dute landa eremuko gazteen %6,7 direla hiri batean emantzipatu nahi dutenak, eta erdiek baino zertxobait gehiagok —%51,9k— beren herrian bertan geratu nahi dutela. Txostenean bildutakoaren arabera, landa eremuan emantzipatzeko oztopo nagusiak hauek dira: etxebizitza bera eskuratzeko zailtasunak, lan aukeren eskasia, aisia eta kultura alternatibarik ez izatea, eta oinarrizko zerbitzuen eskasia.

Datuak argiak dira: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa eremuko gazteak oro har hartuta, %51,9k beren udalerrian emantzipatu nahi dute, %20,7k inguruko eta antzeko ezaugarriak dituen herriren batean, eta soilik %6,7k hiri batean. Txostenaren aurkezpenean adierazi dute ikerlanak zalantzan ipini duela landa guneko gazteek beren ingurunearekin loturarik ez dutelako ideia. Are, Nerea Melgosa sailburuak nabarmendu duenez, interpretatu behar da datu horiek emantzipazio politiketan lurralde ikuspegia txertatzeko «dei bat» direla. 

Jarraian, landa eremuetan emantzipatzeko zailtasunak zerrendatu dituzte: etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik ez izatea (%91,8), eremu horretako enplegu eskasia (58,2); aisialdirako eta kultura kontsumitzeko alternatibarik ez izatea (%21,6), eta oinarrizko zerbitzuen eskasia (%19,7). Azaldu dutenez, landa eremuan emantzipatzeko orduan nabarmen eragiten dute beste hainbat faktorek ere: ibilgailu pribatuaren mende egoteak, garraio publikoaren maiztasun urriak, eta oinarrizko zerbitzuetarako distantziak dakartzan kostu ekonomiko eta logistikoak.

Melgosak adierazi du landa eremuan lan bat izateak ez duela bermatzen etxebizitza bat eskuratu ahal izatea, eta familien laguntza «funtsezko» elementua dela oraindik ere: inkestatuen erdiei baino gehiagori «asko» laguntzen die familiak, eta %27,4ri «dezente». Bide horretan, txostenean ohartarazi dute baldin eta emantzipatzeko aukera familia bakoitzaren laguntzeko gaitasunean oinarritzen bada arriskua dagoela «desberdintasunak» sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE