Osakidetzako emaginek ez dute grebarik egingo ekainaren 17tik uztailaren 2ra arteko bederatzi egunetan. EAEko SATSE erizainen sindikatuak bertan behera utzi du greba deialdia, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi aurrerago grebarik egingo ez dutenik. Mobilizazioak egingo dituzte berriro, «benetako konponbiderik ez badago». Hala gertatuko balitz, ez dute baztertu emaginak greba mugagabera deitzea.
Iragan astean jakinarazi zuten greba egiteko asmoa, emakumeen osasun arretan dagoen «narriadura» salatzeko eta profesional faltari aurre egiteko egiturazko irtenbideak eskatzeko. Emaginek bederatzi egunetan egin behar zuten greba: ekainaren 17an, 18an, 23an, 24an, 25ean eta 30ean, eta uztailaren 1ean eta 2an. Greba deialdia Gurutzetako ospitaleko eta Barrualde-Galdakaoko (Bizkaia) ESI erakunde sanitario integratuko emaginek sustatu zuten, SATSEren babesarekin.
Zer aldatu da iragan astetik aste honetara? Osakidetzarekin hitz egin dutela eta urriaren 5ean bilera bat egitea hitzartu dutela, emaginen eta Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko ordezkarien artean. Erizainen sindikatuak zehaztu du greba bertan behera uzteko erabakia «elkarrizketa luze eta gogorren» ostean hartu dutela. SATSErentzat urriaren 5eko bilera «erabakigarria» da ikusteko «ea Osakidetzak benetako borondatea duen Osakidetzako emagin faltaren egiturazko arazoa konpontzeko edo, aitzitik, egoera kroniko bihurtzen jarraituko duen». Horretarako, banan-banan aztertuko dituzte emaginen eskaera guztiak eta «Osakidetzak hartutako konpromisoen betetze maila».
«Eszeptikoa»
SATSE «eszeptikoa» da, zaila iruditzen zaiolako Osakidetzak hartutako konpromisoak «neurri zehatz eta eraginkor bihurtzea». Osakidetzari ohartarazi dio «konpromiso sendoak eta egiturazko irtenbideak» behar dituela, ez direla konformatuko «iragarpenekin eta hitz onekin»: «Emaginek urteak daramatzate beren egoera jasanezina dela salatzen». Greba bertan behera utzita ere, gatazka eta arazoa ez dira desagertuko, SATSEren arabera.
Emaginen egoerak eragin zuzena du emakumeen osasunean: SATSEk salatu du EAEn emagin bat dagoela 2.600 emakume baino gehiagorentzat, «eta horrek zaildu egiten du arreta egokia ematea, bai lehen arretan, bai ospitaleetan». Erizainen sindikatuak nabarmendu du emaginek «funtsezko eginkizuna» dutela haurdunaldietan, erditzeetan, erdiondoan, edoskitzean, sexu eta ugalketa osasunean, gaixotasunen prebentzioan, menopausian edo indarkeria matxista atzematen.