PSE-EEk ez du nahi Eusko Legebiltzarrak Madrili eskatzea Martxoaren 3ko sarraskiaren erantzukizuna aitortzeko

Jaurlaritza osatzen duten alderdiak ez datoz bat estatuari erantzukizuna aitortu dezala eskatzerako orduan. Zuzenketa bana aurkeztu diote EH Bilduk eta Sumarrek aurkeztutako legez besteko proposamenari: alde ageri da EAJ; PSE-EE, aldiz, ez.

Maider Etxebarria, Fernando Martinez eta Marisol Garmendia, 2020an Martxoaren 3ko biktimei egindako lore eskaintzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Maider Etxebarria, Fernando Martinez eta Marisol Garmendia, 2020an Martxoaren 3ko biktimei egindako lore eskaintzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko otsailaren 11
15:16
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoak 3 elkarteak, Sanferminak 78 Gogoan elkartearekin batera, Estatua erantzule izeneko kanpaina abiatu zuen iaz. Aurtengo urtarrilean, berriz, Sumarrek eta EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean, kanpaina horrekin bat egiteko eta estatuari eskatzeko aitortu dezala gertakari horietan erantzukizuna duela. Gainerako alderdiek gaur aurkeztu dizkiote zuzenketak proposamenari, eta agerikoa izan da desadostasuna Jaurlaritza osatzen duten alderdien artean —EAJ eta PSE-EE—. Izan ere, PSE-EEren zuzenketan ez da ageri estatuak erantzukizuna aitortzeko eskerik; EAJrenean, aldiz, bai.

Aipaturiko kanpaina hori helburu argi batekin jaio zen: Espainiako Estatuari eskatzea aitortu zezala Martxoaren 3ko sarraskian eta Iruñeko 1978ko sanferminetan jazotako gertaeretan izan zuen «erantzukizun nagusi eta zuzena». Horretarako, «maila gorenean adierazpen ofizial bat» egiteko eskatu zieten Martxoak 3 eta Sanferminak 78 elkarteek Espainiako Gobernuari eta haren presidenteari, baita Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko exijitu ere. Sumarrek eta EH Bilduk aurkezturiko legez besteko proposamenak asmo horiekin bat egiten zuen, baina PSE-EEk aurkezturiko zuzenketan ez da ageri estatuari inolako aitortzarik egin dezan eskatzeko aukerarik. Horren ordez, proposatu dute Eusko Legebiltzarrak zera eskatzea: Martxoaren 3ko sarraskiaren kondena berresteko, Zaramagako San Frantzisko elizan memoriala eraikitzeari sostengua adierazteko eta Espainiako Diputatuen Kongresuan Sekretu Ofizialaren Legearen erreforma bultzatzeko.

Ia berbera da EAJk aurkeztu duen zuzenketa, baina alde nabarmen bat du: jeltzaleen proposamenean, legebiltzarrak Espainiako Gobernuari eskatuko lioke «aitor dezala estatuak erantzukizun nagusi eta zuzena duela 1976ko martxoaren 3an eta 1978ko sanferminetan egindako krimenetan». Sozialistek ez dute bat egin eskaera horrekin, eta haien zuzenketan ez dago 1978ko sanferminetako gertakarien aipamenik, Sumarrek eta EH Bilduk aurkezturiko proposamenean eta EAJren zuzenketan ez bezala.

Izan ere, otsailaren 2an Arabako Batzar Nagusietako lehendakaritza batzordeak Martxoaren 3ari buruz onarturiko mozioaren oso antzekoa da PSE-EEren zuzenketa: biktimei sostengua adierazi zieten batzar nagusiek, baita San Frantziskon memoriala eraikitzeari ere, eta Kongresuari Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko eskatu zioten. Mozio horretan, ordea, ez zen aipatzen estatuak erantzukizuna aitortzearen inguruko eskaerarik. Legez besteko proposamenak ez du oraindik bide osoa egin, eta bada oraindik aldaketarako tartea legebiltzarreko osoko bilkuran bozkatu arte, baina baliteke EAJk eta PSE-EEk azkenaldian izan duten ezadostasun segidaren hurrengo atala izatea hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.