Etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurriei buruzko legea tramiterako onartu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, lege proposamena eztabaidatu eta bozkatu ostean. EAJk eta PSE-EEk, mozioaren bultzatzaileek, ez dute beste inor konbentzitu; EH Bilduk eta Sumarrek aurka bozkatu dute, eta Alderdi Popularra eta Vox abstenitu egin dira. Halere, jeltzaleen eta sozialisten artean gehiengoa osatzen dutenez, aurrera egin du proposamenak, eta lege bilakatuko da urte bukaerarako.
EH Bilduren ustez, legeak ez du konponduko etxebizitzaren arazoa. Xabier Astigarraga bozeramaileak ohartarazi du okerra dela sinestea etxebizitzen merkatua «ezin hobeto» funtzionatzen ari dela eta etxe libreen eskaintza handituta prezioek behera egingo dutela. Merkatuan esku hartu behar dela azpimarratu du, besteak beste, baina legeak ez duela horretarako biderik ematen: «Eraikuntza sektorearen interesei bakarrik erantzuten die, eta ez die aurre egiten edukitzaile handiei».
Jon Hernandez Sumarreko bozeramailea ere bide beretik mintzatu da: «Legea bankuen eta higiezinen sustatzaileen bulegoetan idatzi dute, haien interes espekulatiboen alde egiteko, nahiz eta etxea beharrezko ondasuna den».
Gainera, bi alderdiak ez daude gustura prozedurarekin ere. Eusko Legebiltzarrera ez da proiektu gisa iritsi, proposamen gisa baizik, eta, ondorioz, ez du nahitaezko txosten baten beharrik. Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 27ko Gobernu Kontseiluan eman zion oniritzia planari, baina organo legegileari dagokio araudia aldatzea, planak jasotzen dituen zenbait neurri aplikatu ahal izateko.
Alderdi Popularraren ustez, nahiz eta eduki batzuk «interbentzionistak eta ezkerrekoak» izan, besteak onargarriak direla aitortu du Ana Morales eledunak. Halere, ez dute alde bozkatu, eta abstentziora jo dute. Moralesek argudiatu du ez zaiela gustatu eztabaidan EAJk eta PSE-EEk izan duten «tonua». Voxek ere abstentziora jo du.
Hiru urteko plana
Jonatan Moreno EAJko legebiltzarkideak azaldu duenez, «dogmatismoaren kontra», bere taldeak «pragmatismoaren» aldeko apustua egin du, «etxebizitzak ez lukeelako lubaki ideologiko bat izan behar eta gazteek ezin dutelako gehiago itxaron». «Emantzipatzen lagundu behar diegu», gaineratu du.
Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusi eta legebiltzarkideak, berriz, azpimarratu du «gauzak aldatu» beharra dagoela, nahiz eta zenbaitek «espekulazioari etekina ateratzen jarraitzeko denak berdin jarraitzea» nahi duten.
Maiatz amaieran aurkeztu zuen Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak 2025-2027ko Etxebizitza Gida Plana. Hona hemen planean jasotako neurrietako batzuk: prozedurak arintzeko hirigintza arauak moldatzea, babes ofizialeko etxeak finantzatzeko funts publiko-pribatu bat sortzea, udalek Jaurlaritzari emandako lurzoruarekin erreserba bat osatzea eta tentsio handiko eremuak izendatzea.
Eragileak ere, haserre
Ohar batean, Berri-Otxoak, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Argilan-ESK-k salatu dute etxebizitzaren lege berriak deuseztatu egingo dituela lortutako zenbait aurrerapen. Zehazki, orain urtebete, epai bidez lortu zuten zehaztea diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenek ez dutela titulurik aurkeztu beharrik etxeb batean bizi direla frogatzeko.
Legea onartutakoan, epai hori baliorik gabe geratuko da, DSBEa eskuratzeko baldintzei ere eragingo dielako. Eragileek salatu dute baldintzak gogortu egingo direla eta, ondorioz, «beharrik handiena» dutenak laguntzarik gabe geratuko direla.