2027ko udal hauteskundeetarako hautagaiak tantaka argitzen ari dira alderdiak. Eusko Alderdi Jeltzaleak, esaterako, Gasteizko zerrendaburua izateko proposatutako hautagaia zein den argitu berri du: Jon Urresti —gaur egun Vital Fundazioko presidentea— proposatu du Arabako hiriburuko zerrendaburu izateko. Arabako zuzendaritzak eta Gasteizko lau batzokiek adostu dute hautagaia, eta orain oinarriek bozkatu beharko dute.
Urrestik 59 urte ditu, Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik, eta gazte-gaztetatik militatzen du EAJn. Erakunde publikoekin elkarlan estua izan duen arren, inoiz ez du kargurik izan erakunde publikoetan. Araba Buru Batzarrak (ABB) ohar batean nabarmendu duenez, 2016ko abendutik Vital Fundazioko presidentea da, eta kargu horretan garatu ditu gizarte, hezkuntza, kirol eta kultura arloko hainbat proiektu.
ABBk eta Gasteizko batzokiek atzo egindako bileran hartu zuten erabakia. Bilera horretan hiriko lau batzokiek hartu zuten parte: Abendaño, Erdialde, Zaramaga eta Lakua. Orain EAJren oinarriek oniritzia eman beharko diote hautagaitzari, datozen asteotan egingo duten prozesuan.
ABBk gogorarazi duenez, Vital Fundazioaren buru izan den bitartean, Arabako enpresetan inbertsioak egiteko estrategia bultzatu du. Izan ere, fundazioak parte hartu du Talgo, Basquevolt, Ohmnia Electronics eta Innometal enpresekin lotutako eragiketetan. Talgori dagokionez, Vital Fundazioa konpainiaren kapitalean sartu zen Sidenorrek gidatutako partzuergoaren barruan.
Alderdiak argitu duenez, Urrestiren proposamenarekin, «EAJk Arabako elkarte eta enpresa eremutik datorren profil baten aldeko apustua egiten du Gasteizentzat».
Gaur egun, Beatriz Artolazabal da EAJk Gasteizko Udalean duen ordezkaritzako buru. Dena dela, Artolazabalek ez du legegintzaldia amaituko, datorren urriaren 2an utziko baitu kargua, Espainiako Senatuko ordezkari izendatzen duten egunean.
Urrestiren hautagaitzarekin, argitzen ari da Arabako hiriburuko lehia. Gasteizko EH Bilduren idazkaritzak egindako proposamenaren ostean, asteburuan botoa eman zuten koaliziokideen %97,44ren babesa eskuratu zuen Rocio Viterok alkategai izateko. Eta PPk ere zehaztu du bere hautagaia, eta Iñaki Garciak Ainhoa Domaica ordezkatuko du. Itxura guztien arabera, Maider Etxebarria egungo alkatea ere lehian izango da, PSE-EEren zerrendaburu gisa. Ikusteko dago, berriz, nola aurkeztuko diren azken bozetan Elkarrekin koalizioaren pean elkartu ziren alderdiak.Â