EH Bilduren hautagaiei babes zabala eman diete oinarriek

Koalizio subiranistaren erranetan, hautagai guztiek %90etik gorako babesa lortu dute. Nafarroako udalerrietako alkategaiak hautatzeko prozesua abiatuko dute orain.

Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroiabe gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Rocio Vitero eta Eva Lopez de Arroiabe gaur, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko irailaren 26a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduren oinarriek babes zabala eman diete 2027ko maiatzaren 23ko udal eta foru hauteskundeetarako hiriburuetako alkategaiei, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ahaldungai nagusiei eta Nafarroako Gobernuko lehendakarigaiari. Ohar bidez eman dute barne bozketen emaitzen berri, eta jakinarazi hautagai guztiek %90etik gorako babesa lortu dutela. Zortzi hautagaiak berretsita, Nafarroako udalerrietako alkategaiak hautatzeko prozesua abiatuko du koalizio subiranistak.

Gasteizen, Iruñean eta Bilbon 2023ko alkategaien alde egin dute: Rocio Viterok %97ko babesa lortu du; Joseba Asironek, %100ekoa; eta Maria del Riok, %91,67koa. Donostian Nerea Kortajarena izanen da hautagaia, Juan Karlos Izagirreren lekukoa hartuta; koalizio subiranistaren oinarrien %97k eman diote oniritzia. 

Lau herrialdeetan, 2023ko bide beretik jo dute. EH Bilduko Nafarroako lehendakarigaia Laura Aznal izanen da, oinarrien %98ren baino gehiagoren babesa lortuta. Eta Arabako eta Bizkaiko ahaldungai nagusiak Eva Lopez de Arroiabe —ia %99ko babesa— eta Iker Casanova —%97,33koa— dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan Maddalen Iriarte proposatu dute ahaldungai nagusi izateko, %96,39ko babesa lortuta. 

Koalizio subiranistak hautagai guztiak zoriondu ditu, eta erakutsi duten konpromisoari eta ardurari balioa eman. Oinarrien parte hartzea ere nabarmendu dute: «Mugimendu bizia, parte hartzailea eta ilusioz betea da gurea». Eta joan den larunbatean Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak errandakoak gogora ekarri: «Ederra delako indibidualismoaren garaiotan jendea kolektiboarekin konprometitzea».

«Lehen indar politikoa»

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du gaur eguerdian Gasteizen, Arabako bi hautagaiak aurkezteko: Eva Lopez de Arroiabe diputatu nagusi izateko eta Rocio Vitero alkate izateko. Lopez de Arroiabek adierazi du EH Bildu Araban lehen indarra izateko aukera «eskuragarria» dela: «Araban oso gertu egon ginen. Duela lau urte garaipenetik oso gertu egon ginen. Azken urratsa baino ez zaigu falta. Eskuragarria da, egingarria da; azken pausoa baino ez».

Viterok, berriz, etxebizitza eskubidean jarri du arreta, eta erran Gasteizko Udalaren lehentasun nagusietako bat hori izan behar dela. «Seguruenik, bizitza duinak lortzeko gure erronka handienetako bat oraintxe bertan etxebizitza eskubidea bermatzea da. Azken egunetan Erandion eta Gasteizen ikusten ari garenak biziki kezkatzen gaitu. Deshumanizazio sakona da ikusten ari garena», adierazi du. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA