Espainiako Auzitegi Gorenak atzerriko unibertsitate tituluak homologatzeko transferentzia baliogabetu ondoren, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen neurriak hartuko zituela halakorik berriz ez gertatzeko. Maria Ubarretxena bozeramaileak aurreratu zuen gobernuaren nahia zela legez babestea Transferentzien Batzorde Mistoan adostutakoa. Espainiako Gobernuarekin elkarlanean egin nahi zuen hori, baina, hark pausorik emango ez duela ikusita, EAJk ekitea erabaki du, eta iragarri du lege proposamen bat aurkeztuko duela eskualdaketak babesteko.
Maribel Vaquero EAJk kongresuan duen bozeramaileak eman du horren berri gaur, kontrolerako saioan. Vaquerok gogorarazi du Gorenaren erabakiaren ondotik titulua homologatzeko eskatu zuten berrehun pertsona «babesik gabe» geratu direla, eta «gaur egun beharrezkoak diren» osasun langile gehiago kontratatzea oztopatu duela. Hori dela eta, jeltzaleek uste dute ezin dela eskumenei buruzko erabaki bat auzitegi arruntetan gerarazi.
Izan ere, Vaquerok nabarmendu du Gorenaren erabakiak ziurgabetasun juridikoa areagotu duela; besteak beste, Gorenari «bere eginkizunez kanpo» aritzeko ahalmena eman diotelako, eta, hala, autogobernuari kalte egin eta euskal erakundeak «babesik gabe» uzten dituelako. Horregatik, Pedro Sanchezi eskatu dio Auzitegi Konstituzionalaren jurisdikzio kontrola bermatzeko, hura izan dadin eskumenen auziaz ebazteko organoa. «Epaile justu bat eskatzen dugu, eta segurtasun juridikoa», azpimarratu du.
«Epaile justu bat eskatzen dugu, eta segurtasun juridikoa»
MARIBEL VAQUEROEAJren bozeramailea Espainiako Kongresuan
Sanchezek erantzun dio Auzitegi Gorenaren erabakia errespetatzen duela, eta hark duela Transferentzien Batzorde Mistoan onartutakoez ebazteko eskumena. Gogorarazi du bera presidente denetik nabarmen handitu direla eskumenen transferentziak. Hala ere, adierazi du Gernikako Estatutua osatzeko konpromisoari eutsi egiten diola, eta prest dagoela tituluen homologazioen eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko irtenbideak bilatzeko.
Ikusi gehiago