Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagai izango ez dela jakinarazi eta egun gutxira, EAJk adierazi du haren ordezkoa nor izango den: Mikel Hidalgo Bordegarai. Bizkai Buru Batzarrak eta hiriburuko udal erakunde artekoak proposatu dute haren izena, Bilboko Uri Batzarrak gaur arratsaldean egindako bileran, baina oinarriek berretsi beharko dute orain.
Izan ere, EAJk gaur abiatu du 2027ko udal bozetan Bilboko alkatetzarako hautagaia aukeratzeko barne prozesua, eta hilabete iraungo duela aurreikusten da. Izen bat jada mahai gainean jarri du alderdiak, baina oinarriek beste batzuk proposatzeko aukera izango dute orain, behin betiko bozketa egin aurretik. Okerrik ezean, ordea, alderdiaren hautagaia izendatzea espero da: Hidalgo, alegia.Â
Hidalgo 2011tik dago EAJn afiliatuta, 33 urte ditu, eta euskalduna da. Bilbon bizi da, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean. Pricewaterhouse Coopers enpresan hasi zuen ibilbide profesionala, finantza auditore gisa. Seed Capitalen ere jardun zuen, inbertsioen eta kudeaketa zorroen analista. 2022tik, ordea, Eusko Jaurlaritzari lotuta dago. Aholkulari gisa jardun zuen lehenik Iñigo Urkullurekin, eta Nazio Batuen 2030 Agendaren arduraduna da gaur egun Imanol Pradalesen gobernuan.
Edonola ere, Bilboko politikarekin harremana du Hidalgok, iazko urtearen amaieratik EAJk Bilboren etorkizunaren oinarriak ezartzeko garatu duen Bilbao 2040 hausnarketa prozesuaren arduraduna izan baita. Prozesu horretan, hiriburuko politika, gizarte, kultura, kirol eta ekonomia arloei lotutako hainbat adituk parte hartu dute. Eta lehenago, Nazio Batuei lotuta dagoen 2030eko Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren bulegoa Bilbon jartzeko prozesuan ere parte hartu zuen, alderdiak zabaldu duen informazioaren arabera.Â
Izendapena bat dator kargudunak berritzeko EAJ sustatzen ari den estrategiarekin. Hidalgorekin belaunaldi errelebo bat irudikatu nahi baitu alderdi jeltzaleak, duela hilabete batzuk Donostian Jon Insaustirekin egin moduan. Kasu harekin alderatuta, baina, badaude desberdintasunak, ordu hartan Eneko Goiak dimisioa eman baitzuen, eta Insausti zinegotzi eta gobernuko kide zen. Hidalgo ezezaguna da askorentzat, ordea. Nolanahi ere, EAJk hiriburuan historikoki izan duen nagusitasunari eustea izango du xede.Â