EAJk proposatu du «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea hizkuntza eskakizunetarako

Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformarako zuzenketak aurkeztu ditu; «immobilismotik eta maximalismotik urrun» dagoen proposamen bat landu dutela esan dute jeltzaleek.

Markel Olano legebiltzarkide jeltzalea Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Markel Olano legebiltzarkide jeltzalea Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2026ko apirilaren 29a
18:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jeltzaleek zenbait zuzenketa egin dizkiote Euskal Enplegu Publikoaren erreformarako aurkeztu zuten proposamenari, eta zuzenketa horien berri eman dute. Aldaketa nagusietako bat, horra: lan eskaintza publikoetan «derrigortasun geroratuaren figura» orokortzea proposatu dute. «Zehazki, zuzenketak zera planteatzen du, administrazio publikoek hizkuntza profila duten lanpostuak ezarri ahal izatea, baina profil horren eskakizuna denboran geroratuta». Alegia, euskarazko hizkuntza eskakizuna egiaztatu gabe ere lanpostu publikoetarako sarbidea ematea da horren helburua, baina betiere «epe bat» emanda hori egiaztatzeko. «Administrazioak berak» prestakuntza emateko «konpromisoa» hartu beharko duela ere aipatu dute.

Joseba Diaz Antxustegi eta Markel Olano legebiltzarkideek eman dute gaur zuzenketen berri. Aintzat hartzeko moduko aldaketa bat jarri dute mahai gainean. Hasieran, erreforma proposatu zutenean, hizkuntza eskakizunen derrigortasun indizea kentzea izan zen jeltzaleen xedea. Orain, proposamena osatu nahi izan dute. Hala ere, eutsi egin diote lehen asmo hari: «Desagertu egingo litzateke derrigortasun indize orokorra, talde jeltzaleak hasieratik proposatu duen bezala, egungo araudiaren elementurik ahulenetakoa baita ikuspegi juridikotik», gogora ekarri dute. Ildo horretan, administrazio bakoitzak «derrigortasun indize propioa» izan beharko duela zehaztu dute testuan. Hori ebazteko, «proportzionaltasun irizpideak» gogoan hartu beharko dira beti: lanpostu bakoitzaren eginkizunak, hizkuntzaren erabilerari lotutako irizpideak eta ingurunearen errealitate soziolinguistikoa. 

Erantzun bat 

EH Bildurena da Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko eginda dagoen beste proposamena, baina beren proposamenaren inguruan akordioa lortzera deitu dute jeltzaleek. Proposamen «orekatua eta graduala» dela esan dute, beste talde politikoen «ekarpenak» ere aintzat hartuta egin dutela, eta «erantzukizunez» erantzun diezaiokeela hizkuntza eskakizunen inguruan sortu den arazoari. «Immobilismotik eta maximalismotik urrun» dagoen proposamen dela argudiatu dute. Gaiaren inguruan adostasuna lortzeko zailtasunak agerikoak dira, hala ere. Hilabeteak egin dituzte PSE-EEko kideekin negoziazioetan, adibidez, eta antzuak izan dira. Abstentzioaren bidez bere proposamenaren alde egiteko eskatu dute gaur jeltzaleek, eta denbora tarte bat hartzeko zer emaitza ematen dituen ikusteko. 

EH Bilduk ere gaur ezagutarazi ditu bere zuzenketak; hainbat aldaketa proposatu ditu bere hasierako proposamenerako, baita EAJren proposamenerako ere. Jeltzaleen testuan egin dituen zuzenketen artean propio nabarmendu du bi hizkuntza ofizialak ezagutzea «nahitaezkoa» dela. Printzipio orokor horretan ezin dela atzera egin esan dute behin baino gehiagotan EH Bilduko kideek. Beren testuan egindako aldaketetan, berriz, «progresibotasun indizea» zehaztu dute, derrigortasun hori era «malguan» ezartzeko bidea emango duen tresna izango dela argudiatuta. EH Bilduk esan du mahai gainean jarri duen proposamenak «akordio inklusibo bat» erraz dezakeela.

Urteotan metatu egin dira hainbat erakundek ezarritako eskakizunen kontrako sententziak, eta tankerako ebazpenak saihestea da mahai gainean jarrita dauden proposamenen helburua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA