«Gure lege proposamenaren garapena findu eta zehaztu dugu lau zuzenketaren bidez, progresibotasun indizea definitzeko, nagusiki». Bihar amaituko da epea Eusko Legebiltzarrean zuzenketak aurkezteko Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatu eta hizkuntza eskakizunak blindatzeko egin ziren lege proposamenen inguruan, eta EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak nabarmendu du beraiek egin dituzten aldaketen bitartez batez ere «progresibotasuna eta malgutasuna» zehaztu nahi izan dutela. Adierazi du horrek «akordio inklusibo bat» lortzeko bidea erraz dezakeela. EAJ, PSE-EE eta Sumar: hirurekin hitz egiteko asmoa dutela esan du. Beste erreforma proposamena jeltzaleena da, eta haien testurako ere proposatu dituzte bi zuzenketa EH Bilduko kideek.
Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko bi proposamenen izaera ezberdina hasieratik egon da agerian. Urriaren 2an onartu ziren bi proposamenak Eusko Legebiltzarrean; EH Bilduk jeltzaleen proposamenaren aldeko botoa eman zuen; jeltzaleak abstenitu egin ziren EH Bilduren proposamena bozkatu zenean, eta era horretan lortu zuten bi proposamenek aurrera egiteko adina babes. Gainerako talde politikoek, ordea, ez zituzten gogo onez hartu.
EAJren proposamenaren funtsa da egun hizkuntza eskakizunen derrigortasuna kalkulatzeko erabiltzen den derrigortasun indizea ezabatzea; erreforma aurkeztu zuenean, Markel Olano legebiltzarkide jeltzaleak argudiatu zuen eskakizun horiek atzera botatzeko ebatzi diren sententzia hainbatek indize horren kontra egin dutela; beraz, indize hori ezabatuta, tankera horretako epai gutxiago izango direla, eta «segurtasun juridiko» handiagoz aritu ahal izango direla erakundeak. EH Bilduren proposamenaren muina, berriz, hizkuntza eskakizunen gaineko derrigortasuna funtzio publikoko lanpostu guztietara orokortzea da; alegia, lanpostu guztietan euskara ere sarbiderako hizkuntza izatea, gaztelaniarekin batera, eta, gero, indize baten bitartez, derrigortasun hori «malgutzeko» bideak irekitzea.
«Gehienez» geroratzekoak
Eta, hain justu ere, hori egiteko moduaren inguruko zehaztapenak findu ditu orain erregistratu dituen zuzenketen bidez EH Bilduk. Definitu egin du indizea: «Progresibotasun indizeak adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza eskakizuna gehienez geroratu daitekeen lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa». Zehaztu du tokian-tokian euskarak duen ezagutza kontuan hartuta kalkulatuko dela indize hori, eta konplitzetik salbuetsiko direla euskaldunak eta euskaldun hartzaileak aintzat hartuta egiten den kalkuluaren emaitza %70etik goragokoa duten administrazioak. Zehaztu egin du plan bakoitzean indize hori murrizteko «konpromisoa» ere: «Gutxienez, %5 eta, gehienez, %15».
«Indize hori legean bertan jasotzeak segurtasun juridiko handiagoa emango dio sistemari»
JOSU AZTIRIA EH Bilduko legebiltzarkidea
«Indize hori legean bertan jasotzeak segurtasun juridiko handiagoa emango dio sistemari; hala gomendatu digute hainbat legelarik legearen tramitazioan», azaldu du Aztiriak. Horren gainean zer akordio lor daitezkeen ikusi beharko da orain. Hilabeteak egin dituzten PSE-EEk eta EAJk erreformaren inguruan akordioren bat lortzeko ahaleginak egiten, baina antzuak izan dira elkarrizketak, eta bi aldeek onartu dute «desadostasunek» asko zaildu dutela bidea. EH Bilduk hainbatetan adierazi du hizketarako asmoa, baina orain arte ez die inork horretarako aterik ireki. Joan den astearen bukaeran heldu zen aldaketa: EAJk adierazi zuen EH Bildurekin ere gaiaz hitz egiteko prest dagoela, eta behin zuzenketak aurkeztu eta gero horretarako bidea irekiko dutela.
EAJren proposamenean egin dituen zuzenketen bidez, testuan hainbatetan baztertu ezineko printzipiotzat jo dituen bi irizpide txertatu nahi izan ditu EH Bilduk. Batetik, jaso du «nahitaezkoa» dela bi hizkuntza ofizialak ezagutzea. Bestetik, «progresibotasun indizea» ere txertatu du, euskara eskakizuna zer lanpostutan geroratu daitekeen zehaztuta gera dadin proposamen horretan ere.
EAJk adierazia du bere proposamenaren inguruko zuzenketak erregistratuko dituela. Gaineratu du horien gaineko argibideak ere emango dituela. Ordu gutxiren bueltan egin beharko du. Lehengo astean azaldu zuten «proposamen bideragarri bat» lantzen ari zirela. «Onena litzateke lege berriak legebiltzarrean ahalik eta babes handiena lortzea. Hortaz, mahai gainean jarriko dugu zuzenketa, eta ikusiko dugu nork duen hurbiltzeko eta negoziatzeko borondatea», esan zuen Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek.
Sumarren proposamenak
Hamazazpi zuzenketa aurkeztu ditu guztira Sumarrek. Prentsa ohar baten bidez, azaldu du haien bitartez zer lortu nahi izan duen: besteak beste, euskara eskakizunak «benetako beharretara» egokitzea. «Zuzenketa hauek sistema eraginkorrago eta bidezkoago bat eraikitzea dute helburu: herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, eta, aldi berean, euskara ikastea erraztea eta hizkuntza eskakizunak enplegu publikora sartzeko oztopo bidegabe ez bihurtzea».