EAJk Ramiro Gonzalez proposatu du Arabako ahaldungai nagusi izateko

Gonzalez 2015etik da ahaldun nagusi; hiru legealdi horietan PSE-EErekin osatu ditu koalizio gobernuak. ABBk Gonzalezen «elkarrizketarako apustua» nabarmendu du.

Ramiro Gonzalez, aurreko asteko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ramiro Gonzalez, aurreko asteko bilkuran. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 30a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ramiro Gonzalezi sarri galdetu diote azken asteotan Arabako ahaldungai nagusi gisa errepikatuko ote zuen, eta ez du erantzunik eman nahi izan. Gaur, baina, EAJren Araba Buru Batzarrak karguan jarraitzeko hautagai gisa proposatu du 2027ko foru bozei begira. Orain, alderdiko militanteek berretsi beharko dute zuzendaritzaren proposamena. Hala egingo balute, laugarren bozak lituzke jeltzaleen zerrendaburu bezala.

Gonzalez, 64 urtekoa, Zuzenbidean lizentziatu zen EHUn, eta 2002an batu zen EAJra. Instituzioetan osatu duen bidea, berriz, 2007an hasi zuen; hain zuzen, Arabako Batzar Nagusietan. Ahaldun nagusi izateko lehen hautagaitzan, 2015ean, lehen indarra izan zen EAJ, PPri aurrea hartuta. Eta hala izan zen 2019ko eta 2023ko bozetan ere. Halere, emaitzetan gorabeherak izan dituzte. 2019an, emaitzak nabarmen hobetu zituzten jeltzaleek, lau eserleku gehiago eskuratuta —denera, hamazazpi—, baina horietatik bi galdu zituzten lau urte geroago. Bitarte horretan, EH Bildu izan da gorakada nabarmena izan duena, eta azken bozetan EAJtik eserleku batera —botoen %0,8— geratu zen. Hain zuzen, duela lau urteko lehia bera errepikatuko da, koalizio subiranistak ere duela lau urteko ahaldungai nagusi bera aurkeztuko baitu: Eva Lopez de Arroiabe.

Gobernuburu bezala egin dituen hiru legealdietan, Gonzalezek PSE-EErekin osatu ditu koalizio gobernuak; 2019an, gehiengo osoarekin. Hain zuzen, aurreko asteko politika orokorreko bilkuran koalizio horren garrantzia nabarmendu zuen ahaldun nagusiak eta «etorkizunean ere jarraipena izateko borondatea» azaldu: «Arabako gizartea babestu nahi izan dugu elkarbizitza eta pluraltasuna mehatxatu dituztenengandik».

ABBk Gonzalezen «elkarrizketaren aldeko apustua» nabarmendu du ohar batean, eta gehitu du instituzioetan lankidetza sustatzearen alde egin duela. Era berean, adierazi du erakundeetan duen «esperientzia» eta «Arabako errealitatearen ezagutza sakona» gako direla aurrera begira ere: «Arabak aurrez aurre dituen erronkei aurre egiteko oinarri sendo bat dira». Zehazki, Gonzalezek «jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko» eginiko lanari erreparatu diote, eta gehitu industria sarea zein gizarte eta zaintza politiketan «hobekuntzak» sustatu dituela.

Basterra, bilkurak zuzentzeko

Araba Buru Batzarrak Arabako Batzar Nagusietako presidentetzarako hautagaia ere proposatu du: Irma Basterra; egun ere kargu horretan da jeltzalea. Haren kasuan, jeltzaleek batzar nagusietan «metatutako esperientzia» nabarmendu dute: «Basterrak erakunde plurala, hurbila, herritarrei irekia eta Arabako eskualde guztiak ordezkatzen dituena defendatu du».

Basterra Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapen eta Europako Politikoetako zuzendari izan zen, baita Arabako Foru Aldundiko Lurraldeko Orekako diputatua ere.

Izendapen horiekin, Arabako hautagaitza nagusiak itxi dituzte jeltzaleek, atzo jakinarazi baitzuten Jon Urresti proposatu dutela Gasteizko alkategai izateko. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA