Andoaingo eta Tolosako udalek, biak ere EH Bilduren gobernuen agindupean, Intxaurrondoko (Donostia) Guardia Zibilaren kuartelera bidali dituzte zenbait udaltzain, «tiro eta prestakuntza praktikak» egitera. Hala salatu du gaur EAJk. BERRIA udal horiekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu, eta EH Bilduk esan dio oraingoz ez diola gaiari helduko.
Horiek horrela, EAJko Gipuzkoako zuzendaritzak (GBB) salatu duenez, Arkautin ez baina Intxaurrondon prestakuntza jasotzeko erabaki horrek «gutxienez hiru inplikazio» lituzke, denak ere «oso larriak». Lehenik, Ertzaintzaren akademia, Ertzaintza eta euskal autogobernua «mespretxatzen» dituzte udal horiek, jeltzaleen arabera: «Ertzaintza nahita baztertzea da udaltzainak beste polizia kidego batean trebatzera bidaltzea», azaldu du GBBk, ohar batean.
Erantsi du Ertzaintzaren eskumenen barruan daudela polizia zerbitzuaren adar guztiak: «Prebentzioa eta patruilatzea, polizia judiziala, antiterrorismoa eta trafikoa, eta agenteen prestakuntza integrala, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Akademiaren bidez». Hala, jeltzaleen ustez, EH Bilduren esku dauden udal horien erabakiak «gutxietsi» egin du «Euskadiko funtsezko erakunde baten balio historikoa», Ertzaintzarena alegia; «baita euskal autogobernuarena ere».
Beste ondorio bat ere atera du EAJk: haren ustez, «Euskadin Guardia Zibilarentzako eskumenak zabaltzea» dakar udaltzainak prestakuntza jasotzera Intxaurrondora bidaltzeak. «Berekin dakar, gertakarien bidez, Guardia Zibilaren presentzia indartzea Euskadin», ziurtatu dute oharrean. Eta azalpen gehiago eman dituzte: «Guardia Zibila izaera militarreko institutu armatua da, eta Euskadin dituen eskumenak estatuko eginkizunetara mugatu behar dira». Hau da, jeltzaleen arabera, «EH Bilduko alkateek Guardia Zibilak Euskadin duen funtzionaltasuna eta bere presentzia zabaldu dute».
Azkenik, beste ondorio bat ere aipatu dute GBBren mezuan. Adierazi dute «Euskal Poliziaren eredua ahultzen» duela gertatutakoak: «EH Bilduk Euskadin Guardia Zibilari eskumen berriak emateko hartutako erabakia Euskal Poliziaren ereduaren aurkako eraso zuzena da». Ziurtatu dute indarrean dagoen segurtasun publiko integraleko ereduak oinarrian duela «erantzukidetasuna eta baliabideen optimizazioa», eta horren helburua dela «euskal herritarrei erantzun arin, hurbil eta eraginkorra» ematea. Andoainen eta Tolosan hartu ei diren erabakiak eredu horren aurka daudela gehitu dute.
Dimisioa eta mozioak
Horrez gain, auzia «ikuspuntu sinboliko eta historiko batetik» ere aztertu du EAJk, baita ikuspuntu material eta konpetentzialetik ere, garbi utzita jazotakoa oso larria dela. «Inflexio puntu bat da, euskal gizartearentzat hain korapilatsua den gai batean, segurtasunean, Ertzaintzan, Udaltzaingoan eta polizia kidego bakoitzak Euskadin izan behar duen rolean».
Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako EAJk hiru eskakizun egin ditu. Lehena alkateekin lotua dago. Haiek dira legez udaltzaingoaren buru nagusiak, azaldu dutenez; bada, Andoaingo eta Tolosako alkateen dimisioa eskatu dute «erantzukizun politikoak» garbitzeko, «euskal gizarteak poliziaren eta segurtasunaren arloan duen borondatea errespetatzen ez duten erabakiengatik».
Bigarren eskaera trebakuntza emateko lekua aldatzea da: «Intxaurrondoko udaltzainak prestatzeko prozesuak berehala baliogabetzea eta Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Ikastegira eramatea» nahi dute jeltzaleek. Eta, azkenik, proposatu dute Gipuzkoako udal guztietan mozio bat onartzea, «Euskadiko poliziaren estatutu eredua eta, zehazki, Euskal Polizia babesteko, segurtasun publiko integraleko sistema gisa, Ertzaintzaren eta udaltzaingoen arteko lankidetzan, erantzunkidetasunean eta baliabideen optimizazioan oinarrituta».