ELAk «beren eskumenei uko egitea» egotzi die Poliziaren LEP bateratuan parte hartu duten udalei

Sindikatuaren esanetan, Poliziaren «homogeneizazioa» bultzatzen du erabakiak, eta udaltzaingoen «gertuko poliziaren» ereduaren «kalterako» da. Kritikatu du postuen %21 betetzeko ez dela euskara eskakizunik egin.

Bi udaltzain, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Bi udaltzain, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko azaroaren 3a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta Eudelek aurreko astean eman zuten Ertzaintzarako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaltzaingoetarako lan eskaintza publiko bateratuaren berri. Denera 593 lanpostu betetzeko asmoa dute, eta horietako 163 dira udaltzainenak. Hain zuzen, azken horiei erreparatu die ELA sindikatuak, eta parte hartu duten 37 udalei egotzi die «Ertzaintzaren polizia eredua» aukeratzea, «beren eskumenei uko eginez».

Sindikatuaren ustez, lan eskaintza bateratuen alde eginda, hartan parte hartu duten udalek uko egiten diete euren eskumenak erabiltzeari, eta Ertzaintzaren egungo eredua bere egiten dute: «Poliziaren etengabeko homogeneizazioa dakar, udaltzaingoak ordezkatu izan ohi duen gertuko poliziaren izaeraren kalterako». Izan ere, kritikatu dute bi Polizia horiek funtzio ezberdinak izan arren prestaketa eredu bera jasotzen dutela Arkautiko akademian, baina ez lukeela hala izan behar.

Hain zuzen, gaur egungo ereduarekin kritikoa da ELA, uste baitu udaltzaingoetan «arazo eta gabezia kezkagarriak» eragin dituela bide horrek. Besteak beste, salatu du egiturazko langileen falta nabaria dela. Sindikatuaren datuen arabera, behin-behinekotasuna %40 ingurukoa da, eta lan eskaintza bateratuak ez dira nahikoa izan postuak betetzeko ere. Horrez gain, sistema horrek plantilletan errotazio «erabat onartezina» ere eragiten du, kritikatu duenez, zuzenean eragiten baitie udaltzainen lanari eta herritarrek jasotzen duten zerbitzuari.

Bestelako kexak ere aurkeztu ditu ELAk. Haren esanetan, agerikoa da udalerrietako errealitatearen eta idiosinkrasiaren gaineko jakintzarik eza, eta euskarazko zerbitzua bermatzeko ezintasuna ere bai. Izan ere, ELAren ustez, lan eskaintza publikoa sustatu duten erakundeek «herritarren hizkuntza eskubideak urratzearen aldeko apustua» egin dute. Sindikatuak salatu du bost postutik batean (%21) ez dela euskara eskakizunik izango: «Ez dira errespetatuko herritarren hizkuntza eskubideak, ezta langile publikoek herrialdeko bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko duten eskubidea ere».

Hala, ez du ontzat jo «berme juridikoak» euskara eskakizunak malgutzeko «aitzakia» gisa erabili izana. Uste dute «oso larria» dela erabaki hori, eta bestelako neurriak eskatu dizkiete erakundeei, hala nola Euskal Poliziaren Legea aldatzea, postu guztietan euskara betekizun izan dadin.

Laguntza eta prebentzioa

EH Bilduk gobernatzen dituen udalei erreparatu die bereziki ELAk, uste baitute koalizio hark udaltzaingoetarako eredu propio bat ezartzeko egindako urratsen kontra doala. Izan ere, EH Bilduk lan eskaintza propioak egiten ditu Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan (Bizkaia), Azpeitian, Getarian eta Zumaian (Gipuzkoa).

Sindikatuaren ustez, bide horretan sakondu beharko litzateke, oraingo eredua baztertuta: «Udaltzaingoaren zeregina laguntza eta prebentzio arloetan ardaztu beharko litzateke, hurbilekoa den Polizia baten ereduan, tokiko errealitatean errotua. Norabide horretan urratsak egiteko unea da».

Atzo EAJk esandakoei ere heldu die ELAk. Jeltzaleek salatu zuten Andoaingo eta Tolosako (Gipuzkoa) udaltzain batzuek —EH Bilduk gobernatzen ditu biak— Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean tiro praktikak egin dituztela, eta bi alkateen dimisioa eskatu zuten. ELAren ustez, halako lankidetza batek «estatuko segurtasun indar eta kidegoak zuritzea eta normalizatzea» dakar, eta, ondorioz, «kaltegarria» den polizia eredu batean sakontzen du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA