EHEk CCOOri erantzun dio ez duela «mehatxuekin kikilduko»

Salaketa ekintzak eteteko bide bakar bat dagoela esan du: CCOOk bertan behera uztea euskararen kontrako «estrategia antolatua», eta euskararen biziberritzearen aldeko portaera hartzea.

EHEko kideen agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
EHEko kideen agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2026ko martxoaren 20a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

CCOO sindikatuaren izenean lan egiten duen abokatu talde batek egindako jakinarazpen bat jaso zuen EHE mugimendu euskaltzaleak otsailean; testu horretan propio eskatu zioten EHEri kentzeko sare sozialetatik iazko abenduan Gasteizen sindikatuak duen egoitzaren atarian egindako ekintza baten bideoa, eta ez egiteko gehiago halako ekintzarik. Hori egin ezean auzitara jotzea aztertzen ari zela adierazi zion CCOOk EHEri.

Jakinarazpenean, ustez ekintza hori egin zuten ekintzaileek egindako hainbat delitu eta horiei lotutako zigorrak zerrendatu zituzten abokatuek. Gaur agerraldia egin du EHEk CCOOri erantzuteko. Donostian izan da, Justizia Auzitegiaren parean. Erakunde euskaltzaleak erantzun dio sindikatuari ez duela «mehatxuekin kikilduko».

CCOO ordezkatu duen abokatu talde horren arabera, Gasteizen egindako salaketa ekintza «kaltegarria» izan zen sindikatuarentzat, eta urratu egin zituen haren irudia, izen ona eta marka eskubideak. Abenduaren 24an egin zuten, zehazki, ekintza: sindikatuaren egoitza parera joan ziren EHEko bi ekintzaile Olentzeroz jantzita, eta hantxe atarian ikatza bota zuten, eta pegatinak ere itsatsi zituzten. Bi mezu zabaldu zituzten pegatinak itsatsita: CCOO euskararen etsaia! eta Euskaraz eta harro.

Propio salatu nahi izan zuten CCOOk euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen auzian hainbatetan izan duen jarrera, gehiegizkotzat jo baititu eskakizunak, eta horiek apaltzearen alde egin baitu. Salaketa ekintzak eteteko bide bakar bat dagoela esan du EHEk: CCOOk bertan behera uztea euskararen kontrako «estrategia antolatua», eta euskararen biziberritzearen aldeko portaera hartzea.

Abokatu taldeak hainbat eskabide egin zizkion jakinarazpenean EHEri, eta bost eguneko epea eman zion horiek konplitzeko. Eskari nagusiak hauek ziren: sare sozialetatik kentzea eduki «arau hauslea», uko egitea etorkizunean ekintza horren «antzekoak» egiteari, eta idatziz baieztatzea aurreko eskakizun horiek guztiak bete zituztela. Horiek beteta auzia era «adiskidetsuan» bideratzeko modua izango zuela jakinarazi zieten EHEko kideei. «Baina emandako epean erantzunik ez bada, edo akordiorik lortzen ez bada, gure eskatzaileak eskubidea izango du auzibidea abiarazteko», ohartarazi zuten.

Jakinarazpenean diote, halaber, EHEren webguneko lotura baten harira, Andoaingo Udalari ere egin zaiola «kalte». Ulertzen zaila da lotura hori, idazkera oso nahasia da, eta ez dute zehazten, gainera, zer harreman duen horrek kexaren abiaburua den ekintzarekin. «Lotura faltsu hori, paradoxikoa badirudi ere, informazioa euskaratik gaztelaniara desegoki itzultzearen ondorio izan da», zehaztu dute gaurko agerraldian EHEko kideek. 

Adierazpen askatasuna

Ohartarazpena bidali izana gaitzetsi egin du EHEk. «Sinestezina deritzogu ikatza eramateagatik eta pegatina batzuk itsasteagatik Olentzero auzitara eraman nahi izateari», esan dute gaurko agerraldian. «Ez al dakizue zein den Olentzeroren jardunbidea? Gaizki portatzen direnei ikatza ematea». Ohartarazpenaren bidez «herritarren adierazpen askatasuna mugatu» nahi zutela esan dute, eta ez dutela hori onartuko. «Bai Olentzerok, bai EHEk, askatasun osoa dute euskaldunon hizkuntza eskubideen kontra diharduten norbanako nahiz eragileak seinalatzeko». 

CCOOk aspalditik izan du hizkuntza eskakizunak apaltzeko jarrera, baina, lehengo astean, Argia astekariak ikerketa kazetaritza lan bat plazaratu zuen, eta hartan egiaztatu zuten sindikatuko kideak hizkuntza eskakizunen kontra jarduteko kanpaina antolatu batean sartuta daudela. Kazetaritza lan horrek ezagutarazitako informazioaren garrantzia nabarmendu dute gaur EHEko kideek: «Azpijokoa begien bistan geratu da oraingoan, froga argigarriekin, gainera». 

Espainolez

Salatu dute, gainera, sindikatuaren ohartarazpena ez dutela euskaraz jaso, «espainol hutsean» idatzita baitago. «Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza, Euskal Autonomia Erkidegoan baita ofiziala ere, eta, beraz, jakinarazpen guztiak euskaraz jaso nahi ditugu», azaldu dute. Eta CCOOri zuzenean mintzatu zaizkio: «Gutuna euskaraz igorri ez izanak beste behin argi adierazten du euskararen inguruan duzuen jarrera zapaltzailea eta baztertzailea». 

Sindikatuak jarrera aldatzen ez duen bitartean EHEk salaketa ekintzak egiten jarraituko duela esan dute mugimendu euskaltzaleko ordezkariek. «Argi izan dezazuela euskararen aurka abiatutako estrategia gelditu ezean zuen jarrera euskarafoboa salatzen jarraituko dugula», esan diete CCOOko buruei. Eta borroka ildo hori hauspotzera deitu dute: «Euskaltzale orori dei egiten diogu euskaldunon erasotzaileak seinalatzera eta desobeditzera». 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!