BERRIA eta EHIGE elkarlanean arituko dira Euskal Eskola Publikoaren Jaira begira; horretarako, akordioa sinatu dute gaur. BERRIA hezkuntzaren arloan egiten ari den apustuarekin lotu du hitzarmena Irati Azkue marketin taldeko kideak: «Nahi dugu jaian egonda BERRIAren lanak plaza bat izatea».
Hori horrela, akordioan hainbat puntu jaso dituzte: besteak beste, BERRIA bere eskaintzarekin izango da Euskal Eskola Publikoaren Jaian, eta zozketa bat egingo du; Hodei magoaren ikuskizuna proposatuko du; eta egun horretarako materiala —balizamendu zintak, arkua...— jarriko du antolakuntzaren eskura.
Euskal Eskola Publikoaren Jaia Urduñan (Bizkaia) egingo dute, igande honetan. Jaiak lau gune izango ditu, baita «ohiko gune ibiltaria» ere. Pronto dute egitaraua ere. Bezperatik hasiko da festa: mendi martxa, Enbata Lorade taldearen emanaldia eta beste egongo dira. Halere, igandea izango da egun nagusia. Egitarau oparoa antolatu dute ordurako: Porrotxen, Marimototsen, Pupuren eta Loreren ikuskizuna, jolas kooperatiboak, Gozategi taldearen kontzertua eta puzgarriak izango dira aukeran, besteak beste.