Helegitea aurkeztuko zuela esan zuen, eta helegitea aurkeztu du. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak apelazio helegitea aurkeztu du unibertsitatera sartzeko probako Euskara eta Literatura II ikasgaiko zeroak aintzat ez hartzeko epaileen autoen kontra. Europa Press agentziak aurreratu duenez, unibertsitateak argudiatu du azterketak zuzentzeko prozesuan ez dela «alborapenik» izan eta ez dela urratu azterketa egin zuten ikasleen anonimotasuna, hau da, zuzentzaileek ez zekitela zein ikasleren azterketak zuzentzen ari ziren.
EHUren ustez, epaileen autoak «zuzenbidearen kontrakoak» dira, «arrazoitze falta nabarmena» dute eta planteamendu «abstraktua eta hipotetikoa» dute. Horrez gain, ez dituzte auzi honetan dauden interesak neurtu, «alboratu» egin dituzte interes orokorrak, eta ukatu egin dituzte gainerako ikasle guztien interesak, «zalantzarik gabe helegitea aurkeztu dutenen kaltea baino garrantzitsuagoak badira ere».
«Kalte konponezina»
Berrogei bat ikaslek auzitara jo zuten unibertsitatera sartzeko Euskara eta Literatura II ikasgaiko zeroko kalifikazioen edo kalifikazio oso apalen kontra, eta bost auzitegitako epaileek behin-behineko neurriak ebatzi zituzten: EHU behartzea Euskara eta Literatura II-ko kalifikazioak aintzat ez hartzera unibertsitatera sartzeko kalifikazioa kalkulatzeko, eta ikasle horietatik EHUn ikasi nahi dutenei ikaspostua gordetzera —betiere euskara kalifikaziorik gabe ikasketa horiek egiteko gutxieneko kalifikazioa badute—. Bilbo inguruko ikastetxeak dira, A eta B ereduetakoak. Unibertsitate publikoak uste du behin-behineko neurri horiek ez direla eraginkorrak izango eta «kalte konponezin edo konpontzeko zaila» eragingo dutela nahi gabe, ikasle horiek nahi duten gradura sartzen baldin badira.
Ikusi gehiago
EHUk ez du onartu alborapenik izan zela, ez azterketetan, ez azterketen berrikustean. Uste du ezin dela ondorioztatu helegitea aurkeztu duten ikasleek gainerako hautagaiekin alderatuta tratu ezberdina jaso dutenik, ezta haiek jasotako kalifikazioa «irizpide arbitrario edo baztertzaile» baten ondorioa denik ere. Zuzenketa bertan behera uzteko arrazoiren bat egonda ere, unibertsitatearentzat ondorio juridikoak ezin du izan ebaluazio irizpideak ordezkatzea, ezta sarrera proba kalkulatzeko kalifikazio bat ezabatzea ere.
Araudiaren aldaketa
Helegitearen arabera, autoek behin-behinean aldatu egin dute unibertsitatera sartzeko «erregimen juridiko objektiboa». Uste du auzitegiek egiaztatu gabeko ondorioak atera dituztela halako erabakiak hartzeko, «interes publikoa eta EHUko graduetan sartzeko gainerako hautagaien eskubideak aintzat hartu gabe». 534/2024 errege dekretua urratzea eta behin-behinean bertan behera uztea egotzi die autoei. Errege dekretu horrek honako hauek arautzen ditu: unibertsitate ikasketetako gradu ofizialetara sartzeko prozedura, sarrera probaren oinarrizko ezaugarriak eta onartze prozeduren oinarrizko araudia.
EHUk uste du behin-behineko neurriek urratu egiten dutela unibertsitatera sartzeko kalifikazioa kalkulatzeko oinarrizko araua: «Autoak onartu behar izan du helegitea aurkeztu zutenek ikaspostu mugatuak dituen graduren batean sartu ahal izatea, euskarako kalifikazioa kontuan hartu zaien eta haiek baino kalifikazio hobeak dituzten ikasle batzuen gainetik. Ikaspostu hobea izan dezakete, beste batzuen kaltetan».
Azalpen gehiago
EHUren arabera, ez da urratu ikasleen anonimotasuna. Epaimahaien antolaketagatik ikastetxeak identifika daitezkeela «dialektikoki onartuta ere», baieztatu du hortik ezin dela ondorioztatu zuzentzaileek bazekitela zer ikastetxetakoak ziren azterketa egin zutenak: «Horrek ez du esan nahi ikastetxeen jatorria jakinarazten zaienik edo zein den badakitenik; ezta jakiteko aukeraeduki arren benetan badakitenik ere». Azterketak zuzentzeko sistemak anonimotasuna bermatzen duela nabarmendu du.
Helegitearen arabera, autoek ez dute argudiatu zergatik uste duten ikasleen nortasunaren eta jatorriaren anonimotasuna urratu zela. Autoek diote ikastetxeen anonimotasuna ez zela errespetatu, epaimahaiek aukera zutelako zer ikastetxetako azterketak zuzenduko zituzten jakiteko. Unibertsitateak azalpen gehiagoren falta du.
Autoei «arrazoitze falta» egotzi die. Autoen arabera, euskarako kalifikazio apalek «kalte egingo» diote helegitea aurkeztu duten ikasleen batez besteko kalifikazioari, eta, ondorioz, baliteke zenbait gradutan onartuak ez izatea. EHUren ustetan, hori hipotesi bat baino ez da, helegitea aurkeztu zutenean oraindik ezarri gabe baitzeuden gradu bakoitzeko gutxieneko kalifikazioak, eta ez baitzen zehaztu ikaspostuak nori zegozkien. Horregatik, unibertsitatearentzat, planteamendua «abstraktua eta hipotetikoa» da.