Droneak, txakurrak eta identifikazioak. Ertzaintzak itxi egin ditu Arabako campuseko inguruak, eta sarrerak kontrolatzen ari dira. Izan ere, 12:30ean dira ultraeskuindarrak joatekoak Gasteizko Farmazia Fakultatearen egoitza aitzinera, eta horren kontra protesta egitera deitu dute ikasleek. 12:00etarako egina zuten elkartzeko deia, Farmazia Fakultatearen egoitzako sarreran bertan; baina protesta fakultatearen atzeko aldera eramateko agindu diete. Polizia goizetik ari da dena arakatzen: estoldak irekitzen, txakurrekin, autoak eta edukiontziak kentzen... dena dago hesituta eta ertzainez beteta. Are, tren geltokian dagoen jendea identifikatzen ari da Ertzaintza.
Bien bitartean, Voxen agerraldiaren kontrako elkarretaratzea egin dute Andre Maria Zuriaren plazan, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta. Faxismoaren aitzinean Euskal Herri antirrazista, feminista eta euskalduna aldarrikatu dute: «Ekitaldi horren kokagune gisa Euskal Herriko hiriburu bateko campus bat aukeratu badu, argi dago zein den haren helburua: istiluak eragin, polarizazioa elikatu eta bere zaleei bazka ematea».
Ezinbertzekotzat jo dute gaur mobilizatzea, «ozen adierazteko» unibertsitatean eta herrian ez dutela faxismorik nahi. «Denon bizitzak erdigunean jarriko dituen, aniztasuna bere egingo duen eta denon eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri bat nahi dugula aldarrikatzeko», erran dute.
Voxen gibelean «elite ekonomikoen interesak» daudela seinalatu dute, eta alderdi horren mezu xenofoboei, jarrera patriarkal eta matxistei eta jardun euskarafoboari erantzun behar zaiela erran: konpromiso antirrazista indartuz, eraldaketa feministaren aldeko apustua berretsiz eta Euskal Herri euskalduna eta burujabea aldarrikatuz. «Faxismoaren eraso eta probokazioen aurrean, Euskal Herria eraldatzeko eta askatzeko borroka indartzeko konpromisoa hartzen dugu», gehitu dute.
«Probokazio tresna»
«Adierazpen askatasuna ezin da erabili oinarrizko eskubideak zapaltzen dituzten mezuak legitimatzeko». Ikasgaia ongi ikasia dauka EHUko ikasle kontseiluak, eta gaur ohar bidez esplikatu du «konfrontazioa» eragitera etorriko direla Voxekoak Arabako campusera.
«Arduratuta» agertu da ikasle kontseilua, eta nabarmendu «borroka politikorako kanpo estrategiek» ez lituzketela baldintzatu behar aurrez aurreko eskolak. Izan ere, gaur telematikoki emanen dute eskola, eta itxita egonen dira Arabako campuseko fakultateetarako sarbideak eta aparkalekuak.
Ikasle kontseiluaren irudiko, ez da kasualitatea manifestaziora gaurko egunez deitzea, eta campusean egiteak «argi» uzten du ekitaldia bera «unibertsitateko komunitatea interpelatzeko» mekanismo bat dela. Eta eskaera bat egin du jarraian: «EHUk ezagutzarako, eztabaidarako eta pentsamendu kritikorako leku seguru bat izan behar du aurrerantzean ere, eta, hortaz, fakultateetatik hain hurbil muturreko ideologia bat ospatzea ezin da gertaera neutral gisa ulertu».
Era berean, «gorrotoa, diskriminazioa eta bazterkeria sustatzen dituzten mezuak» gaitzetsi ditu ikasle kontseiluak, eta gaineratu «espazio seguru baten aldeko lanean» arituko dela hemendik aitzinera ere.