Hautsak harrotuta daude Nafarroako hezkuntzan. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok iragarri zuen itunpeko sareak 3 urteko haurrentzako hamalau ikasgela gutxiago izango dituela 2026-2027ko ikasturtetik aurrera; erabakiak zazpi ikastolatan izango du eragina, bereziki, Lodosako Ibaialden: HH Haur Hezkuntzarako duten itun bakarra kendu nahi diote. Hori horrela, ehundik gora norbanakok eta eragilek Lodosako Adierazpena sinatu dute, Gimenori gelak ixteko «erabaki arbitrarioa» atzera bota dezala eskatzeko.
Ikusi gehiago
Adierazpenean jaso dutenez, badira 40 urte «ameslari batzuek» Lodosako Ibaialde ikastola sortu zutela Lodosa, Andosilla, Sartaguda, San Adrian, Pradejon, El Villar de Arnedo, Alcanadre, Azagra, Carcar eta Mendabiako familientzat: «Euskaraz ikasteko eskubidea bermatu nahi genuen, eta herritarrak erdigunean izango zituen hezkuntza eredu parte hartzaile komunitarioa eraiki genuen». Harrezkero, ehunka ume hartu dituzte: «Ehunka ikasle eta familia etorri dira gurera, gurekin ikasi dute, gurekin auzolanean parte hartu dute, baina ez guretzat, eskualde osoarentzat baizik. Eta Nafarroarentzat».
Gainera, adierazpenean nabarmendu dute ez direla bakarrik aritu, elkarte, talde eta norbanako askorekin elkarlanean baizik: «Lodosako Ibaialde ikastola arrakasta kolektibo baten emaitza da. Altxor partekatua».
Alabaina, salatu dute orain «erabaki arbitrarioa» hartu duela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak, «ikastolen aurka, euskarazko irakaskuntzaren aurka»: «Orain arteko irizpideak ez dituzte aplikatu, eta ito egin nahi gaituzte. Ez dugu leun esango: Lodosako ikastola bere desagerpenera eraman dezakeen erabaki arbitrarioa hartu dute».
Hala, zera eskatu diote Nafarroako Gobernuari: «erabaki arbitrarioa» atzera bota dezala eta entzun dezala adierazpena sinatu duten eragile eta pertsona guztien «oihu ozena».
Etzi, kalera
Gimenoren erabakiaren harira, zenbait protesta antolatu dituzte, eta, besteak beste, etzi protestak egingo dituzte ikastolak dauden Nafarroako hamabost herrietan.