Ekainaren 20an egingo da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa

EAJk eta PSE-EEk lau aste dituzte Pradales lehendakari bilakatzeko akordio bat lortzeko. Zin egiteko ekitaldia ekainaren 22an egingo da.

Ekain Rico, Eneko Andueza eta Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ekain Rico, Eneko Andueza eta Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko maiatzaren 21a
12:40
Entzun

Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak aurreko astean iradoki zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko inbestidura saioa ekaineko hirugarren astean egingo dela, eta hala baieztatu dute gaur Eusko Legebiltzarreko Mahaiko bilkuran: inbestidura saioa ekainaren 20an egingo da, eta lehendakariak hilaren 22an egingo du karguaren zina, Gernikako Batzar Etxean. Hala, EAJk eta PSE-EEk lau aste dituzte gobernu akordio bat lortu eta Imanol Pradales jeltzaleen lehendakarigaiaren inbestidurari bide emateko.

Lehendakariaren inbestidurarako data bolo-bolo ibili da azken egunetan, eta gaur susmoak egitate bilakatu dira. Tejeria Eba Blanco, Eraitz Saez de Egilaz (EH Bildu), Susana Corcuera (PSE-EE) eta Jon Aiartza (EAJ) mahaikideekin elkartu da, eta jada zehaztu dute data. Baieztapen ofiziala, baina, ez da ostegunera arte iritsiko. Orduan bilduko da Eusko Legebiltzarreko Eledunen Batzordea. Bertan, bateraezintasun batzordearen erabakia berretsiko dute, eta Tejeriak inbestidurarako egutegia baieztatuko die.

Ezusterik ezean, EAJren lehendakarigai Imanol Pradalesek eskuratuko du gehiengoa lehendakari bilakatzeko. Apirileko hauteskundeen ostean hasi ziren negoziatzen EAJ eta PSE-EE, eta ez dute bien arteko akordio bat lortzea beste aukerarik planteatu. Bien artean, 75 eserlekutik 39 dituzte; hau da, gehiengo osoa.

Bitarte honetan, EH Bildu kexu azaldu da jeltzaleek eta sozialistek izandako jarrerarekin. Pello Otxandiano lehendakarigaiak kritikatu zuen bi alderdi horiek ez errespetatu izana ¬ęgutxieneko kortesia parlamentarioa¬Ľ. Era berean, koalizioak ez du zehaztu Otxandiano inbestidurara aurkeztuko ote den, nahiz eta ez lukeen lehendakari bilakatzeko adina babes eskuratzeko modurik. Azken hiru inbestidura saioetan, koalizioak Laura Mintegiren (2012) eta Maddalen Iriarteren (2016 eta 2020) hautagaitzak aurkeztu zituen.

Eusko Legebiltzarrean, lehendakaria izendatzeko inbestidura saioetan hautagaien aldeko botoa ematea edo zuri bozkatzea beste aukerarik ez dago. Hartara, aurkeztutako lehendakarigaien artean boto gehien eskuratzen duena izendatzen da kargurako. Apirileko hauteskundeen ostean, Pradales litzateke horretarako beta duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.