ELAk adierazi du «beharrezkoa» dela Osakidetzako langile guztiek greba mugagabea egitea

Sindikatuak salatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskadiko Sendagileen Sindikatuari bakarrik eskaini dizkiola hobekuntzak, eta hobekuntza horiek «mugatuak» direla. Ekainaren 25erako deitu du sindikatuak lehen elkarretaratzera.

ELAko Osakidetzako ordezkariak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELAko Osakidetzako ordezkariak, gaur, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Julen Urrestarazu
2026ko ekainaren 16a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako medikuen greba batzordeak baieztatu zuen atzo Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek greba mugagabea hasiko dutela irailean. Gaur, ordea, ELAk azpimarratu du «beharrezkoa» dela «Osakidetzako langile guztiek greba mugagabea egitea», eta jakinarazi dute ekainaren 25erako antolatu dituztela lehen elkarretaratzeak Osakidetzako zentro guztietan.

ELAko Osakidetzako ordezkariek uste dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lan baldintzen akordiorik «merkeena» lortu nahi duela, hau da, «hobekuntza mugatuak» eskaini nahi dizkiela «kolektibo jakin batzuei». «Osakidetzako kolektibo guztiek pairatzen dituzte lan baldintza prekarioak, eta konponbideak ezin dira kategoria jakin batzuetara mugatu», azaldu dute ordezkariek.

Izan ere, pasa den astean Alberto Martinez Osasun sailburuak zenbait neurri hartzea proposatu zion SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuari, eta neurri horien kostua «70 miloi eurokoa» izango zela iragarri zuen. Martinezen proposamena «onartezina» dela uste du ELAk, mahai sektorialetik kanpo egin zelako eta eskaintzak ez zuelako edukirik.

ELAren arabera, SMEk «erabateko isiltasunez» jokatu du mahai sektorialean grebari edo bertako aldarrikapenei dagokienean. Hori dela eta, Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak uste du Osasun Sailak «diruz erosi» nahi dituela SMEren «elementu korporatiboenak, mediku gehienen osasunaren kontura»: «Oso deigarria da SMEk ez salatzea atzeratutako kirurgiak deribatzeko erabakia, greba eskubidea urratzen baitu». 

Sindikatuko ordezkarien ustez, Martinezen proposamenak erakusten du Osakidetzako langile guztien lan baldintzak hobetzea «borondate politikoaren mende» dagoela: «Eskaintza horrek berak, mahai sektorialaren eduki faltarekin batera, agerian uzten du Eusko Jaurlaritzak ulertzen duen hizkuntza bakarra mobilizazioa eta greba direla».

Eskatutako neurriak

ELAk azaldu du hamazazpi urte igaro direla Osakidetzako langileen lan baldintzak azkenekoz berritu zituztenetik, eta ez dela «benetako aurrerapausorik eman mahai sektorialean». Gainera, Saavedrak salatu du Osasun Sailak «kudeaketa on baten irudia» eman nahi duela eta beren eskumeneko arazoen erantzukizuna Espainiako Osasun ministroari egozten diola.

Horregatik, sindikatuak hainbat neurri eskatu ditu Osakidetzako langile guztientzat, besteak beste, soldatak hobetzea, lanaldi arrunta murriztea, behin-behinekotasuna murriztea eta aparteko orduak eta lanaldi osagarria ezabatzea. Gainera, langile taldea gaztetzeko, berdintasun plan eraginkorrak adosteko eta langileak eta administrazioa euskalduntzeko neurriak garatzea eskatu du.

Horrez gain, duela 30 urte baino gehiago ezarritako «autokontzertazio sistema» gaitzetsi du ELAk: «Ondorioztatu zen ohiko jarduerak ez zituela betetzen herritarrei arreta emateko beharrak, eta langile taldeak handitzearen aldeko apustua egin beharrean, langileek aparteko orduak egitea erabaki zen». Uste du egoerak «okerrera» egin duela, eta autokontzertazioa eta guardiak «erabat ezabatzeko» prozesu bat abiatzearen alde egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA