Protestara jo dute berriro Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileek, baina oraingo honetan bada berririk: Kristau Eskola eta IZEA epailearen aurrean izan dira beste behin ere. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak gaur goizean epaitu ditu patronalak Bilbon, eskubide sindikalak urratzearren ELAk auzitara eramanda. Sindikatuak, gainera, elkarretaratze bat egin du gatazkaren berri emateko.
Ez betetzea fede txarra da leloa ozentze aldera itunpeko ikastetxe horietako dozenaka ordezkari bildu dira 13:00etan epaitegi aurrera. Izan ere, 2024ko otsailean hitzartu zuten Kristau Eskolak eta IZEAk lan baldintzak hobetzeko akordioa, eta ordutik hona sindikatuek behin baino gehiagotan jo dute auzitara bete bakoak salatzera —ELAk batetik, eta Steilas, CCOO, LAB eta UGTk bestetik—. Gaurko epaiketa ELAk abiatutako auzibide baten ondorioa da: salatu du patronalek «behin eta berriz» hautsi dituztela akordioan berbatutakoak, eta «zigorrak ezartzea» eskatu dute.
Eskaera zaharrak, epai berriak
Hamalau greba egun egin ostean sinatu zuten akordioa eskola erlijiosoetako langileek, baina, bi ikasturte geroago, hitzarmen hartan adostutako hainbat neurri paperean baino ez daude oraindik. ELAk gogorarazi du astean eskola ordu bat gutxitzeko eskea airean dagoela oraindik, eta ondorioz irakasleek oraindik ezin izan dutela prestaketarako ordu osagarri hori baliatu. Patronalek Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu dute neurri horren aurka, eta bien bitartean ez aplikatzeko agindu diete ikastetxeei. Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunaren esanetan, azken urteetan «ohitura» bihurtu da greba dinamika «garrantzitsu» baten ondoren sinatutako akordioei patronalek jaramonik ez egitea. Defendatu duenez, jarrera horrek «negoziazio kolektiboetan egon beharko litzatekeen fede on guztia» zapuzten du, eta langileak epaitegietara joatera behartzen ditu. «Auzitara jo beste irtenbiderik ez digute utzi».

Bosgarren aldia da sindikatuak auzitegietarako bidea hartzen duena, patronalek hainbat urte daramatzatelako neurriak ez betetzen. Azken hitzarmenean berbatutako ordu murrizketa ez ezik, adostutako soldata igoerak zein kalte ordainetan hartutako konpromisoak ere ez dira gauzatu, ELAk salatu duenez. Eta, epaitegiek patronalaren zenbait erabaki legez kontrakotzat jo dituzten arren, lanpostuak betetze aldera hitzartuta zeuden bilerak ere egiteke daude oraindik.
Patronalek epaitegietan darabilten argudiaketa «beti berdina» dela arrazoitu du sindikatuak, eta auzitegiek dagoeneko baztertutako argudioetara jotzen dutela maiz. Etorkizuneko negoziazioetan horrelako jarrerak «eragotzi» gura dituela ziurtatu du ELAko ordezkariak, tirabirek langileei ez ezik ikasleei ere eragiten dietelako.