Eusko Legebiltzarrean zabalik dago Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko eztabaida, euskara eskakizunen arloan bestelako araubide bat ontzeko. EAJren eta EH Bilduren lege erreforma proposamenak atera ziren aurrera urriaren hasieran; orain, eragileak horien gainean ekarpenak egiten ari dira. Gaur, besteak beste, ELAren eta LABen ordezkariek hitz egin dute Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasunaren Batzordean, EH Bilduk eskatuta. Biek ala biek eskatu dute euskara gazteleraren pare jartzeko administrazio publikoan.
Pello Igeregi ELAko euskara arduradunak egungo egoeraren argazkia egin du: «Langile publiko guztiak gaztelaniaz jakitera behartuak daude, eta administrazio gehienetan gaztelania da indarrez ezarritako lan hizkuntza». Ondorioz, Igeregiren esanetan, gaztelaniaz jardutea bakarrik dago beti bermatuta: «Soilik gaztelerazko zerbitzua bermatzen da momentu oro». Are: «Euskaldunek zerbitzua euskaraz jaso nahi badute, beren burua nabarmendu beharra dute egoera oso zaurgarrietan, eta, hala ere, sarritan ez dute euskarazko zerbitzurik jasotzen». Horrenbestez, ELAren irudiko, herritar eta langile euskaldunak «bigarren mailakoak» dira.
Egoera salatu ez ezik, konponbideak ere proposatu ditu sindikatuak: «Langile guztiak egonkortu daitezela; erretiroa hartzear daudenek har dezatela erretiroa, baina haien erreleboak euskaldunak izango direla bermatuta». Halaber, uste dute langile gazteagoei «euskalduntzeko baliabideak eta arrazoizko epeak» eman behar zaizkiela. Finean, hauxe dute xede: «Bi hizkuntza ofizialen eskakizunak parekatuko dituen trantsizio bat gidatu daiteke». Erantsi du EH Bilduren proposamenak ematen duela trantsizio hori «gidatzeko» aukera, baina galdegin du «proposamenean behin-behineko langile guztiak egonkortzeko formula bat» jasotzea.
LAB, paradigma aldaketa eske
Administrazioa euskalduntzeko paradigma eraldatzea. Horixe eskatu dute LABeko ordezkariek Eusko Legebiltzarrean. Izan ere, sindikatuaren irudiko, egun ikuspegi nagusia hauxe da: administrazioa «erabat gaztelera hiztuna» dela eta nahikoa dela euskarari «arreta zerbitzuetan bere txokoa» eskainita; ohartarazi du «inboluzioaren arriskua» dagoela bide beretik jarraituz gero.
Horren seinale, azken urteetan areagotu den oldarraldi judiziala: «Kolokan jartzen ari da administrazioaren euskalduntzea. Eta epaietan jaso diren lan deialdi horiek bakarrik ez: hurrengo lan deialdia edo euskararen aldeko bestelako edozein neurri auzitara eramango duten beldurrez, atzerakada larriak egiten hasiak dira administrazio askotan».
Horregatik, LABek «eraldaketa sakona» galdegin du, oldarraldi horri aurre egiteko eta administrazioaren euskalduntzean «jauzia» egiteko. Bi pauso proposatu ditu. Bat: legea aldatzea, prozesuari «segurtasun juridikoa» eskaintzeko. Eta bi: administrazio osoko lanpostu guztiei hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data jartzea, euskara gazteleraren maila berean kokatzeko. «Hori egiaztatzeko denbora tarte bat beharko duten langileentzat geroratze indize bat egotea onartzen du LABek, eta euskaldundu daitezen baliabide gehiago eta liberazioak eskatu ditu, beste hainbat neurriren artean», azaldu dute.Â
ELAri bezala, LABi ere EH Bilduren testua iruditzen zaio egokiena. «EAJk proposatu duen egungo derrigortasun indizea desagertzea oso kezkagarritzat jotzen dugu. Izan ere, aldaketa horrek ez du ezer konponduko eta ez du ziurtasun juridikorik emango».