Astelehenerako deia egina du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: mahai bat abiaraziko du eskola segregazioaren kontrako itun bat lortzeko. ELA sindikatuak gaur agerraldi bat egin du jakinarazteko foro horretan ez duela parte hartuko. Esan du administrazioa «neurri zehatzik gabeko eztabaidak» abiarazten ari dela, eta segregazioaren auzia bideratze aldera oso bestelako neurriak hartu behar direla: «aldaketa estrukturalak» eskatu ditu. Hezkuntza sisteman ordezkaritza duten gainerako sindikatuei ere eskatu die ez parte hartzeko Jaurlaritzak abiaraziko duen prozesuan. Hala ere, sindikatuetako ordezkariak izango dira bileran. LABek, adibidez, bilerarako deia egiteko era kritikatu duen arren, bertan izango dela jakinarazi du.Â
ELAk onartu du eskola segregazioa hezkuntza sistemak egun duen «arazo larrienetako bat» dela. Hor eraginkortasunez erantzuteko, «gutxienez» hiru esparrutan jardun behar dela esan du. Baga: eremu pedagogikoan. «Alde batetik, euskarazko murgiltze eredua ezarri behar da ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak jakiteko aukera izan dezaten», gogora ekarri du. Era berean, «euskal kulturaren erreferentzialtasunetik» abiatutako curriculum propioa beharrezkoa dela uste du. ELA sindikatuaren izenean Leire Gonzalezek eta Miren Zubizarretak hartu dute hitza gaur, Bilbon egin duten agerraldi batean.Â
Biga: baliabideen eremuan ere aldaketak behar dira. Bide horretan, ikasle eta hezkuntzako langileen ratioa hobetu egin behar da. Sindikatuak nabarmendu du ikasle etorri berriei «harrera osoa» emateko ezinbestekoa dela hori, eta hizkuntza harrera egoki bat lortzen lagun dezakeela bereziki. Bide horretan «profesional espezifiko gehiago» ere behar direla azaldu du, eta bestelako neurriak ere hartu behar direla irakasleen jarduna errazteko eta ikasleen aukerak hobetzeko.Â
Higa: sistemaren egituraketan ere moldaketak behar dira, ELAren iritzian. Egungo sare banaketan oinarritutako sistema «gainditu» egin behar da, eta «erabat publikoa izango den sistema propio baten bidean» urratsak egin behar dira. Era berean, aldaketak egin behar dira matrikulazio sisteman eta matrikulazio bizian, ikasle tipologia guztien «banaketa orekatua» ziurtatze aldera.
Bazterrean utzitako eskariak
ELAren arabera, ordea, Jaurlaritzak «uko» egin die horiei guztiei. «Uko egin zien 2023an onartutako Hezkuntza Legean eta uko egin zion udaberrian grebei amaiera emateko Steilasekin, LABekin, Interinoekin eta CCOOrekin erdietsitako akordioan», adierazi du. Hain justu ere, iaz, ikasturte amaieran, hainbat grebaren eta mobilizazioren ostean, akordioa hitzartu zuen Hezkuntza Sailak sindikatu horiekin, baina uko egin zion ELAk, hezkuntza sistema egoki baterako bermeak ematen ez zituela argudiatuta. ELAk «sakoneko aldaketak» eskatu zituen orduan ere, negoziazio mahaitik atera zen akordioarekin kritiko: «Orain arteko proposamenek ez dituzte horiek jasotzen»
ELAk uste bera dute orain Jaurlaritzak abiarazi nahi duen prozesuaren inguruan. «Ezinezkoa da ikasleen segregazioari eta kohesio sozialari erantzutea aipatutako aldaketak bultzatzen ez dituen Hezkuntza Legea eta udaberriko akordioa oinarri hartzen badira», argudiatu du. Osasun ituna lortzeko prozesua ere bultzatu du iragan hilabeteotan Jaurlaritzak, horrekin ere kritikoa izan da ELA, eta gaur berriz adierazi du halako foroak «argazki hutsean» geratzen direla maizegi: «Ildo orokorregiak besterik ez dira adosten, konponbiderako neurriak beharrean, eta ez dira kontuan hartzen parte hartzaileen ordezkaritza eta zeregina».
ELAk esan du beste hainbat eragilerekin harremanetan jarri dela «kohesio soziala lortzeko» aldarrikapenak hitzartu eta horien aldeko mobilizazioak abiarazteko.Â
LAB sindikatuko ordezkariek Jaurlaritzaren deiari uko egingo ez dioten arren, prentsa ohar baten bidez azaldu dute ez dutela esperantza handirik prozesuan. «Adostasunerako benetako borondatetik baino gehiago irudikapenetik» duela uste dute. Eta bilerarako deia egiteko modua guztiz desegokia izan dela ere salatu dute. «Eragile gonbidatuok gaur-gaurkoz ez dakigu zein diren foroaren eta bileraren gai zerrenda, helburua eta edukiak, metodologia eta parte hartzaileak. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak prentsan egindako adierazpenen bidez jakin du LABek dakien apurra».