ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzaren etxebizitzaren lege proposamena «ez da nahikoa» higiezinen krisiari aurre egiteko. Salatu duenez, proposameneko neurriek «merkatuaren logikari» jarraitzen diote, eta ez diote egungo egoerari erantzuten. Horiek horrela, sindikatuak eskatu du legea bertan behera uzteko, BPGaren %2 etxebizitza politiketarako jartzeko, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa tentsio handiko eremu izendatzeko.
Etxebizitza, Lurzorua eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei Buruzko Lege Proposamenaren balorazioa egin du sindikatuak gaur, Bilboko egoitzan. Agerraldian, Aitor Murgia eta Janire Landaluze sindikatuko Azterketa Bulegoko kideek hartu dute hitza, eta legea gogor kritikatu dute: «Jaurlaritzak etxebizitza espekulatzeko tresna bilakatu du, eta ez eskubide, legeak zehazten duen bezala».
EAJk eta PSE-EEk ekainean onartu zuen tramiterako 2025-2027ko Etxebizitzaren Gida Plana. Proposamenak neurri hauek biltzen zituen, besteak beste: babes ofizialeko etxebizitzak finantzatzeko funts bat eratzea, hirigintza araudia malgutzea, udalek Eusko Jaurlaritzari emandako lurzoruarekin etxebizitza babestuak eraikitzeko erreserba bat osatzea eta tentsio handiko eremuak izendatzea. Legeak ez zuen beste alderdien babesa jaso. Urte bukaerarako, proposamena lege bihurtuko da.
Enpresen interesen mesederako
Agerraldian, Landaluzek salatu du egungo gizartean etxebizitza «lehen mailako arazo» bilakatu dela. Ondorioz, «oso larritzat» jo du etxebizitza babestuetarako gordetako lurzorua murrizteko lege proposamenak ematen duen aukera. Udalen esku egongo da etxebizitza babestuetarako lurzorua murriztea: %75etik %60ra. Landaluzek adierazi du neurri hori «enpresen interesen mesederako» eginda dagoela. «Etxebizitza babestua eraikitzea ez da etxebizitza librea bezain errentagarria», erantsi du.
Lege berriak kolektibo zaurgarriei ere eragiten diela nabarmendu du Landaluzek. Jaurlaritzaren araudiaren arabera, ezinbestekoa da etxebizitza titulu baliodun bat edukitzea DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eskatzeko. Hau da, etxebizitza bat erosi edo alokatu ezin dutenek ez dute prestaziorik jasotzeko aukerarik izango. Neurri horiek ondorio larriak izango dituztela ere azpimarratu du Landaluzek: «Egoerak horrela jarraitzen badu, datozen hamarkadetan zatiketa sozial bat egongo da etxebizitza daukatenen eta ez daukatenen artean».
Landaluze tramite burokratikoak lausotzeak izan ditzakeen ondorioez ere mintzatu da. Lege proposamenean, murriztu edo hautazko bihurtuko dituzte etxebizitzak eraikitzeko egun beharrezkoak diren eskakizunak. Sindikatuko kideak azaldu duenez, horrek eragin negatiboa izan lezake ingurumen arloan. Alde horretatik, bat egiten du iragan astean Euskal Herriko ia hogei talde ekologistak lege proposamenaren aurka egindako adierazpenarekin.
Gabeziak
Murgiak Eusko Jaurlaritzaren «lidergo falta» salatu du, eta adierazi «eskumenen esparrua aitzakiatzat» baliatzen duela «neurri eraginkorrak ez hartzeko». Halaber, Espainiako Gobernuak 2023an tramitatu zuen Etxebizitza Legearen «gabeziak betetzeko aukera galtzea» ere leporatu dio Jaurlaritzari. Horren guztiaren adierazle da, Murgiaren esanetan, udalen esku uztea tentsio eremuen izendatzea edo etxebizitza turistikoen mugatzea. Argudiatu du erabaki horiek delegatzeak araudia ez ezartzea eragiten duela.
Gazteei etxebizitzak erosten laguntzeko Jaurlaritzak hartutako neurriak ere kritikatu ditu Murgiak: «Eskaintzen dituzten abalek gazteak zorpetzea eragiten dute, eta bankuen negozioa ziurtatu baino ez dute egiten». Horri erreferentzia eginez, gehitu du EAJren jarrera, etxebizitza politikei dagokienez, beti izan dela «enpresen interesen aldekoa», eta mugatu egiten duela «Jaurlaritzaren menpe dagoen etxebizitzen eskumena garatzeko aukera».
Murgiak, halaber, ELAk etxebizitzaren krisiari «bere osotasunean» aurre egiteko pentsatutako proposamenak mahaigaineratu ditu. Lehenik eta behin, lege proposamena atzera bota behar dela azpimarratu du, eta, horrekin batera, ezinbestekoa dela etxebizitza babestu gehiago eraikitzea. Bizileku horiek eraikitzeko, ordea, «eredu publiko baten aldeko pausoak» eman behar direla nabarmendu du. Hutsik dauden etxebizitzak mobilizatu eta alokairuan jartzea ere aipatu du neurri gisa, baita aldi baterako alokairuak eta etxebizitza turistikoak mugatzea ere. Halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoa tentsio eremu izendatzeko eskaria ere egin dio Jaurlaritzari. Murgiaren esanetan, proposamen horiek gauzatzeko nahitaezkoa da BPGaren %2 etxebizitza politiketarako ematea eta, aldi berean, Jaurlaritzak lidergoa hartu eta aldundiekin eta udalekin era koordinatuan lan egitea.
EAJk eta PSE-EEk bultzaturiko etxebizitzaren lege proposamenari 47 zuzenketa aurkeztu dizkio EH Bilduk, iragarritako aurrekontu igoerak «espekulatzaileen eskuetan amai» ez dezan. Xabier Astigarraga legebiltzarkideak azaldu duenez, jeltzaleen eta sozialisten proposamenaren aldean, etxebizitza parke publikoaren alde egin nahi dute apustu, babes ofizialeko etxe kopurua handitzeko aukera emanez udalei, baita alokairurako etxebizitzen portzentajea handituz ere: hala, zoru eraikigarrietan etxebizitzen %37,5 alokairurako izatea nahi du, eta hiri lurzoruetan %20koa. Koalizioak herritarren ahalmen ekonomikora egokitutako etxebizitzak eraikitzea proposatzen du, eta ontzat jotzen du eraikitzeko tramiteak azkartzea, betiere «neurrian eginez gero».EH Bilduk 47 zuzenketa aurkeztu ditu