ELAk Kutxabanki egotzi dio euskarari «bizkarra ematea», langileen eta bezeroen kaltetan

Egoera salatzeko elkarretaratze bat egin dute, Kutxabankeko Bilboko egoitzaren aurrean. ELA sindikatuak iragarri du hilero egingo dituela mobilizazioak eta protestak.

Kutxabankeko langileak gaur, Bilboko Kale Nagusiko egoitzaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Kutxabankeko langileak gaur, Bilboko Kale Nagusiko egoitzaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko azaroaren 5a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kutxabankek euskarari ematen dion lekuari buruzko zalantzak badira. Hego Euskal Herriko finantza erakunde nagusiaren presidente Anton Arriolak esan zuen euskarazko hezkuntza «oztopo» dela, atzerriko talentua erakartzeko. 2025eko martxoan egin zituen adierazpenak, horien kontrako mezu ozenak zabaldu ziren orduan, baina ordutik hona «atzerapauso gehiago» izan dira, ELA sindikatuak ohartarazi duenez. Horiek horrela, Kutxabanki eskatu dio jarrera aldatu eta euskararen hedapenean «benetako urratsak» emateko, barne funtzionamenduan eta herritarrei begirako jardunean.

Kutxabankeko ELAko atal sindikaleko 30 langile inguruk kontzentrazioa egin dute gaur, finantza erakunde horren egoitzaren aurrean, Bilboko Kale Nagusian: ohartarazi dute euskararen biziberritzera begira enpresan eman diren «atzerapausoez», eta gogor salatu Kutxabanken «utzikeria eta konpromiso falta» hizkuntzarekiko.

«Garai batean Euskal Herrian errotuta zegoen, baina gero eta urrunago dago proiektu honen erabakigunea, herritik, bezeroengandik eta langileengandik»

IRAIA AZPIAZUELAko ordezkaria

Beharginek 15:15ean zabaldu dute pankarta: Kutxabank euskara baztertzen. Errotzea non? Euskarari errespetua leloa irakur zitekeen plastikoan. Horiek horrrela, ordu erdiz oihukatu dituzte «Banketxeetan ere euskaraz» eta «Euskara indartu, errotzea bermatu» aldarriak. Finantza erakundeko presidenteari ere mintzatu zaizkio, hark euskararen inguruan egin zituen adierazpenak gogoan hartuta: «Arriola entzun, Kutxabank euskaldun». 

ELAkoek gehitu dute «Euskal Herriarekiko errotze galera» ere gero eta nabarmenagoa dela Hego Euskal Herriko finantza erakunde handienean. «Garai batean Euskal Herrian errotuta zegoen, baina gero eta urrunago dago proiektu honen erabakigunea, herritik, bezeroengandik eta langileengandik», kritikatu dute sindikatuko ordezkariek. Esan dutenez, erabakiak «gero eta gehiago» hartzen dira «estatuko hedapenaren interesen arabera» eta, sindikatuaren iritziz, «bertako profesionalen eta euskal nortasunaren kaltetan».

Bigarren mailan

ELAren arabera, ondorio zuzenak ditu norabide aldaketa horrek: «Bertako profesionalak bigarren mailan uztea, euskararen aldeko benetako apusturik ez egitea, eta lurraldearen ezagutza zein sentiberatasuna galtzea».

Iraia Azpiazu ELAko ordezkariak eman ditu adibide zehatzak: «Batez ere [Euskal Herritik] kanpoko pertsonak aukeratzen dituzte goi mailako lanpostuak betetzeko. Talentudun gazteak ere kanpotik ekartzen dituzte». Azalekoa da hor euskararen trataera: «Marketin tresna bat bezala erabiltzen ari dira».

«Bezeroek gero eta zailtasun gehiago dituzte bulegoetan euskaraz artatuak izateko, ez baitzaio hizkuntzari behar bezalako garrantzia ematen langileen hautaketa prozesuetan»

IRAIA AZPIAZU ELAko ordezkaria

Horrek guztiak eragina dauka bezeroengan. «Gero eta zailtasun gehiago dituzte bulegoetan euskaraz artatuak izateko, ez baitzaio hizkuntzari behar bezalako garrantzia ematen hautaketa prozesuetan», aitortu du Azpiazuk. Sindikatuko ordezkariak nabarmendu duenez, egon badago bezeroak euskaraz artatzeko langilerik ez daukan bulegorik. Baina, barnera begira ere «gero eta gehiago erdarara» jo behar izaten dute beharginek, «profesional asko kanpotik ekartzen baitituzte». Etsigarritzat dute ondorioa: «Gero eta arnasgune gutxiago ditugu langileok euskaraz egin ahal izateko». 

Hautaketa prozesuak

Horiek horrela, euskara ez bazterrean uzteko eskatu dio ELAk Kutxabanki: «Ez da apaingarri bat, ezta marketin tresna bat ere. Gure nortasunaren, sustraien eta herriaren funtsezko parte da». Bestalde, ELAk ez du onartzen «Euskal Herrian sustraitutako erakunde batek bere jatorriari bizkarra ematea». Besteak beste, eskatzen dute euskara lehenestea hautaketa prozesuetan.

Sindikatuak iragarri du protestekin jarraituko duela. Hilabetean behin egingo dituzte mobilizazioak, Azpiazuk azaldu duenez. «Epe luzeko borroka bat da, elkarri lotuta dauden bi kontu salatzen ari garelako: euskararen bazterketa eta nortasun galera».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA