ELAk salatu du Jaurlaritzak baliorik gabe utzi duela bioinstitutuetako zuzendaritzaren eta langileen arteko akordioa

Langileek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Donostiako eta Gurutzetako erietxeen atarietan, eta adierazi dute «aukera bakarra» auzitara jotzea izan dela.

Biogipuzkoako langileek Donostia ospitalean gaur egin duten elkarretaratzea. IRATI MONTIEL
Biogipuzkoako langileek Donostia ospitalean gaur egin duten elkarretaratzea. IRATI MONTIEL
Donostia
2026ko uztailaren 23a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bioinstitutuetako langileek osasun arloko goi mailako ikerketa egiten dute. Esaterako, minbizia, esklerosia eta alzheimerra ikertzen dituzte. Osakidetzaren ardurapean dauden zentroetan 600 langile inguru ari dira — 258 Bizkaian, 245 Gipuzkoan eta 50 Araban—. Erakundeak osasun sistemarenak dira, baina langileak ez dira zuzenean Osakidetzakoak. Horren ondorioz «lan baldintza kaskarragoak» dituztela salatu dute behin baino gehiagotan, eta ez direla aintzat hartzen euren jarduna eta ibilbidea.

Gaur, ELA sindikatuak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Donostiako eta Gurutzetako erietxeetako atarietan. Eusko Jaurlaritzak bioinstitutuetako zuzendaritzaren eta langileen arteko akordioa baliorik gabe utzi duela salatu dute protesta horietan. Adierazi dute auzi honetan izan duten «aukera bakarra» auzitara jotzea izan dela eta eskatu dutela EAEko Zientzia Legearen aplikazioa betetzeko. Aurrez elkarrizketaren bidea urratu bazuten ere, negoziazio bidea agortuta gelditu zenean, bioinstitutu bakoitzean kudeaketa zein zientzia teknikari alorretako auzi eskeak sartu zituztela gogoratu dute, eta modu horretan ekin ziotela epaitegietarako bideari.

Elkarretaratzeetan azaldu dutenez, bioinstitutuetako zuzendaritzek akordio proposamen bat ekarri zuten Biobizkaiko kudeaketa alorreko epaiketako egunean, eta proposamen hori batzarrera eraman eta onartu zuten. Ondorioz, epaiketa bertan behera geratu zen, eta zuzendaritzak eta langileek akordio bat erdietsi zuten, nahiz eta Eusko Jaurlaritzaren onespena falta izan. Azaldu dutenez, bioinstitutuetako zuzendaritzek aurkeztutako akordio proposamena geldiarazi zuen gobernuak, eta adierazi dute hori dela-eta langileei beren «haserrea agertzea» tokatzen zaiela orain.

Langileen arteko berdintasuna

2022an onartu zuten EAEko Zientzia Legea. Horren arabera, Osakidetzak kudeatutako ikerketa biomedikoko langileek ezin dituzte antzeko kategorietako osasun sisteman jarduten dutenen soldata baldintzak baino okerragoak izan. Hau da, bioinstitutuetako langileen soldatak Osakidetzakoekin parekatu behar dira. Errealitatea, baina, oso desberdina da. Elkarretaratzean azaldu dutenez, Biogipuzkoako langile batek, adibidez, urtean batez beste 28.000 euro irabazten ditu. Aldiz, Osasun sailburuak duela gutxi iragarri zuen 56.000 eurotik gorako ordainsaria emango dietela medikuei Osakidetzara erakartzeko.

Gauzak horrela, gaurko protestetan Eusko Jaurlaritzari eskatu diote «jarrera aldatzeko», eta legea betetzeko eta akordio bat lortzen laguntzeko. Gobernuak ezezkoan jarraitzen badu, langileek akordioa betetzeko eskatuko diote bioinstitutuetako zuzendaritzari. Izan ere, nabarmendu dute hori betetzen ez den bitartean, ELAk aurrera jarraituko duela aurkeztutako auzi eskeekin eta martxan dituzten mobilizazioekin, «bioinstitutuetako langileen lan baldintzak Osakidetzakoekin parekatu arte».

Prozesu luzea

ELAk azpimarratu du bioinstitutuetako langileek batez beste %30eko soldata igoerak izan beharko lituzketela. Horixe salatu du sindikatuak azken urteetan mobilizazioen bidez: apirilean egin zuten azken protesta, eta Biobizkaiko langileen soldatak Osakidetzako langileekin berdintzea eskatu zuten orduan. Alabaina, gatazkak soka luzeagoa du: bioinstitutuetako langileek egin zuten lehenengo protesta iazko apirilean izan zen, Osakidetzako lan baldintza berberak eskatu zituztenean hiru lurraldeetako institutuetako ikerlariek.

Donostiako elkarretaratzean jakinarazi dute Jaurlaritza bioinstitutuetako zuzendaritzekin harremanetan jarri dela, proposamen bat helarazteko. Langileek, ordea, argi dute: ziurtatu nahi dute eskaintza horretan datu zehatzak eta soldaten igoerak daudela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA