Nafarroa Oinez

Elkarri eskua emanda, aurrera

‘Bidean bat gara’ lelopean, Zizur Nagusian egingo dute, bihar, aurtengo Nafarroa Oinez jaia. Zizur Txikiko San Fermin ikastola eta Vianako Erentzun ikastola dira antolatzaileak, elkarlanean.

Urruñako Kuxkuxtu txarangako kideak, iaz, Atarrabian, Nafarroa Oinez-en. NAFARROA OINEZ
Urruñako Kuxkuxtu txarangako kideak, iaz, Atarrabian, Nafarroa Oinez-en. NAFARROA OINEZ
unai zubeldia
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bidean bat egitea erabaki dute. Nafarroako ikastolarik handienak, batetik —Zizur Txikiko San Fermin ikastolak—, eta eremu ez-euskaldunean dagoen Vianako Erentzun ikastolak, bestetik. Bat egin dute, ziur daudelako «ikastolak eta eragile euskaltzale guztiak» oso beharrezkoak direla «hizkuntzaren eskubideak eta normalizazioa lortzeko bidean». Euskarak elkartu ditu Nafarroan bi puntatan eta bi errealitatetan bizi diren bi proiektu —mila familia eta 1.500 ikasle inguru ditu San Fermin ikastolak, eta 96 familia eta ehun ikasle inguru Erentzunek—: «Euskara gure hizkuntza dela sinisten duten horien guztien topagunea sortu nahi dugu». Zizur Txikitik Vianara arteko bidean pausoka, Zizur Nagusia eta Galar elkartuko ditu, bihar, aurtengo Nafarroa Oinez jaiak. 

«Elkarlanean arituta eta elkarrengandik ikasita», urte guztiko joan-etorrien azken geltokia izango da biharkoa. «Inoiz baino argiago gelditu da Nafarroako ikastolek sare bat osatzen dugula», azaldu zuten Nafarroa Oinez-en antolatzaileek urriaren 6an, aurtengo jaiaren aurkezpenean, Iruñean. «Aldarrikapen egun masibo» bihurtu nahi dute biharkoa. «Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor diezaguten». «Oldarraldi betean», euskaltzale guztiak «inoiz baino beharrezkoago» dituztela ohartarazi dute antolatzaileek, «euskararentzat etorkizun oparoa ereiteko».

Elkarri eskua luzatu diote Zizur Txikiko San Fermin ikastolak eta Vianako Erentzun ikastolak, eta keinu hori bera irudikatu nahi izan du Iñigo del Canto diseinatzaileak logoan ere. Euskara, elkartasuna, elkarrekin... San Fermin ikastolako gurasoa da Del Canto eta hura izan da grafismo batzordeburua azken urtebetean. «Ikastolako zuzendaritza batzordean dagoen guraso batek proposatu zuen nire izena, nire eguneroko lana gertutik ezagutzen duelako, eta, proposamena jasotzearekin batera, ez nuen zalantzarik izan. Batzuetan baietz esan beharra dago proiektuek aurrera egin dezaten». 

(ID_16510109) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-10-06, Iruñea. 2026ko Nafarroa Oinezen aurkezpena, San Fermin eta Erentzun ikast...
San Fermin eta Erentzun ikastoletako, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariak, urriaren 6an, Nafarroa Oinez-en aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Baiezkoa emanda, ideia jarioari ekin zioten berehala. «Komunikazio arloko buruekin elkartu nintzen, Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariekin ere bai, eta denon artean hasi ginen aurtengo Oinez-en narratiba irudikatzen, ideiak biltzen...». Argi zeukaten ideia batzuk ezinbestekoak zirela: «Euskara, euskaldun guztien jaia, elkarlana, bi ikastola...».

Aurreko ikasturte amaierako kontuak dira horiek. «Eta uda aurretik dena erdi lotuta utzi beharra geneukanez, ez genuen izan denbora askorik ideia guztiak biltzeko». Baina «gaiak pentsatzen hasi eta bizpahiru egunera» erabat ados jarri ziren denak: Irulegiko eskua «pare-parekoa» zen helarazi nahi zuten guztia irudikatzeko. «Euskaldun guztiok batzen gaituen elementua da Irulegiko eskua, eta kooperazioa, elkartasuna... ideia horiek dauzka atzean». Del Cantok azaldu du aurtengo Oinez jaia eurena dela, eurak direla antolatzaileak. «Baina aurretik egon diren beste askoren jarraipena da gurea, eta hurrengoari emango diogu lekukoa guk. Eskuz esku doan proiektu bat da hau, eta eskuak bikain irudikatzen du elkarlan hori». Oinez hitzaren E letra baliatu dute Irulegiko eskua irudikatzeko.

Eguna iristeko «irrikan»

Prozesu guztia barrutik bizitzen ari denez, hau «oso urte berezia» dela aitortu du Del Cantok. «Gogotsu gaude, eguna iristeko irrikan, baina baita pena pixka batekin ere, gure urtea amaitzera doalako. Intentsitate handiko urtea izan da, baina oso-oso polita».

Biharko eguna «bete-betean» bizitzeko prest dago San Fermin ikastolako guraso eta diseinatzailea. «Oinez desberdina izango da, familiarekin kanpotik gozatu beharrean barruan lanean arituko garelako, baina ederra izango da, ziur».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA