Emakume politikarien gela

Andrazkoak diren agintariek oraindik ez dute lortu gizonezkoek duten ahalmena. Hori dela eta, Virginia Wolf Basqueskola sortu du Eudelek, udaletako emakumezko hautetsientzako hausnarketa eta prestakuntza eskola.

Udaletako emakume hautetsiak, eskola aurkezteko ekitaldian. Haiekin da Ewa Samuelsson; eskumatik hasita, hirugarrena. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Bai, badaude emakumezko politikariak, emakume diren agintariak, andrazko zinegotzi eta alkateak. Egin dute leku bat politikan. Baina «erreala edo birtuala» da haien ahalmena? Egiazkoagoa, eraginkorragoa, askeagoa izan dadin, gizonezkoen ahalmen handiegiaren erdian indarra har dezan, gune propio bat sortu dute; euren hausnarketa, prestakuntza eta lanketarako gune berezi bat, eskola bat. Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak, Virginia Woolf Basqueskola jarri du martxan; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako emakumezko alkate zein zinegotzientzako «gela» bat.

Izenak berak erakusten du emakumeek emakumeentzat sortutako gunearen nolakotasuna. Virginia Woolf Ingalaterrako idazlearen izena hartu dute, A room of one's own (Norbere gela bat) 1929an idatzi zuen liburuan egindako hausnarketa eta aldarrikapena bere eginda. Emakumeentzako «gela» propioaren beharra plazaratu zuen idazleak liburuan; hausnartzeko eta bere independentzia pertsonal zein profesionala sustatzeko emakumeen gune propioarena.

Horixe egin nahi dute udaletako andrazko hautetsiek. Emakume izateagatik eguneroko lanean guztiek zailtasun, oztopo eta behar berak dituztela eta, guztien artean esperientziak trukatu, ahulguneak aurkitu eta horiei irtenbidea eman. Ibone Bengoetxea Eudeleko presidenteak, egitasmoa aurkezteko, udaletako ehun bat emakumezko hautetsiren aurrean azaldu du guztiak biltzen dituen sentsazioa: «Hemen gauden emakume guztiok behar besteko gaitasuna eta erantzukizuna ditugu geure herritarren onerako erabakiak hartzeko, baina...».

Parekidetasunerako bidean aurreratu, aurreratu dela uste dute hautetsiek. Gaur egun berdintasunaren aurka mintzatzea gaizki ikusia dagoela da horren seinale. Eudeleko presidentea bera emakumea izatea. «Baina...». Presidentea emakume izatea albiste bihurtzeak parekidetasuna urruti dagoela erakusten du. Datuek ere gabeziak uzten dituzte agerian. EAEko 251 udaletan, 55 andrazko alkate daude, %22; emakumezko zinegotziak %40,6 dira, 2.370etik 963.

Edozein modutan, hori baino gehiago da parekidetasuna. «Zenbaki bat baino gehiago gara», esan du Bengoetxeak. Benetako erabakimena, emakume izanagatik ere gidaritza askatasunez hartzeko ahalmena, lortzeke dago.

Bizipen horietan bat egiten dute egitasmoan bildutako pertsona guztiek, diren alderdietakoak direla. «Azterketa plurala da, sigla politikoen gainetik dago eta oso helburu desberdinak dituzten emakumeen esperientzia zeharkatzen duen kontakizun bateratua da», dio Bengoetxeak. Bilduko hautetsiak ere parte hartu dute egitasmo bateratuan, Eudeletik kanpo egon arren.

Mintegi eta barnetegiak

Ostegunean eman zuten proiektuaren berri, eta irailean hasiko dira eskolak. Komunikazioari eta lidergoari buruz arituko dira lehen mintegian; eztabaidei eta genero argudiaketari buruz bigarrenean. Gai horien inguruan, asteburu bateko barnetegia egingo dute azaroan. Abenduko mintegian, ardura politikoak eta bizitza pertsonala izango dituzte hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.