Uda sasoia gain-gainean da, eta herrietako jaiak bata bestearen atzetik kateatuko dira. Testuinguru horretan eraso matxistarik jazo ez dadin, Emakundek Beldur barik jaiak kanpaina abiatu du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Eudelen laguntzarekin. Gaur aurkeztu dituzte xehetasunak, Lehendakaritzan.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu du Jaietan emakumeen kontrako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko gida eguneratu dutela. «Herri bakoitzean erasoak prebenitzeko dinamikak eta prozesuak sortzea edota indartzea dugu helburu, jaietan zerikusia duten eragile guztiak inplikatuz». Txostenean jaso dute, adibidez, eraso matxistak prebenitzeko estrategiak nola diseinatu, erasoren bat izan bada nola jokatu, eta biktimei eskaini beharreko arretak nolakoa izan behar duen. 30 orri ditu gidak.
Festa girora hobeto egokitzen den formatu bat ere landu dute. Ideia nagusiak eskuorri batean jaso dituzte, eta, labur, eraso matxista bat zer den, antolatzaileek zer jarraibide bete behar dituzten eta erasorik bada zer neurri hartu behar diren laburbildu dute. Are, erasoak ikuspegi ezberdinetatik landu dituzte: Zer egin eraso egin badizute? Zer egin eraso bat ikusi baduzu? Zer egin emakume batek laguntza eskatu badizu?. Telefono praktikoak eta dekalogo bat ere txertatu dituzte eskuorrietan.
Eraso matxistarik gabeko jaien dekalogoa
Denon ardura da jaiak libertatean eta beldur barik gozatzeko eskubidea bermatzen duten jaiguneak eraikitzea.
Jokabide matxistarik ikusten baduzu, gaitzetsi publikoki, argi uzteko jaiak ez duela inondik ere justifikatzen emakumeen askatasuna mugatzen duen jokabiderik.
Gogoratu: soilik baietz da baietz.
Alkoholak edo drogek ez dute erasotzailea errugabetzen.
Eraso egin badizute, gogoratu erasoaren erantzukizuna erasotzailearena dela, eta ez zurea. Ez lotsatu kontatzeagatik eta laguntza eskatzeagatik.
Eraso egin dioten batek laguntza eskatzen badizu, entzun iezaiozu, ez bakarrik utzi eta ez epaitu.
Arrisku egoeraren batean bazaudete edo arriskua sortzear dagoela ikusten baduzu, deitu larrialdi zerbitzuetara.
Gogoratu: lurralde bakoitzean 24 orduz lan egiten duten krisi zentroak daude; horietara salaketa jarri gabe ere joan zaitezke, eta berdin dio erasoa oraintsu gertatu den edo iraganean gertatu zen.
Sexu erasoren bat jasan baduzu, gogora ezazu: garbitzen edo arropaz aldatzen bazara, frogak ezabatu ditzakezu.
Udalei eta jai batzordeei mintzatu zaie Elgarresta. Eskuorriak ahalik eta gehien zabaltzeko eskatu du eta, horretarako, «leku ikusgarrietan» jartzeko eskatu du. «Denok dugu ardura jaietan espazio aske eta seguruak eraikitzeko. Jaia ezin daiteke izan aitzakia jarrera matxistak izateko eta eraso sexistak egiteko, ezta onartzeko ere». Guztien ardura dela esan du. «Erakundeak, elkarteak, ostalaritza sektorea, txosnak, herritarrak... denon artean lortu behar dugu emakumeen kontrako indarkeriari lekurik ez uztea jai hauetan».
Elgarrestak iragarri du materiala gaur bertan iragarriko dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri «guztietara». Txostenaz eta gidaz gain, Jai hauetan errespetuz eraiki, beldur barik gozatu leloa duten kartelak ere banatuko dituzte, eta hedabideetan eta sare sozialetan kanpaina egingo dute.
Gizonezkoei eta gazteei hitz egin diete
Eudeleko presidente Esther Apraizek herritarren konplizitatea eskatu du erakundeekin elkarlanean aritzeko. «Gure jaietan poza nahi dugu, ez beldurra; errespetua eta berdintasuna nahi ditugu, diskriminaziorik eta indarkeriarik gabe». Eta, gogorarazi duenez, gidaren helburua «kontzientziatzea» da: «Pertsona bakoitzak jakin dezan gorputzak ez direla baimenik gabe ukitzen. Ez dago festarik, ez dago dantzarik, ez dago balio duen topaketarik bai argi eta libre bat ez badago»
Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak gizonezkoen artean jarri du arreta: «Indarkeria matxista ez da emakumeen arazoa bakarrik. Gizarte osoarena da. Gizonak barne hartzen dituen konpromiso kolektibo batekin soilik egingo dugu aurrera». Bide beretik mintzatu da Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun diputatua, eta «bakoitzaren erantzukizun eta konpromiso indibiduala» aipatu du. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarteratze zuzendariak, Oscar Secok, gazteei hitz egin die: «Zuen begirada kritikoa eta konpromisoa ezinbestekoak dira errespetuan eta berdintasunean oinarritutako jai ereduak eratzeko».