Emakundek, Eudelek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek jaietan indarkeria matxista saihesteko kanpaina aurkeztu dute gaur, Gasteizen: Beldur Barik, gau eta egun. Kanpainaren helburu nagusia da «eraso matxistak prebenitzea» eta «eguneko 24 orduetan errespetu, askatasun eta segurtasun giroa sustatzea».
Izan ere, egitasmoaren aurkezpenean ohartarazi dute jarrera matxistak egunean zehar ere gertatzen direla, eta ez gauez bakarrik. «Indarkeria matxista presente dago oraindik gure gizartean eguneko 24 orduetan, eta hainbat modutan agertzen da: indarkeria sinbolikoa, psikologikoa, fisikoa...», adierazi du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak.
Beldur Barik, gau eta egun egitasmoa dela eta, Emakundek gida eguneratuak banatu dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalei. Gida berriak jai inguruetan eraso matxistak identifikatzen eta horiei aurre egiten laguntzeko tresnak eskaintzen ditu. «Jaietan eremu libre eta seguruak eraikitzeko ardura hartu behar dugu, pertsona guztiekiko errespetua bermatzeko», azaldu du Elgarrestak.
Horrez gain, dekalogo bat osatu dute eraso matxista bat ikusi dutenei edo biktima izan direnei aholku eta baliabideak emateko. Batetik, erasorik jasanez gero, sexu indarkerian espezializatutako 24 orduko krisi zentroetara jo daitekeela gogoratu dute, salaketarik jarri gabe. Bestetik, nabarmendu dute eraso matxista bat jasan duen norbaitek laguntza eskatuz gero emakume hori entzuteko eta bakarrik ez uzteko.
Jai seguruak egiteko ahalegina
Elgarrestak udalei eskerrak eman dizkie «jai gune seguruak sustatzeko egindako ahalegina» dela eta. Elgarrestaz gain, Esther Apraiz Eudeleko presidenteak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Trinidad L. Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak eta Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak hitz egin dute.
Apraizek nabarmendu du udalek urtean zehar lan egiten dutela jai seguruak, berdintasunezkoak eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoak diseinatzeko; konpartsekin, ostalaritzarekin eta mugimendu feministarekin koordinatuta. Halaber, eskatu die herritarrei erasoak gertatzen direnean «ez begiratzeko beste alde batera» eta «arduraz eta konpromiso kolektiboz» jokatzeko.
Gurtubaik gehitu du jaiek emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela «eguneko lehen ekitalditik gaueko azkeneraino».

