Epaileak ez du onartu Guardetxea kautelaz husteko eskaera

Donostiako Udalak egin zuen eskaera. Alde Zaharreko Gazte Asanbladak adierazi duenez, prozesu judiziala aurrera doa, eta baliteke datozen egunetan izatea epaiketaren egunaren berri.

AZGAko kideak Donostiako Guardetxean, eraikina okupatu zuten egunean. BERRIA
AZGAko kideak Donostiako Guardetxean, eraikina okupatu zuten egunean. BERRIA
Isabel Jaurena.
2025eko ekainaren 7a
15:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako Udalak Guardetxea husteko eskatu zuen, baina epaileak ez du onartu udalaren kautela neurria, AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladak ohar bidez adierazi duenez. «Hala ere, Guardetxearen kontrako prozesu judiziala aurrera doa, eta litekeena da datozen egunetan izatea epaiketa egunaren berri», azaldu dute. Bitartean, «erresistentzia antolatzen» eta kultur eskaintza zabala izaten jarraituko dutela adierazi dute.

Udal gobernuaren jarrera salatu dute; izan ere, sei urtez hutsik egon den eraikina «auzolanean berreraiki eta esleipen baldintzak adosteko prest azaldu» dira, eta hala ere martxan jarri dute eraikina husteko prozesu judiziala. Maiatzaren 1ean okupatu zuten Guardetxea: Donostiako Udalak 2019an itxi zuen, «hainbat konponketa egiteko aitzakian». Sei urte hutsik daramatzan eraikina, baina, ezaguna da hirian, eta komunitateak modu autogestionatuan erabiltzen zuenean proiektu anitz egin ziren bertan, hala nola ekitaldi kulturalak, formakuntzak, jaialdiak eta otordu kolektiboak. «Horregatik, erreferentziazko elkargune izan zen hiriburuko gazte eta kolektibo ugarirentzat, eta argi diogu ez dugula turismorako beste museo bat, arte edo erakusketa galeria bat eraikitzerik nahi», adierazi zuen AZGAk eraikina okupatu zutenean.

Orduko hartan nabarmendu zuten, gainera, prest zeudela lagapen baldintzak udal gobernuarekin adosteko. Adierazi zutenez, udalak «entzungor egiten» zuen bitartean, ordea, aitzinera eginen zuten okupazioaren bidean, eta Guardetxea auzolanean eraiki. Are, biharamunean Parte Zaharreko hamabi elkarte, jai batzorde eta kultur eragilek bilera eskaera egin zioten udal gobernuari, lagapen baldintzak adosteko.

Maiatzaren 16an, ordea, Donostiako Udaltzaingoa Guardetxea husten saiatu zen, eta udaltzainek bi pertsona identifikatu zituzten. AZGAk esplikatu zuenez, Donostiako Udaleko PPko zinegotziek jarritako salaketa batengatik saiatu dira Guardetxea husten, eta martxan jarri dute eraikina husteko prozesu judiziala. Hori salatzeko, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten udaletxe parean, eta salatu Donostiako Udala «guda zelai» bilakatzen ari dela hiria.

Atxilotu bat

Etxegabetze arriskuan zirela ohartarazteko, maiatzaren 29an hainbat lagun Donostiako Udaleko osoko bilkurara joan ziren protesta egitera, eta gazte bat atxilotu zuen udaltzaingoak. Salatu zutenez, udaltzainek «kolpeka» jaso zituzten; are, jakinarazi zuten gazte baten telefonoa «lapurtu» zutela.

Parte Zaharreko mugimenduak erran zuenez, bi helburu zituztela bertaratu ziren udalaren osoko bilkurara: «Auzoko hamalau eragileen izenean egindako bilera eskaera berrestea eta Guardetxea auzoarentzat izan dadila eskatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.