Epaimahaiak erruduntzat jo du Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizona

Emaztea zena hiltzeaz gain, bi abortu delitu eta adingabe bat abandonatu izanaren delitua ere leporatu dizkio. Familiaren abokatuak pozik hartu du ebazpena, baina deitoratu egin du epaimahaiak genero indarkeriaren astungarria aintzat hartu ez izana.

Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketan. RAUL BOGAJO / FOKU
Maialen Mazon hiltzeaz akusatutako gizona, epaiketan. RAUL BOGAJO / FOKU
Jon Ordoñez Garmendia–Edurne Begiristain
2026ko maiatzaren 15a
08:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maialen Mazonen hilketaren auziko epaimahaiak bart gauean eman du ebazpena: erruduntzat jo du haren senarra, eta, Mazonen hilketaz gain, bi abortu delitu leporatu dizkio emakumea haurdun zegoelako, eta adingabe bat abandonatu izanarena ere bai, bi urteko alaba amaren gorpuaren ondoan uzteagatik; hemezortzi orduz egon zen haurra amaren gorpuaren ondoan, bakarrik. Erruduntzat jotzeaz gain, epaimahaiak maltzurkeria eta ahaidetasuna egotzi dizkio inguruabar astungarri gisa, baina ez ditu aintzat hartu genero eta ankerkeria astungarriak. Aringarririk ez du ezarri.

Epaimahaiak erruduntzat jo ondoren, epaileak orain zigorra ezarri beharko du. Ebazpena jakin ostean, akusazioek 45 urteko espetxe zigorra ezartzeko eskaera berretsi dute, maiatzaren 4an epaiketaren hasieran eskatu bezala. Fiskaltzak eta akusazioek ondorioztatu dute akusatuak «kontzienteki» hil zuela Maialen Mazon, «berarentzat nahi zuelako». Akusatuak uko egin zion epaiketan deklaratzeari.

Mazonen familiaren abokatu Virginia Urtaran pozik agertu da epaimahaiak ez duelako onartu defentsak eskatutako aringarririk, eta azpimarratu du garrantzitsua zela akusatuari «bere ekintzen erantzukizun osoa» egoztea. Abokatuaren hitzetan, defentsaren tesia onartzea —akusatuak gertatutakoaren kontzientziarik gabe jardun zuela, alegia— «iraina» izango litzateke biktimaren memoriarentzat.

Hala ere, epaiaren inguruan sentipen «gazi-gozoa» dutela aitortu du abokatuak. Batetik, deitoratu egin du epaimahaiak oinaze psikiko eta moralaren astungarria onartu ez izana. Izan ere, akusazio partikularraren arabera, biktimaren sufrimendua areagotu egin zen bi urteko alaba gelan bertan zegoelako hilketa gertatu zenean. Sei epaimahaikidek ontzat eman dute astungarri hori, baina batek ez.

Genero indarkeriaren astungarria baztertzea izan da, ordea, familiaren abokatuaren ustez, «kolperik handiena». Urtaranek adierazi du ziur zegoela behar bezala azaldu zutela bikotearen harremanean indarkeria egoera luze bat bazegoela, eta «kontrol eta matxismo» horren ondorio izan zela hilketa. Abokatuaren esanetan, epaimahaiaren erabakiak erakusten du oraindik ere genero indarkeriaren inguruko kontzientziazioa falta duela gizarteak. Nabarmendu du biktimak jasaten zuen tratu txarra psikologikoa zela, eta halako kasuak zailagoak direla identifikatzeko.

Halaber, ohartarazi du aurreiritziek ere eragina izan dezaketela biktimaren pertzepzioan. Haren iritziz, emakume batek ez badu bat egiten «biktima eredugarriaren» estereotipoarekin —isila, otzana edo menpekoa—, zailagoa izaten da hura biktimatzat hartzea.

Herri akusazio gisa aritu da Clara Campoamor elkarteko abokatu Cecilia Piris, eta aurreratu du Eusko Jaurlaritzaren aurka salaketa jartzea aztertuko duela, «zerbitzu publikoen funtzionamendu okerragatik». Azaldu duenez, Maialen Mazon Gasteizera itzuli zenean, Ertzaintzak «muturreko arrisku» egoera aldatu eta «arrisku apaleko trataera» eman zion kasuari.

Eskatutako zigorra: 45 urte

Fiskaltzak, Mazonen senideek eta Arabako Adingabeen Kontseiluaren akusazio partikularrek eta Clara Campoamor elkarteak 25 urteko espetxe zigorra eskatu zuten epaiketan Mazonen hilketagatik, zortzi abortu bakoitzagatik, eta lau bi urteko haurra abandonatzeagatik; denera, 45 urte. Defentsak absoluzioa eskatu zuen, J.R. akusatua bere ekintzen jabe ez zela argudiatuta, «kolapso» egoeran zegoelako, errealitatetik deskonektatuta.

Epaiketa asteazkenean amaitu zen, Arabako Auzitegi Probintzialean. Maialen Mazon 2023ko maiatzean hil zuen haren senarra zenak, hura bikien esperoan zela. «Maialen galduko zuela jakin zuenean erabaki zuen [akusatuak] hura hiltzea», esan zuen epaiketaren azken egunean Virginia Urtaran akusazio partikularreko abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE