Maite Asensio Lozano.

Erantzun baino galdera gehiago

2026ko urriaren 27a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Usain zitekeen zerbait gertatuko zela, eta gertatu zen. Baina ez da erraza ulertzea zer eta nola gertatu zen, eta batez ere nortzuek eragin zuten. Vito Quiles eskuin muturreko asaldatzaile espainiarrak iragarri berri zuen ez zela Bilbon agertuko, eta haren ekitaldiaren aurka antolatutako ehunka pertsonak txaloz eta aldarriz ospatu zuten: garaipen keinuak egin, eserialdia altxatu, pankartak bildu... Eta, halako batean, dozenaka pertsona abiatu ziren alboko kale batera, korrika, han mehatxuren bat balego bezala. Baina ez zegoen ezer: obra batzuen ondorioz moztutako kale bat baino ez, eta aurki su emango zioten edukiontzi bat. Garrak itzalita, dozenaka lagun horiek manifestazio inprobisatu bat abiatu zuten Deustuko Unibertsitaterantz, eta ordu laurdenera hasi zen Agirre Lehendakariaren etorbideko iskanbila: kalearen hainbat lekutan, edukiontziak errepidean gurutzatu eta erre egin zituzten. Eta, halere, giro arrarotu hartan, ke artean, jendea lasai antzera zebilen kalean: poliziarik ez, arrisku sentsazio handirik ez, ohiko tentsiorik ez; gazteak selfieak ateratzen barrikaden aurrean. Gerta al daiteke liskarretan liskarrik ez izatea?

Agerikoa dirudi nolabait antolatuak izan zirela istiluak, baina nork? Testosterona erakustaldi bat egin nahi zuten taldeek? Europako irudiak ikusita, Bilbon ere adrenalina askatu nahi zuten gazteek? Eragile politikoen deialdiek erakarri zituzten ala bestelako hitzorduren bat jaso zuten sare sozialen bidez? Fenomeno berri baten hasiera izan al zen atzokoa? Mobilizazioetara deitu zuten eragileen artean ere zalantza eta susmo asko agertu dira, eta beste hainbat lekutan izandako infiltrazioen itzala ere bai: nor aritu zen istiluak sustatzen?

Hemeretzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak iluntzean. Tartean, bi gazte, adingabeak seguruenik, taberna baten terrazan harrapatu zituzten, eszena hura ikusi zuten herritarren arbuioen artean. Ordurako, giroa nahiko baretua zegoen. 19:10 aldera hasi ziren suteak, eta 19:40an agertu ziren ertzainak Agirre Lehendakariaren etorbidean; nahiz eta auzoan bertan ertzain etxe bat dagoen, nahiz eta haien ibilgailuak Enekuri etorbidean ikus zitezkeen denbora luzez argiak piztuta. Zergatik ez ziren lehenago iritsi? Zer egotziko diete, zehazki, terrazako gazteei?

Bata bestearen segidan datoz galderak. Noren mesederako izan ziren atzoko istiluak? Nori komeni zaio gaurko eztabaida nagusia horri buruzkoa izatea, eta ez faxismoaren aurka antolatutako askotariko mugimenduek lortutako garaipenari buruzkoa? Hainbat mugimendu sozial eta politiko haiek kriminalizatzeko joera salatzen ari diren honetan, ondoriorik izango al dute halako istiluek? Eta halakoen ondorioz areagotu egingo al dira segurtasun eta errepresio neurriak hemendik aurrerako mobilizazioetan?

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA