Artista eta umorista

Ane Lindane: «Erlijioak askatasunaren suntsitzaile hutsak direla argi gera dadin nahi dut»

Abogados Cristianosek Lindaneri jarritako salaketa onartu du epaile batek. Gastuei aurre egiteko, diru bilketa bat abiatu du umoristak. Horrez gain, «ateismoaren aldeko aktibismoa» bultzatzeko jardunaldia egingo du apirilaren 19an, Bilbon.

Ane Lindane artista eta umorista. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ane Lindane artista eta umorista. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko apirilaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tokischa rap kantariaren aurka aurkeztutako salaketagatik jendaurrera azaldu da berriro Abogados Cristianos talde ultrakatolikoa. Donostiako Koruko Andre Maria basilikan grabatutako hainbat irudirengatik jo dute abeslari dominikarraren kontra, elkartearen esanetan «erdi biluzik» agertzen baita. Ane Lindane euskal artistaren ustez, «antz handia» dago Tokischari eta berari gertatutakoaren artean, biak ala biak «adierazpen eta sorkuntza askatasunaren aurkako erasoak» baitira, haren hitzetan. Lindaneren kontrako salaketa ere Abogados Cristianosek aurkeztu zuen, EHZ festibalean Arberatze-Zilhekoako elizan (Nafarroa Beherea) egindako bakarrizketan «gurutze batekin masturbatzen zen itxurak egin izana» egotzita. Epaile batek ontzat jo zuen ultrakatolikoen erregua.

Larria al da epaileak Abogados Cristianos taldearen salaketa aintzat hartu izana?

Oso gauza larria da Abogados Cristianos talde ultrafaxista eta ultrakatoliko integristaren salaketa txoroei kasu egitea. Demagun futbolzale amorratu batek nire aurkako salaketa aurkezten duela, Athleticeko jokalariak baldar hutsak direla esan dudalako, eta epaile batek aintzat hartzen duela. Ez da gauza bera, baina hortxe-hortxe dabil.

Zure aurkako erasoa, ordea, faxistatzat daukazu, ezta?

Adierazpen eta sorkuntza askatasunaren aurkako eraso faxista bat da, testuinguru politiko jakin batean kokatua. Ez dira zoro batzuk. Faxismoaren gorakada eta ofentsiba bultzatu duten erakundeetako bat da Abogados Cristianos; El Yunque sektaren adar juridikoa, hain zuzen. Azken horrek Vox alderdi ultraeskuindarra eta Hazte Oir talde homofoboa finantzatzen ditu, besteak beste.

Epaileak arrazoia emango al die?

Aurrekariak kontuan hartuta, ziurrenik ez die arrazoia emango. Dena dela, Abogados Cristianosen helburua ez da epailearen oniritzia lortzea, baizik eta haien pentsaeraren kontra doazenak higatzea eta publikoki seinalatzea. Haiek salaketa jarri ostean, heriotza eta bortxaketa mehatxu oso-oso larriak jaso ditut. Nire telefono zenbakia filtratu ere egin dute... Izugarria izan da.

«Haiek salaketa jarri ostean, heriotza eta bortxaketa mehatxu oso-oso larriak jaso ditut. Nire telefono zenbakia filtratu ere egin dute... Izugarria izan da»

ANE LINDANE Artista eta umorista
Zergatik egiten dute hori?

Haien estrategiaren gakoetako bat ere bada salatutakoen irudi publikoa zikintzea edo kalte egitea. Googlen «Ane Lindane» bilatzen baduzu, astakeria galantak agertuko zaizkizu niri buruz. Horrek loa kentzen dit: zer etorkizun izango dut nik? Haien irainek sortutako aztarna digitala ez da sekula ere desagertuko.

Haien aurka doazenak ekonomikoki estutzea ere bada helburua?

Errepresio ekonomikoa ere bada Abogados Cristianos taldearen estrategia nagusietako bat. Horrelako prozesu judizial batek gastu asko ditu, eta abokatuari ere ordaindu behar zaio. Ni pertsona prekarizatu bat naiz, eta ezin diet aurre egin gastu horiei guztiei. 

Beste artista batzuek jaso dezaketen salaketei aurre egiteko erresistentzia kutxa bat sortzea erabaki duzu. Zergatik?

Umorista, artista, abeslari eta aktibista askok erabakitzen dute atzera egitea, presio ekonomiko horiek ikusita. Hori dela eta, crowdfunding kanpaina bat eta jardunaldi bat antolatzea erabaki dut; nik abokatua ordaindu ahal izateko bakarrik ez, baita beste artista batzuek jaso dezaketen salaketei aurre egiteko erresistentzia kutxa bat sortzeko ere. Jendeak pentsa dezala: «Dirua badago. Beraz, lasai asko esan ditzakegu kristorenak eta bi, blasfemia hori ordainduta baitago».

«Diru bilketa bat eta jardunaldi bat antolatzea erabaki dut; nik abokatua ordaindu ahal izateko bakarrik ez, baita beste artista batzuek jaso dezaketen salaketei aurre egiteko erresistentzia kutxa bat sortzeko ere»

ANE LINDANE Artista eta umorista
Baldintzarik ba al dago erresistentzia kutxa hori erabili ahal izateko?

Horrelako salaketaren bati aurre egiteko dirua behar dutenek hartu ahal izango dute, betiere berriz ipintzen badute. Dirua berreskuratzeko, jardunaldi bat antolatu beharko dute, nik apirilaren 19an egingo dudanaren antzekoa.

Zer lortu nahi duzu horrekin?

Ateismoaren aldeko aktibismoa sustatu nahi dut, erlijioak sakratuak ez direla argi gera dadin. Erlijioak askatasunaren suntsitzaile hutsak direla argi gera dadin nahi dut.

Elkarlana ezinbestekoa da Abogados Cristianosi eta halako taldeei aurre egiteko?

Bai, ezinbestekoa da. Haiek argi daukate: haien ofentsiba irmoa da. Ez dut ulertzen orain arte zergatik ez garen ados jarri elkarrekin zerbait sortzeko, eta bide batez haien kontra modu koordinatuan borroka egiteko. Hain zuzen, horrelako salaketak jaso ditugunok elkar ezagutzea izango da apirilaren 19ko jardunaldiko mahai inguruaren helburua; horren bidez, sare bat osatu ahal izateko. Gure arteko harremanak zenbat eta estuagoak izan, orduan eta sendoagoa izango da sarea. Horrez gain, Abogados Cristianos taldearen atzean nortzuk dauden jakinaraziko dugu.

(ID_15598962) (Monika del Valle/@FOKU) 2025-12-12, Bilbo.Ane Lindanek epaitegietan deklaratzen du Abogados Cristianosen salaketag...
Ane Lindane, erdian, abenduaren 12an, Bilboko epaitegian deklaratu ostean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Umorea ere beharrezkoa da?

Eraso faxista ez ezik, euskararen kontrako erasoa ere bada niri egindakoa, EHZ festibalean Ipar Euskal Herriko eliza batean euskaraz egindako bakarrizketa batengatik salatu baininduten. Umorea ere ez dute batere gustuko [Abogados Cristianosekoek]: gozamena sortzen duen edozer gauza txarto iruditzen zaie ultra katoliko horiei. Aitzitik, barrea eta katxondeoa dira bizitza honetan dauden plazer handienetako batzuk. Horiek eta Lola Dacosta sex coach-ak apirilaren 19ko jardunaldian salduko dituen gurutzedildoak. Masturbatzeko, egurrezko gurutzeak baino askoz gomendagarriagoak dira.

‘Borroka ateoa eta katxondeoa’ jardunaldia apirilaren 19an, Bilboko Hika ateneoan

Iganderako, Borroka Ateoa eta Katxondeoa jardunaldia antolatu du Ane Lindane artista eta umoristak, Bilboko Hika ateneoan. 11:00etan zabalduko dute herri denda: DDT Banaketak, bertoko inprimategia eta Lola Dacosta sex coach-a izango dira han, materiala saltzen. Bitartean, tragoxka bat hartu eta pintxoak dastatzeko aukera egongo da bermuteo ateoan

Mahai ingurua 12:00etan hasiko da: Willy Toledo aktoreak, Roman Cuesta kazetari eta ikertzaileak, Fernando Garcia Regidor Hontzak konpartsako kideak, Bea Ilardia abokatu feministak eta Laia Ramiro hezitzaile transfeministak hitza hartuko dute. Amaitzeko, Ane Lindanek bakarrizketa egingo du.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Tickety.es webgunean, 10 euroan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA