Errenterian herritarrak deitu dituzte euskararen aurkako erasoen kontra antolatzera

Oreretako Euskaltzaleen Pizkundeak deituta, dozenaka herritarrek protesta egin dute CCOOren egoitzaren aurrean.

CCOOren egoitzaren atarian egindako protesta, gaur arratsaldean. ANDONI CANELLADA / FOKU
CCOOren egoitzaren atarian egindako protesta, gaur arratsaldean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arantxa Iraola - Irati Urdalleta Lete
2026ko martxoaren 13a
20:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteon hautsak harrotu ditu Argia-k argitaratutako Nor dago euskararen aurkako oldarraldiaren atzean? ikerketa kazetaritza lanak. Besteak beste, frogatu dute CCOO sindikatuko eta Euskara Denontzat taldeko kideak daudela Errenteriako (Gipuzkoa) 25 postuko lan eskaintza publiko bateko euskara eskakizunen aurka jarritako helegite baten atzean. Are, euskara eskakizunen aurka egiteko talde antolatua dagoela ondorioztatu dute. Bada, euskaltzaleak ere antolatuta daude Errenterian, eta horren erakusgarri, dozenaka herritarrek egin duten protesta: Oreretako Euskaltzaleon Pizkundeak deituta, elkarretaratzea egin dute CCOOren egoitzaren atarian. Herritarrak erasoei aurre egitera deitu dituzte: «Antolatu beharra dugu; haiek antolatu dira. Beraz, gure esfortzua areagotzeko garaia da. Euskarak etsai gogor askori aurre egin dio, eta aurre egingo diogu beste behin. Hau izan dadila hasiera berri bat, pizkunde berri bat. Euskarari erasorik ez».

Aurretik, Errenteriako PSE-EEk ohar bat atera du. EH Bilduren aurka —horiena da alkatetza— egiteko probestu dute: «EH Bilduk kanpoko etsaiak asmatzen ditu gehiengoarentzako bere proiektu falta estaltzeko». Esan dute herritarrek euskarazko arta jasotzeko eskubidea badutela, horren «alde» daudela, baina ezin dela euskara defendatu «herritarren eskubideen gainetik lehenetsita». 

Orain PSE-EEri gehiegizkoa iruditu bazaio ere 25 postuetarako C1 maila eskatzea, Oarsoaldeko Hitza-k zera gogorarazi du: 2008an, PSE-EE alkatetzan zegoela onartu zutela zenbait udal lanposturi euskara eskakizuna aldatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA