Ertzain eta udaltzain izateko Jaurlaritzak egin duen lan deialdian postuen %21ek ez dute euskara jakiteko derrigortasunik

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egin du ohartarazpena; gogora ekarri du herritarren segurtasunarekin eta ongizatearekin «zuzenean» lotutako lanpostuak direla, eta, horregatik, «nahitaezkoa» dela euskararen ezagutza.

Segurtasun sailburu Bingen Zupiria ertzainei eskua ematen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Segurtasun sailburu Bingen Zupiria ertzainei eskua ematen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 30a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lan eskaintza publiko bateratu baterako deia egin du. Denera, 593 lanpostu betetzeko helburua jarri dute: horietako 430 Ertzaintzan, eta 163 udaltzaingoetan. Bingen Zupiria sailburuak eta Esther Apraiz Eudeleko presidenteak atzo eman zituzten lan deialdiari buruzko xehetasunak. Ohartarazpen bat erantsi du gaur Hizkuntz Eskubideen Behatokiak: postuen %21,41ek ez dute euskara jakiteko derrigortasunik. 

Behatokiak zabaldu dituen datuen arabera, 127 lanpostuk euskara ezagutzeko derrigortasunik ez du lan deialdi horretan, eta, ondorioz, euskararen ezagutza egiaztatu gabea duten hautagaiek bete ahal izango dituzte lanpostu horiek. Zehazki, 86 ertzain postuk ez dute derrigortasunik, eta udaltzain izateko 41ek. Azaldu du, besteak beste, euskararen ezagutza egiaztatu gabe polizia lanetan hasi ahal izango dela Bilbon eta Gasteizen, eta Bizkai eta Gipuzkoako hainbat udalerritan. 

Behatokiak gogora ekarri du herritarren segurtasunarekin eta ongizatearekin «zuzenean» lotutako lanpostuak direla ertzain eta udaltzainenak, eta, horregatik, «nahitaezkoa» dela euskararen ezagutza. «Herritarrek legez eskubidea dute Ertzaintzaren eta udaltzaingoen zerbitzua euskaraz jasotzeko». Gogora ekarri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan euskara ofiziala dela, eta polizia horiek euskaraz lan egiteko gaitasuna izan behar dutela, «zerbitzua bera zein edozein erabiltzaile zein lankideren hizkuntza hautua baldintzatu gabe». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA