Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak lan eskaintza publiko bateratu baterako deia egin du. Denera 593 lanpostu betetzeko helburua jarri dute: horietako 430 Ertzaintzan, eta 163 udaltzaingoetan. EAEko aldizkari ofizialean publikatu dute deialdia, eta Bingen Zupiria sailburuak eta Esther Apraiz Eudeleko presidenteak eman dituzte xehetasunak.
Zazpigarren deialdi bateratua da, eta, EAEko aldizkari ofizialean argitaratutakoaren arabera, «oinarrizko eskalako agenteen lanpostuak» betetzeko helburua du. Hasieran 593 izango dira, baina ez dute baztertu postu kopurua handitzeko aukera. Izan ere, Segurtasun Sailaren helburua da 2030erako 8.000 ertzain izatea eta kopuru horri eustea gerora, «herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorra eskaintzeko». Egun, 7.150 inguru daude, horietako seiehun praktiketan.
Udaltzaingoetarako 163 postuak, berriz, 37 udalerritarako lirateke denera, hala nola 26 postu Bilborako, 25 Gasteizerako, 24 Donostiarako, zortzi Barakaldorako (Bizkaia) eta sei Errenteriarako (Gipuzkoa) eta baita Sestaorako ere (Bizkaia).
Deialdia bateratua izanik, Zupiriak Ertzaintzaren eta udaltzainen arteko lankidetzari erreparatu dio, eta biak «koordinatuta» aritzeari garrantzia eman: «Azken urteotan ertzainen eta udaltzainen arteko koordinazioa hobetzeko egindako urratsak indartzen jarraituko dugu». Azaldu duenez, Arkautiko akademian landuko dute auzi hori, «elkarbizitza» sustatzeko asmoa baitute, baita «etengabe» aldatzen diren erronkei eta mehatxuei erantzuteko prestaketetan sakontzekoa ere.
Apraizek ere deialdiaren garrantzia nabarmendu du, ezinbestekoa delakoan «udaltzaingoetako langile taldeak indartzeko, belaunaldi arteko erreleboa errazteko eta udalerrien beharrei erantzuna emateko». Haren hitzetan, segurtasuna da alkateen lehentasunetako bat.
Bihartik aurrera martxan
Hautaketa prozesuari berehala ekingo diote: urriaren 30ean irekiko dute izena emateko epea, eta hautagaitza aurkeztu nahi dutenek azaroaren 26ra arteko tartea izango dute horretarako; zehaztu beharko dute prozesua euskaraz edo gazteleraz egin nahi duten. Era berean, baieztatu beharko dute gutxienez batxilergoko titulua edo baliokidea dutela, 18 eta 38 urte artean dituztela, eta lortu asmo duten postuari lotutako baldintzak betetzen dituztela.
Prozesuak bi fase izango ditu. Lehena, oposizio fasea. Hartan, bost proba gainditu beharko dituzte hautagaiek: bi azterketa psikotekniko —horietako bat funtzioari dagozkion gaitasunei lotua—, ezagutzei lotutako beste bat, gaitasun fisikoko proba bat eta elkarrizketa pertsonal bat.
Bigarrena «lehiaketa fasea» izango da. Hartan, merezimenduak baloratuko dituzte, hizkuntza eskakizunak barne. Hala, oposizioaren fase guztiak gainditzen dituztenak praktiketako funtzionario izendatuko dituzte, eta bederatzi hilabeteko ikastaro bat egingo dute Arkautiko akademian. Horren ostean, praktikaldia hasiko dute.